Organo emaile gehiago lortzea da Mertzede Ikastolako ikasleen helburua
STEAM metodologiaren baitan, organo emaile "gehiago" lortu gura dituzte Gernika-Lumoko Mertzede Ikastolako ikasleek. Euren asmoa bultzatzeko asmoz, kalera aterako dira eguenean.
Zientziak, teknologia, ingenieritza, artea eta matematikako ikasgaiak uztartuz, organo emaile “gehiago” lortu gura dituzte Gernika-Lumoko Mertzede Ikastolako ikasleek. STEAM metodologiaren baitan kokatu dute proiektua, eta euren asmoa lortzeko asmoz kalera aterako dira eguenean. “Herritarrak organo emaile izatearen garrantziaz kontzientziatu gura ditugu”, diote ikasleek, eta herritarrei ikastetxera gerturatzeko gonbidapena egin diete.
“STEAM metodologia osatzen duten arloak garatuz arazo bati irtenbidea ematea da ikasleen helburua”, azaldu du Ager Cuadrado irakasleak. Miriam Olaeta tutorearekin batera ari da zuzentzen proiektua, eta, diotenez, “lan oso koordinatua” da: “Lan oso koordinatua izan da matematikako irakaslearen –ehunekoak eta estatistika landu dituzte–, zientzietako iralaslearen –anatomia gaia jorratu dute– eta nire artean”.
Irakasleak zehaztu duenez, ikasleak dira ikaskuntza metodo horren protagonistak, eurek sortzen baitituzte euren proiektua zabaltzeko eta ezagutarazteko edukiak; hau da, ikasleek eurek ekoizten dituzte proiekturako beharrezkoak diren bideoak, audioak edota informazio kartelak. “Bidean sortzen zitzaizkien zalantzak argitzeko informazioa bilatu dute, eta behar izan dutenetan, laguntza eskatzen jakin dute”, adierazi du irakasleak.
Gogoratu duenez, ikasturte hasieran hasi ziren proiektua garatzen, “zientzien arloa indartzeko asmoz”. Zientziak inglesez ematen dituen ikastetxe hirueleduna da Mertzede Ikastola, eta irakasgai horien edukiak euskaraz landu zituzten, errefortzu modura. “Lehen hiruhilekoan landuko zuten edukia aztertu eta gero, ilusioz onartu zuten erronka”, adierazi du Cuadradok.
Adituen ekarpena.
Ekimena aurrera eroateko, arlo horretan aditua den jendearen laguntza jaso dute ikasleek, eta horrek “asko” lagundu diela diote, izan ere, bi orduko solasaldia izan zuten Basurtuko Ospitaleko transplanteen koordinatzaileagaz, baita Bizkaiko Giltzurruneko Gaixoen Elkarteko kideekin (ALCER) ere. Lehenengo saioan, transplanteei eta horiek behar duten prozesuari buruzko datuak ezagutu zituzten, eta bigarrenean, berriz, organo emaile bihurtzearen alderdi burokratikoaz jabetu ziren ikasleak.
Irakasleak dio “beti jo dutela garrantzitsutzat” ikaskuntzak gizartean duen eragina. Adierazi duenez, “pertsona solidario” eta “ulerberak” hezi gura dituzte, eta organo emaile izateak duen garrantzia helarazi gura izan diete. “Adin guztietako jendea dago organo baten zain, eta, norberaren esperientziatik –giltzurruna transplantatuta dauka–, ez da atsegina. ALCERetik azaldu zigutenez, gaur gaurkoz, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako emaile posibleen artean, hamar familiatik bederatzik oniritzia ematen diote hildako senidearen organoak emateari, beste batzuen bizitzak salbatzeko asmoz”, gogoratu du Cuadradok. Uste du “garrantzitsua” dela eskuzabaltasun horri hezkuntza ingurunetik eustea.