URAk eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak hitzarmena sinatu dute, Busturialdeko hornidura obrak egiteko
Lanek 2,3 milioi euroko balioa dute, eta 2025era arte luzatuko dira. Busturialdean "baliabide hidrikoaren egiturazko defizita" dagoela diote, eta horri irtenbidea emateko 15 km-ko hodi baten bidez Zadorrako ur sistemara konektatuko dute Busturialdea.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko Kepa Odriozola presidenteak eta Uraren Euskal Agentziako (URA) Antonio Aiz zuzendariak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur (otsailak 2) Gernika-Lumon, Busturialdeko hornidura azpiegiturak hiru urtetan egikaritzeko. Lanok 2.337.204 milioi euroko kostua izango dute, eta Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresillientzia Planaren esparruan egingo dira, eta, zehaztu dutenez, Next Generation funtsen diru laguntzarekin ordainduko dira. Zenbateko horren %80 URAk ordainduko du, eta gainerako %20 BBUPek.
Gogoratu dutenez, 2020an onetsi zuten Lurralde Jarduketa Planaren arabera, baliabide hidrikoaren egiturazko defizita dago eskualdean, 100 l/s-tan ezarritakoa, eta udako hilabeteetan lortzen ez dena; izan ere, eskualdeko baliabide hidrikoen –ibai, iturburu eta akuiferoak– menpe dago. Hori dela eta, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak dio “berme handienak” ematen dituen irtenbidea dela 15 kilometroko hodi baten bidez Zadorra sistematik datorren ur sistemara konektatzea. “Horrela, udako hilabeteetan aipatutako defizita konpentsatuko litzateke. Nolanahi ere, oso proiektu handia da, koplexutasun tekniko handikoa, eta inbertsio oso handia ekarriko duena, bai ekonomikoki, bai denborari dagokionez”, adierazi du partzuergoko presidenteak.
Proiektu hori bost urtetan amaitzea aurreikusi dutela dio Hector Orbe BBUPen ordezkari teknikoak. “Busturialdea BBUPen sartu zenean, lehenik eta behin, bertako sistemara edateko ura ekartzeko behin betiko konponbiderako laguntza teknikoa eta ingeniaritza kontratatu genuen. Orain, aukerak lantzen eta idazten ari gara, eta izapide guztiak bete ostean, bost urte barru gutxigorabehera, uste dugu Busturialdea eta Zadorra konektatuta egongo direla”, adierazi du.
Bitartean, uda lehor bat errepikatuz gero, Odriozolak dio posiblea dela iazko irudiak errepikatzea: “Egia da joan den urtean ezohiko neurri bat hartu behar izan genuela, itsasontzian ura Bermeora eroanez. Hori eskualdeko jarduera ekonomikoa bermatzeko asmoz egin genuen, baita herritarren ur hornidura ez eteteko ere. Une honetan, neurriak aztertzen ari gara, baina ez dugu baztertzen agertoki hori berriro errepikatzea. Ikasten ari gara, baina oso litekeena da errepikatzea, hala ere, ezin dugu baieztatu”.
Ur horniduraren “egiturazko gabezia” horri aurre egiteko Bilboko partzuergoaren kudeaketak “emaitza positiboak” eman dituela dio URAren zuzendari nagusiak, “uda gogorra eta zaila” izan dela kontuan hartuta: “Egoera delikatu batetik abiatzen gara, eta ez bakarrik hornidurari dagokionean, saneamenduan ere bai, baina gure administrazioetatik konponbideak bilatzen ari gara. Esfortzua eta aurrekontua bideratzen ari gara egiturazko gabezia hori murrizteko”.
Zehaztu dutenez, “bost urte igaro arte” ez da azpiegitura hidrauliko handi hori martxan jarriko, hortaz, hurrengo hiru urteetan egoeraren araberako irtenbideak hartu eta obra txikiagoak egin beharko dituztela diote, urte osoan zehar herritarrentzako hornidura ziurtatzeko, eta, betiere, “eskualdeko berezko baliabideak errespetatzeko”.
