Zesta-puntaren munduarentzat "mugarria": Jai Alai League jaio da
Lehen aldiz, liga bakar batek bilduko ditu Ipar eta Hego Euskal Herriko lau txapelketa nagusiak. Ligak Gernika-Lumo, Paue, Donibane Lohizune eta Miarritze elkartuko ditu.
Zesta-puntan hautsak harrotuko dituen albistea argitara atera da: Jai Alai League sortu dute. Zesta denboraldi osoan zehar egingo dute liga berri hori, urrira arte; tartean, egun Ipar eta Hego Euskal Herrian dauden lau txapelketa nagusiak bilduko ditu: Gernika-Lumoko Jai Alai Winter Series, Donibane Lohizuneko Naziartekoak, Miarritzeko Urrezko Xistera eta Paueko Kopa. Txapelketa Gernika-Lumoko Eraman Jai Alai enpresak, Ipar Euskal Herriko pilotaleku nagusiek eta Pauekoak elkarlanean antolatu dute.
Gaur aurkeztu dituzte ligaren nondik norakoak, Jai Alai frontoian, Winter Serieseko lehen finalaurrekoaren ataritan. Bertan egon dira egitasmoaren sustatzaile nagusiak: Eraman Jai Alaiko Zigor Etxeberria eta Gaizka Muniategi; Donibane Lohizuneko pilotalekuko ordezkari Frédéric Cadet eta Michel Billac; Miarritzeko frontoiko Lilou Etxeberria; eta Paueko pilotalekuko Jean Marc Olharan. Aurkezpen agerraldian azaldu dute txapelketaren sorrera “mugarria” izango dela zesta-puntaren munduarentzat. Zigor Etxeberriak “pauso historikoa” eduki du ahotan: “Aurrekari gabeko urratsa da; bai pilotariek, bai zaleek aspalditik espero zuten».
Ligako txapelketek puntuazio, ranking eta araudi bateratuak edukiko dituzte
Egutegia, bere horretan
Jai Alai Leaguek urte guztiko egutegia edukiko duela aurreratu dute, puntuazio eta ranking bateratu bategaz. Ranking horretako pilotaririk onenak fase amaieran egingo den final four txapelketara sailkatuko dira. Cadetek azaldu du ligan zehar pilotari “ia denak “berberak izango direla: “Txapelketa denetan puntuazio nahiz araudi amankomuna egongo denez, puntista ia guztiak berak izatea espero dugu; bikoteak, baina, aldatzen joango dira batetik bestera”.
Liga berriak, aurreikusi dutenaren arabera, ez du zesta-puntaren egungo egutegiaren egitura larregi aldatuko. Txapelketak, “printzipioz”, egungo datetan egingo dituzte. Dena dela, Gernikako Grand Slama “pixkatxo bat aurreratuko da”. Izan ere, liga amaituta egon beharko da Winter Seriesen hurrengo ekitaldia hasi orduko. Jokatzen ari diren Winter Series, hain zuzen ere, dagoeneko ligako puntuaziorako baliagarria izango da.
Eremu batzuetan arau jakin batzuk egiten dituztenez, ligako lau txapelketek araudi berbera jarraituko dute. Lilou Etxeberriak argitu du hala pilotalekuetara doazen ikusleek, nola partiduak telebistaz ikusten dituztenek “argi eta garbi” eduki behar dituztela arauak eta jokoaren sistema, eta horretarako “nahitaezkoa” dela legedia bateratzea: «Esate baterako, zenbait lekutan, berdinketa hausteko hirugarren seta hamar puntutara lehiatzen dute, eta beste zenbaitetan, berriz, bostera; ligako partiduetan, ikuspuntu bateratua nabarmenduko da, edozein zalantza albo batera utziz».
‘Final four’ txapelketa egingo dute onenen artean, eta liga urri hasieran amaituko da
Jai Alai League Ipar Euskal Herriko Summer League-a sortu ondoren iritsi da. Hain zuzen ere, 2021. urtean Donibane Lohizuneko Nazioartekoak, Miarritzeko Xisterak eta Paueko Kopak zirkuitu bakarra osatu zuten, eta Winter Seriesek horiekin bat eginda sortu da liga berria. Era berean, antolatzaileek ez zuten albo batera utzi etorkizunera begira txapelketa gehiago ligara sartzeko aukera. Liga amaieran rankingeko puntistarik onenekin egingo duten txapelketari dagokionez, oraindik ez dute data zehatzik edota frontoirik zehaztu, baina eman atzo Zigor Etxeberriak eman du zertzeladaren bat edo beste: “Durangoko Ezkurdi pilotalekua joan den astean inauguratu zuten; liga amaierarako agertoki paregabea izan daiteke, esaterako”.
Bestalde, antolatzaileek sakelako telefonorako aplikazio bat ere sortu dute, Official Jai Alai League izenekoa, ligaren gaineko informazio guztia ikusleei modu zuzenean helarazteko. Datozen asteetan egongo da erabilgarri aplikazio hori eta, besteak beste, txapelketetan parte hartuko duten pilotariak, sarreren salmenta edota informazio orokorra edukiko ditu. Horrez gain, puntisten rankinga eta euretako bakoitzaren puntuak ere erakutsiko dituzte.
Ligaren aurkezpen agerraldian egon den Aritz Erkiaga puntista ispastertarra. Egitasmo berriaren sorreragaztik “oso pozarren” agertu zen, eta urrats hori egiteko “unerik egokiena dela” adierazi. Zaletuak eduki ditu ahotan aurrelariak: “Orain arte, txapelketak modu isolatuan lehiatu ditugu; orain, bateratuta, ikusleak aukera edukiko du puntistak modu jarraituan segitzeko, beste kiroletan bezala”.
Telebista eskubideei buruz
Antolatzaileek ez dute aurreratu liga eskainiko duen telebista zein izango den. Cadetek adierazi du Hego Euskal Herriko partiduak eskaintzen dituen EITB eta Ipar Euskal Herrikoak eskaintzen dituen Canal+ “negoziaketan” ari direla. Auzi hori, beraz, “zehazteke” dago.
Eraman Jai Alaiko ordezkariek, horrez gain, Pro Am txapelketak sendotzen jarraitzeko hautua berretsi dute gaur. Aurten estreinakoz antolatu dute Winter Pro-Am txapelketa, Berriatuko Mendibarren frontoian egin dena. Helburua, argitu dutenez, “harrobia eta formakuntza sustatzen jarraitzea” izango da. Ipar Euskal Herrian, ildo horretan, egonkortuta daude profesionalak eta amateurrak nahasten dituzten lehiaketak, eta egonkortasun hori lortu gura dute, hain zuzen, Hego Euskal Herrian.