Bilboren ostean, Busturialdea izan da turistek gehien bisitatu duten eskualdea
Bizkaiko eskualde guztiek hobetu zituzten iaz, 2021eko bisitari datuak, nahiz eta kasu gehienetan ez diren 2019ko bisitari mailara ailegatu. Turistek egiten duten bataz besteko gastua %62,8 handitu da 2019an egiten zutenarekin alderatuta, 833 eurokoa izanez.
Bizkaiko Turismoaren Behatokiak 2022an jasotako eta Ekonomia Sustapeneko diputatu Ainara Basurkok eta Lurralde Lehiakortasun eta Turismo zuzendari Cristina Mugicak gaur aurkeztutako datuen arabera, Bizkaiko eskualde guztiek hobetu zituzten iaz, 2021eko bisitari datuak, nahiz eta kasu gehienetan ez diren 2019ko bisitari mailara ailegatu. Pandemia aurreko urtearen aldean, turista datuak ez dira igo Lea-Artibai eta Busturialdean, soilik hazi dira Durangaldean (%16ko igoera), Bilbon (%8,69), Portugaleten (%8,34) eta Getxon (%1,15).
Hala ere, iazko bisitarien fluxuen banaketari dagokionez, Busturialdea izan da, Bilboren ostean, turistek gehien bisitatu duten lekua; hain zuzen ere, bisitarien %88,2k bisitatu du Bilbo, eta %68,1ek Busturialdea. Horien %62,6k bisitatu dute Ezkerraldea, %60,9k Eskuinaldea, eta %34,6k, berriz, Lea Artibai.
Bisitarien profilari dagokionez, 47,2 urteko pertsonak dira, gehien bat bikotean bidaiatzen dutenak. Zehaztu dutenez, “gehienek”, hoteletan ostatu hartzearen alde egiten dute: %77,1ek. Bisita kopuruari dagokionez, berriz, hirutik bik (%67,9) errepikatzen dutela diote datuek, baita bisitarien %31,2 direla hiru edo bost aldiz bertaratzen direnak ere.
Espainiako estatuaz kanpoko herrialdeetatik etorritako turisten kopuruak gora egin du 2021ekoagaz alderatuta (%140,20), pandemia aurreko urtekoen “oso antzeko” mailatan baitaude.
Jarduera kulturalak (%96,8), gastronomikoak (%95,6) eta kaleko pasealekuak (%92,6) dira, Bizkaiko turisten artean jarduera protagonistak, eta Bizkaiko Turismoaren Behatokiak adierazi du hori dela bisitarien “ohiko” jokabidea. Kultura intereseko zentroak dira bisitatuenak, eta ostean daude museoak. Bestalde, pintxoak jatea eta euskal plater tipikoak jatea dira “gehien” egiten diren jarduera gastronomikoak.
Helmugaren balorazioa: 10etik 8,2.
Bisitariek helmugarekiko adierazten duten gogobetetze maila 8,2koa da, eta bertako egonaldiari buruz sortutako itxaropenen betetze maila, berriz, 8,3koa. “Bi aldagaiak oso positiboak dira”, diote. Bereziki garraio publikoaren irisgarritasuna eta mugikortasuna (8,9 puntu) baloratzen dituzte, eta, ostean, ibilbideak (8,1), tabnerka eta jatetxeak (8), eta museo edo zentro turistikoak (7,9).
Turisten gastua: 833.
Turistek egiten duten bataz besteko gastua %62,8 handitu da 2019an egiten zutenarekin alderatuta, 833 eurora ailegatu arte –pandemiaren aurreko urteetan 647 eurokoa zen–, Bizkaiko Turismoaren Behatokiak 2022an jasotako datuen arabera. Pertsona eta egun bakoitzeko batez besteko gastua, beraz, 171 eurokoa da, eta proportziorik handiena ostaturako (74,7 euro pertsonako eta eguneko) eta jatetxerako (52,9 euro pertsona eta egun bakoitzeko) erabiltzen da.
Hala ere, bisitarien bataz besteko gastu osoa desberdina da euren jatorriaren arabera: txikiagoa da Espainiako beste leku batzuetatik ailegatzen direnen artean (820 euro), eta handiagoa Espainiatik kanpokoen kasuan (859,1 euro). Hain zuzen ere, Erresuma Batutik, Frantziatik eta Alemaniatik hurbildutakoek egiten dute gasturik handiena.
Bizikidetza oinarri.
Bizkaitarrek turismoari buruz duten pertzepzioari dagokionez, Turismo Behatokiak galdetutako ia pertsona guztiek (%94,6) diote “harrotasuna” sentitzen dutela. Gainera, %89,1ek uste du bisitarien portaera “ona” dela, %87,7k dio bisitariekiko bizikidetza “bikaina” dela eta, eta “oso positibotzat” jotzen dute turismoak dakarren kultur trukea. Galdetutakoen %98,2k uste du turismoa “onuragarria” dela lurraldeko tokian tokiko ekonomiarentzat, enpresentzat eta enplegua eta negozioa sortzeko aukeratzat.