Birziklapena, jomuga
Hondakinen bilketarako sentsibilizazio kanpaina egingo dute gaurtik otsailaren 10era, Ean. Informazio puntuak eta berbaldiak egongo dira Natxituan, Bedaronan eta Ean.

Eako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz, hondakinen bilketarako sentsibilizazio kanpaina ipini du abian. Informazio puntuak eta berbaldiak dira gaurtik otsailaren 10a bitartean egingo duten egitasmo horren ardatza. Ea, Bedarona eta Natxituan egongo dira guneok eta hitzaldiok.
Ekimenaren jomuga nagusia, Iratxe Arriola Eako alkateak adierazi duenaren arabera, herritarrekin birziklapena eta jasangarritasuna “bertatik bertara lantzen jarraitzea” da. Arriolak argitu du “duela zazpi bat urtetatik” egiten ari diren lanketa prozesuagaz bat egiten duela kanpaina horrek. Izan ere, herriko hondakinen zati handi bat, konposta, herrian bertan tratatzen dute, Bedaronako araztegian. Orain, aldiz, gainontzeko material moten tratamenduari ere ekin gura diote, organikoaz gain.
Arriolak zehaztu duenez, informazio puntuetan birziklapen prozesua egokitasunez zelan egin irakatsiko dute Vermican enpresako adituek. Norbanakoez gain, “ekoizle handiagoei” zuzenduta dago, batik bat, herriko komertzioei, eskolari edota enpresei. Kanpainaren barruan, gainera, herrian difusioa ere egin dute: “Herritarrek telefonoz nahiz gutun bidez jaso dute kanpainaren inguruko informazioa”. Udalerriko hiru herriguneetan ipiniko dituzte informazio puntuak.

Argazkia: Natxi Aranburu.
Horrez gain, eremu bakoitzeko hainbat lekutan egongo dira. “Helburua herritarrek sentsibilizaziorako informazioa ahalik eta toki gehienetan eskuragarri edukitzea da, eta horretarako erraztasunak eman gura dizkiegu”, azaldu du alkateak. Hori horrela, gaur, informazio puntua eta hitzaldia Natxituak hartuko ditu; barikuan, ostera, Bedaronan egongo dira; datorren asteko eguenean eta barikuan, berriz, Ean.
Datuak, lagun.
Arriolak adierazi du azken urteetan Eako herritarren birziklapen ohiturek “etengabe hobera” egin dutela, eta azken urteotako datuak “horren erakusle argi eta garbiak” direla. 2019tik 202ra, eatarrek sortutako errefusa kopurua, esate baterako, %6 jaitsi zen, hau da, 242 tonatik 228 tonara. Paperaren sailkatze egokiaren datuak ere positiboak dira: %23 igo da azken urteotan. Plastikoaren birzikaplena ere bide onetik doa: %79 igo da birziklapen kota.
Dena dela, alkateak “hobetzeko tarte handia” dagoela adierazi du: “Elkarlana egiten dugun enpresetako beharginek azaldu izan digute oso begibistakoak diren akatsak ikusi dituztela, hala nola, organikoa eta papera nahastea. Tankera horretako hankasartzeak ekiditeko eta nahasgarriagoak diren birziklapen auzietan laguntzeko balioko du kanpainak”.
Hondakinen bilketarako sentsibilizazio kanpainako saioak.
HITZALDIAK:
- Otsailak 1 (eguaztena). Natxituko Bolatokian, 18:30etik 19:30era.
- Otsailak 4 (zapatua). Bedaronako Txokoan, 12:00etatik 13:00etara.
- Otsailak 9 (eguena). Eako Beletxe Elkartean, 19:00etatik 20:00etara.
- Otsailak 10 (barikua). Eako Eskolondon, 19:00etatik 20:00etara.
INFORMAZIO PUNTUAK:
- Otsailak 1 (eguaztena). Natxituko Haizeder Eskolan, 15:30etik 18:30era.
- Otsailak 3 (barikua). Bedaronako frontoian eta karpan, 15:30etik 18:30era.
- Otsailak 9 (eguena). Eako Eskolondoko arkupean, 16:00etatik 19:00etara.
- Otsailak 10 (barikua). Eako udaletxe azpian, 16:00etatik 19:00etara.