Emakumeen lana balioan jarriz, 'Geu be bagara' egitasmoa
Itsasoari eta portuari lotutako lanetan dabiltzan 20 emakumeren testigantzak batu dituzte, horietatik lau Bermeoko emakumeenak dira.
Emakumeek itsasoaren munduan izan duten garrantzia nabarmentzeko egitasmoa sortu du Labayru Fundazioak, Akaitze Kamiruagak gidatuta: Geu be bagara. “Euren ogibideak eta egiten duten lana ezkutuan geratu dira; ikusgarritasunik eta aitortzarik gabe”. Ikerketa abiatu eta saregile, neskatila, enpakatzaile, arrain saltzaile, arrain fabriketako langile, armadore eta enpresa andreen testigantzak jaso dituzte.
Bizkaiko kostaldeko herrietan burutu dute ikerketa, Ondarroan, Lekeition, Bermeon, eta Santurtzin. Guztira hiru belaunalditako 20 lekukoren testigantzak batu dituzte, horien bidez, “itsaso eta portu inguruan beharrean ibili diren andreei aurpegia jarriko diegu, eta eurak izango dira beste guztien ordezkari, ahotsa eta irudia”. 20 testigantza horien artean daude Maria Uriondo, Ainhoa Vasco, Lourdes Arrizabalaga eta Rosa Mari Garamendi bermeotarrenak.
Ikusteko aukera. Jasotako edukiak euskarri bitan argitaratu dira, alde batetik, liburua argitaratu dute. Bestetik, hamabi ikus-entzunezko labur sortu dituzte eta ikusgai daude lotura honetan.