Nekazarien nortasuna indartuz
Elikadura burujabetzatik eta prozesu ekologikoetatik abiatuta, Cajamarcako nekazaritza zaintzeko produkzio proiektu bat garatzen ari dira Gernikatik Mundura eta Gernika Gogoratuz.
Kolonbiako Cajamarca herriko nekazaritza ekologikoan jarri dute arreta Gernikatik Mundurak eta Gernika Gogoratuzek. Nekazari komunitateen jakintzak, zaporeak eta esperientziak trukatzeko kolorez betetako gunea sortu dute, Tierra Libregaz, Tolimako Unibertsitateagaz eta Cajamarcako nekazari elkarteekin batera; Asoarracachos, Agrotuanaime, Agromontaña, Asomonita eta Asomuca dira lurra meatzaritza eta kapital transnazionalen aurka defendatzen duten nekazari taldeak.
Elikadura burujabetzatik eta prozesu ekologikoetatik sortu dute nekazaritza zaintzeko produkzio proiektua, eta prestakuntza alternatiba horren bidez, nekazarien kultura eta nortasuna indartu gura dituzte, baita erakundeen arteko harremanak eta lurraren zaintza sendotu ere. “Trantsizio agroekologikoaren bidez, elikadura subiranotasunaren eta eragin politikoaren alde eginez, lurralde sareak eta herrien elkartasuna sendotu gura dira”, azaldu du Sara Nicholson proiektuaren bultzatzaile eta Gernikatik Mundurako kideak. “Ez da edozein eredu”, elikadura burujabetza gauzatzen duen ereduak herrian dinamika «oso» bat sortzeko aukera sortzen baitu, zirkulu ekonomiko familiarra sendotzeko.
Gatazka egoeran dauden lurraldeak proiektutik abiatzen da proiektu hau. Azken fasean bost lurralde zeuden, tartean Kolonbiako Tolima, eta bertako unibertsitateagaz bost urteko lanketa egin zuten. Hala, Cajamarca multinazional handiengandik babesteko prozesu sozial, politiko eta kultural bat garatzea erabaki zuten; izan ere, meatzaritza enpresa handiek Cajamarcako lurrak erosi gura dituzte. Herritarrek “tinko” eutsi diote beren nekazari izateari, eta ez dute meatzaritza bertan sartzen utzi. Beraz, Cajamarca Kolonbiako estatuko “erreferente” bat dela dio Nicholsonek, “hainbat gatazkaren ostean lortu dutelako meatzari handiei ezetza ematea, ura babestea eta euren izate nekazaria babestea”.
“Nahiz eta multinazionalei ezezkoa eman, kapital transnazionalak modu asko ditu lurraldean sartzeko, eta zentzu horretan, meatzari enpresa horiek ez dira herritik joan. Ez dute meatzaritzan hasteko baimenik, baina erosi egin dituzte herriko komertzioak, bulegoak eta lur zatiak. Jendeari lana ematen ari dira, herria hartzeko asmoz”, azaldu du proiektuko kideak.
Gogoratu du meatzari handiak geldituta daudela gaur gaurkoz, baina hori gobernu aldaketa batek alda dezakeela: “Meatzari handiei gelditzeko, Cajamarcan meatzari handiak ez sartzearen legea lurralde eskeman onartu beharko litzateke, eta oraindik ez da hori gertatu, administrazio prozesu asko igaro behar direlako. Politikarien aldaketa bizkorragoa da. Asko landu dugun arazoa da, eta eskema hori herriak idaztea lortu dugu, herritarren ikuspuntuak jasoz: perspektiba agroekologikoak idatziz, baita perspektiba geologiko espezifikoak –Cajamarcaren leku geografikoa oso konplexua da, gune bolkaniko batean dagoelako– edota genero perspektibatibak ere”. Proiektuak lagundu egin du prozesu politiko hori gauzatzen, baita intzidentzia politikoa bultzatzen eta herritarren arteko elkarrizketa guneak sortzen ere.
Ahuakate produkzioa
Eskema aldaketa hori garatu artean, kapital transnazionala beste era batera lurraldea hartzen ari dela dio: ahuakatearen bidez. “Herritarren lurra erosten ari dira, eta jada ia 3.000 hektarea lortu dituzte HASS markako ahuakatea esportatzeko. Enpresa handiek dirutza eskaintzen diete nekazariei, eta askotan saldu egin dute. Izan ere, pandemia aldian biderkatu egin dira saldutako lurrak. Saldu ez arren, euren lurretan aguakatea sartu dute askok”. Izan ere, pandemian “bizitasun handia” izan duen diru mugimendua edo lurralde propietateen mugimendua izan dela gaineratu du; dioenez, horrek agerian utzi du herriak parte hartzeko espazioak eta tresnak izateko beharra: “Bizitza zaintzeko alternatibak sortzen ari gara han, baina nahitaezkoa zen proiektu produktiboa egitea”.
