"Behar duen lehentasuna eman behar zaio minbiziari"
Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteak minbiziari aurre egiteko "batasunak" duen garrantzia azaleratu du. Adierazi dute minbiziaren aurka egiteko "oso garrantzitsuak" direla prebentzioa, arreta eta ikerketa.
Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, eta Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteak herritarrez osatutako lazo berde bategaz ikusarazi nahi izan du gaitza. Hain zuzen ere, minbiziak eta horren eraginez sortzen diren desberdintasunen aurrean batasunak duen garrantzia azaleratu dute.
Gaur gaurkoz, minbizia da munduko arazo soziosanitario nagusia. Etxe askotan dagoen gaitza da, eta hitza entzuteak ezinegona sortzen du. Datuak dira horren erakusgarri, izan ere, heriotzen laurdenak tumoreek eragindakoak izaten dira gutxi gorabehera.
Gaurko Bermeoko ekitaldian jakinarazi dutenez, 2030erako 21 milioitik gora kasu berri diagnostikatzea aurreikusten da. Hau da, bi gizonetik batek eta hiru emakumetik batek gaixotasun hori izan dezakete. “Zehazki, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 16.000 minbizia kasu baino gehiago izango dira, eta horietatik 8.600 baino gehiago Bizkaian diagnostikatuko dira”, adierazi dute. Datu horiek agerian uzten dutela gaixotasunaren “handitasuna” diote.
Horregatik, indarrak batuta, behar duen “lehentasuna” eman gura izan diote minbiziari Bermeoko taldekoek. Hain zuen ere, 2030erako erronka handia jarri dute: minbiziaren biziraupenaren %70era ailegatzea, alegia. Gogoratu dute, horretarako, “oso garrantzitsuak” direla prebentzioa, arreta eta ikerketa adierazi dute.
Hori horrela, elkartasunez lan egin beharko dutela diote, bai erakunde zientifikoek, enpresek, gizarte eragileek zein politikariek: “Bat egin behar dugu minbiziaren prebentzioa areagotzeko, programetarako sarbide zuzena gaixo guztiei bermatzeko, ikerketa onkologikoa bultzatzeko eta sustatzeko, pazienteei emaitzak bermatzeko, eta, batez ere, gaixotasunak eragiten dituen desberdintasunak murrizteko”. Horrela bakarrik lortuko dela eurek ezarritako erronka betetzea diote.