“Eraginkortasun eta koherentzia arrazoiak argudiatuta, ez diogu inondik inora utziko zonaldeko ibaiak, akuiferoak eta iturburuak erabiltzerari; hala ere, Uraren Euskal Agentziaren betekizunen arabera, ur mailak errespetatzeko bermeak ezarriko dira, eskualdean hain garrantzitsua den biodibertsitatea eta ekosistema zaintzeko”, adierazi du Odriozolak.
Hiru arlotan banatuta.
Gaur sinatutako hitzarmenaren kargura egingo diren jarduerak hiru arlotan banatu dituzte: egungo hornidura instalazioak hobetzea (milioi bat euro baino gehiagoko balioa daukana), herritarrei zerbitzua emateko baliabide berriak gehitzea (350.645 euro), eta biltegietan eta banaketa sareetan hobekuntzak egitea (963.464 euro hiru urtetan).
Hori horrela, hornidura beharrari dagokionez, edateko uren tratamendutegi batzuk hobetuko dituztela diote. Horretarako, baina, adierazi dute “nahitaezkoa” izango dela hornidura elektrikoa optimizatzea, hurrengo jarduketen bidez: goi eta behe tentsioa hobetzeko jarduketak egitea, ekipo elektrogenoak jartzea eta instalazio elektrikoak egokitzea, lamelak aldatzea, dekatagailuak hobetzea eta biltegiak berritzea.
Herritarrak hornitzeko baliabide berriak barne hartzea ere aurreikusten dutela diote, “baliabide hidrikoaren egiturazko defizitari aurre egiteko. Horretarako, osasun araudiak bermatzen duenean, orain arte erabili gabeko harguneak birgaitu eta beste jatorri batzuetako baliabideak erabiltzea aurreikusi dute.
Hainbat urteko programa horren baitan, banaketa sarean hobekuntzak egitea ere aurreikusi dute, “eskuragarri dagoen errekurtsoa babesteko asmoz”. Ildo horretatik, eskualdeko hornidura sareak hobetzeko jarduerak barne hartu dituzte: “Hodietako ihesak murriztea da helburuetako bat, baliabidearen erabilgarritasuna handitzeko asmoz. Halaber, sistemaren haustura kopurua murriztu gura dugu, ihesak, lan karga eta erabiltzailearengan duen eragina hobetzeko. Kanalizazio zaharrak kendu eta langileentzako seguruagoak diren materialekin egindako kanalizazioak jartzea ere gure asmoa da”.
Zehaztu dutenez, jarduera horietako bat izango da Golako hodia aldatzea, baita hainbat eroanbide aldatzea ere: Ajangiz, Gautegiz Arteaga, Bermeo, Busturia, Ea, Gernika-Lumo, Mendata eta Muxika.
URAren zuzendari nagusiak nabarmendu du Busturialdeko horniduraren kudeaketan egingo diren hobekuntzei esker, uraren erabileraren “efizientzia handituko” dela: “Eskualdearen erresilientzia handituko da prezipitazioen aldaera naturalaren aurrean. Gainera, urte osoko hornidura bermea handituko da, eta zati batean murriztuko da eskualdeko ur harguneekiko presioa, ahalik eta Zadorrako sistematik baliabide berriak jasotzeko aukera dagoen arte”.
Halaber, Busturialdeko saneamendu kolektorea osatzea dute helburu, Muxika eta Gernika arteko kolektore zatia baita saneamendua osatzeko falta den pieza. Aitziber Urkijo partzuergoko proiektu eta obren arduradunak dio Muxika eta Ajangizko ponpaketa estazioaren arteko proiektua idazten ari direla. “Eskualdeko kolektore orokor horretatik falta zaigun tarte bakarra da. Kolektore hori egin ondoren, eskualdeko ur zikinak Lamiarango araztegian bilduko dira”, aitortu du, eta adierazi du proiektua urte amaierarako idatzita edukitzea espero dutela. “Ingurumen izapideei, lurzoruen kudeaketari eta abarri dagokienez, izapide horiek egin ondoren lizitatuko dira obrak”, gehitu du.