Etorkizuna, oholtza gainera
SutAM lau neska gernikarrez osatutako taldea da, Iparragirre Rock Elkarteko gazteenetakoa. Rocka eta popa nahasten dituzte, beren erregistro propioa sortuz.
Gazteria prest dago musika tresnak eskuetan hartu eta oholtza bere egiteko. Horren adibide argi eta garbia da Gernika-Lumoko SutAM musika taldea. Lau neska gaztez osatuta dago, eta egin dituzte jada beren estreinako agerraldiak. Egun, Iparragirre Rock Elkarteko talderik gazteenetakoa da, Kolpekagaz batera, eta eskualdeko eszenak agertzeko prest daude.
Ane Mei Aspiazu Etxeandia, Carla Piercey Gonzalez, Maite Albizu Olazar eta Garazi Arriaga Abaunza dira egun taldea osatzen duten lau kide gernikarrak. Azaldu dutenez, SutAM institutu sasoian, 2020an, ernaldutako hazia da. Arriaga, Aspiazu eta Albizu kargutu ziren beren interesek, kezkek eta ilusioek puntu amankomun batean bat egiten zutela: musikan. Orduan egin zituzten gerora SutAM bilakatuko zenaren lehen urratsak. “Beste hainbeste talde bezala, bertsioak egiten hasi ginen, eta bertsio haiek sare sozialen bitartez zabaltzen”, argitu du Aspiazuk. Jarraian batu zitzaien Arriaga ere. Dena dela, proiektua gorpuzten joan ahala, konturatu ziren, “soinu trinkoagoa” lortzeko, beharrekoa zutela baxu-jotzaile bat topatzea. Orduantxe jo zuten Pierceygaz, adiskide amankomun baten bidez; azken hura segituan moldatu zen taldearen dinamiketara, eta egungo formazioa abiatu zuten.
Elkartearen 20. urtemugako bilduman dago beraien abesti bat: Geratu Hemen
Musika etxetik jaso dute kideetako batzuek. Pierceyk, esate baterako, herriko musika eskolan ikasi zuen; gainera, herriko bandan ibilitakoa da, baina, bere arabera, “instrumentazio hura ez zen talde bat sortzeagaz oso bateragarria”. Hori dela eta, “eta aitarengandik jasotako jazz hezkuntza tarteko”, hautatu zuen baxua. Aspiazuk ere pareko bidea jarraitu zuen: “Gitarra klasikoa jotzen irakatsi zidaten, baina elektrikoaren distortsio eta energia ezagutu nituenean, ate bat zabaldu, eta musika talde bat sortzea paregabea litzatekeela iruditu zitzaidan”. Albizuk, ostera, ahizparen pausoak jarraitu zituen, trikitia jotzen ikasiz; gerora, piano-jotzaile ere aritu zen eta, orain, ahotsa jartzen dio taldeari.
Biodibertsitate musikala.
Kideetako bakoitzaren sustraiak hain bestelakoak izanda, beren erreferentzia musikalak ere askotarikoak dira. Aspiazuk Euskal Herriko punk eszena bertatik bertara jarraitzen du: “Toc edota Lukiek moduko taldeen soinuak asko erakartzen nau”. Albizuk, berriz, talde anglosaxoiak ditu maite. Pierceyren musika zaletasunek bidaia egiten dute: “The Who edota The Beatles moduko taldeetatik abiatuta eta 80ko hamarkadara arte, besteak beste”. Aniztasun musikal horrek guztiak, diotenez, “aukera pila bat” zabaltzen dizkie sortzerakoan: “Konposatzean, abestiei rock puntua, pop kutsua edo bestelako ukituak sartzea ahalbidetzen digu”. Gaur-gaurkoz, beren kantak sortzeko prozesuan bete-betean sartuta daude, baina oraindik beren hastapenei, bertsioak txandakatzeari, ez diete muzinik egiten: “Ikusi gaituzten askok eta askok esan digute Girl in Red taldearen antza daukagula, eta, hain zuzen, bertsionatzea maite dugun taldeetako bat da”.
Astran sarritan jo izan dute, baina emandako kontzertuetako bat agertoki berezi-berezia izan zen: Astra Iluntzeak udako egitasmoaren barruan aritu ziren jotzen. Emanaldi hartan, gainera, Piercey baxu-jotzaile modura estreinatu zen. “Urduri samar ibili nintzen, eta zenbait akats egin nituen, baina ondo elkar ulertu genuen”. Horrez gain, Iparragirre Rock Elkartearen 20. urteurreneko bilduman parte hartu du SutAMek, elkartekide diren heinean. Bilduma horretan, hain zuzen, familia handi horretako hamabost taldek parte hartu dute, abesti banagaz. SutAMekoek Geratu Hemen izeneko abestia plazaratu dute. Maitasuna eta desamodioa lantzen dituen kanta dela diote, eta Jon de La Fuentegaz grabatu dute, entsegu lokalean bertan. Lokal hori Nebbian eta Labana taldeekin elkarbanatzen dute. Aho batez diote herri mailan duten erreferente esanguratsuena lokaleko kide dutela: Labana eta Feline taldeetako Ainhoa Unzueta. “Hark erakutsi zigun elkartea, eta uneoro laguntzeko prest agertu izan da”.
Bertsio bi grabatuko dituzte, eta beraien abestiak lantzen segitzeko asmoa dute
Inguruko emakumeek musika arloan duten presentziaz galdetuta, “gura baino murritzagoa” dela adierazi dute. Aspiazuk Astran egindako bertsio gaua nabarmendu du: “Hainbat emakume ikusi nituen taula gainean, eta horrek izugarri poztu ninduen; dena dela, gutxienak dira musika modu serioagoan edota luzarora begira planteatzen dutenak. Hori zergatik pasatzen den ikusi beharko litzateke, oso esanguratsua baita”.
SutAMek kontzertua eskaini zuen 20. urteurreneko bildumaren aurkezpenean. “Estreinaldi oso berezia” izan zen, eta taldeak bere burua aurkeztu zuen Iparragirreko guztien aurrean. Egun hari dagokionez, “izugarrizko presioa igarri zutela” diote kideek. “Guk geuk ipini genion presioa geure buruari, ez beste inork; izan ere, musikaz pila bat ulertzen duen hainbeste pertsonaren aurrean jotzeak egundoko bertigoa eman zigun”.
Hori bai, bikain amaitu zuten gaua: «Jendeak zoriondu egin gintuen eta, batez ere, hainbat gomendio jaso genituen. Kontzetua hasi orduko ere, bertan zeudenak uneoro prest agertu ziren soinuagaz eta bestelakoekin laguntzeko. Oro har, estreinaldi bikaina izan zen elkartean». Aurrerantzean edukiko dituzten jomugei helduta, lehenengoa argi dago. “Bertsio bi grabatuko ditugu: bata, Girl in Reden Bad idea; bestea, Manneskinek The Killersi bertsionatutako Somebody told me“, azaldu du Pierceyk. Hortik aurrera, beraien abestiekin beharrean segitzea eta “udara begira horiek grabatzea” daukate helburu gernika-lumotarrek.