Hori horrela, nekazari agroekologikoentzako aukera bat sortzea bilatu dute, “ahultzen egon den” nekazaritza indartzeko. Baina bizitza zaintzen duen nekazaritza eredua lantzea erabaki zuten, lurrak eta urak ongarriz ez kutsatzeko. “Ongarri eta kimiko asko erabiltzen dituzte, lurra eta ura kutsatuz. Hori ere arazo bihurtu da”. Proiektuak hiru alde ditu: nekazarien eskola agroekologikoa, ekoiztutakoa saltzeko metodoak garatzea eta intzidentzia politikoan eragitea.
Eskola eredu bat sortzea otu zitzaien: “Eskola deitzen diote, baina trantsizio agroekologikoa ziurtatzeko espazioa da. Ikasten dute ongarriak ordezkatu, eta produkzioan kapitalismoak sortzen duen erritmo frenetikoa zalantzan jartzen”. Denborak ulertzeko gunea da. Urak nondik doazen eta zelan zaindu daitezkeen ulertzeko tokia. “Esportazioek ezarritako presioaren menpean ari dira lanean. Euren jakintza zaharrak alde batera utzi behar izan dituzte, euren ekonomia mantentzeko”.
Arlo horretan, esportazioei dagokienez, Euskal Herrian eragitea ere bilatzen dute, euskal herritarrek euren kontsumo ereduak zalantzan jartzea, alegia. “Proiektua zubi bat sortzeko bidea da, non zalantzan jartzen dugun esportazioa, eta batez ere gure kontsumo eredua”. Azaldu du Kolonbiaz kanpoko kontsumoak “asko baldintzatzen” duela hango errealitatea.
Ahuakatea osasunerako “oso ona” dela jakin arren, perspektiba gobal batetik aztertuta, “ez dela horren osasuntsua” dio Nicholsonek: “Horri buruz hausnartzea zaila da, kontsumoak pisu kultural handia daukalako. Eta kapitalismoaren eta neoliberalismoaren helburuetako bat hori da, kulturen bitartez edo informazio askoren bitartez, gure kontsumoa bideratzea”.
Ekoitzitako saltzeko metodoak ere garatzen ari dira, eta horretarako merkatuak antolatzen dituzte herrian zein hirian. Ibague hirian, kontsumitzaile arduratsuekin eta elikadura burujabetzaren babesleekin sareak sortzea ari dira. Halaber, intzidentzia politikoa sortu gura dute, elikadura burujabetzaren apustuari eusteko. 2021eko hasieran hasi ziren proiektua idazten, eta gaur gaurkoz, amaiera fasean dago. Hori amaitzeko, Cajamarcako nekazari emakume bat hurreratuko da Euskal Herrira; ziur aski, Gernika Gogoratuzek antolatzen duen Ekonomia eta Bakea jardunaldietan egongo da.
Bere esperientziatik, Nicholsonek dio “oso gutxigaz prozesu bat asko indartu” daitekeela: “Ez da gutxi egiten ari garena, helburuak handiak dira, baina proiektuak hainbat hausnarketa ekologiko eta politiko bideratu dituela ikustea garrantzitsua da. Ez da bakarrik nekazaritza kontua, euren praktiken eraginak zelako emaitzak dituen aztertzea da, eta horri buruzko gogoetak egiteko guneak sortzea”.
Aurrera begira
Proiektuaren asmoetako bat merkaturatze bideak lantzea izan da. “Batzearen indarrean oinarritu da proiektua, nekazarien artean harremanak hobetzean, sortzean eta antolatzean. Hori garrantzitsua da ereingo dutena adosteko, planifikatzeko eta merkatuetan denetariko produktuak aurkezteko. Batzeko espazioekin eta aldarri politikoak sortzeko bideagaz segitzea garrantzitsua da”. Proiektuagaz aurrera jarraitu gura dute: “Munduan eraldaketa bat bultzatzeko, garrantzitsua da administrazioek borondatea izatea eta horrelako proiektuetan parte hartzea. Uda-
lagaz lanean segitu gurako genuke aurrerantzean ere“.
Hurrengo fasean indar handiagoa jarriko dute monolaborantzaren inpaktuan: “Lurraren ongizatea eta gizartearen bakea mehatxatzen dituen praktika da. Horri buruzko hausnarketa erne gura dugu, bizi eredu eraldatzaileak sortzeko bideari jarraituz”.