Herritarrekin osatutako lazo berde erraldoia irudikatu gura dute zapatuan
Minbiziaren aurkako Nazioarteko Egunean, Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteak Lameran egingo du lazo erraldoia, 13:00etatik aurrera.
Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna da otsailaren 4a (zapatua), eta aurten Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteak modu desberdinean ospatu gura du. Hala, herritarrez osatutako lazo berde erraldoi bat osatzea dute helburu. Hain zuzen ere, minbiziak eta horren eraginez sortzen diren desberdintasunen aurrean batasunak duen garrantzia ikusarazi gura dute.
Zapatua izanik, Minbiziaren aurkako Nazioarteko Egunean bertan irudikatu gura dute lazo berde erraldoia. Lameran batzeko deialdia egin dute 13:00etatik aurrera. Jakitera eman dutenez, antolatzaileek zapi berdeak banatuko dituzte bertaratutakoen artean. Ekitaldi horren bidez, 2030erako jarri duten “erronka handiaren” berri eman gura dute; izan ere, minbiziaren biziraupenaren %70era iristeko erronka jarri dute. Hori betetze aldera, elkartearen ustez, “oso garrantzitsuak” dira “prebentzioa, arreta eta ikerketa”.
Gogora ekarri dute Guztiok Minbiziaren Aurka izeneko ekimena Interes Publiko Bereziko Gertakaritza izendatu zutela 2022an, Espainiako Gobernuko Ogasuneko, Funtzio Publikoko eta eta Osasuneko Ministerioek. Hala, Minbiziaren Aurkako Elkartekoek gizarte osoa mobilizatu gura dute, erakunde zientifikoak, mota guztietako elkarteak… horiek guztiak parte hartzera deituta.