Bertoko espezietako 78 zuhaitz landatuko ditu udalak Santa Luzian
Udalak ingurumena leheneratzen jarraituko du Santa Luzian, espezie autoktonoen 70 zuhaitz baino gehiago landatukoz. Habia kutxak eta intsektuentzako hotelak instalatuko ditu.
Ingurumena hobetzeko hainbat jarduketa egin ditu Gernika-Lumoko Udalaren Ingurumen arloak Santa Luzian; izan ere, Mikiene errekaren ondoko 3.000 metro koadroko azalerako eremuan espezie autoktonoko 78 zuhaitz landatzen ari da.
Ingurumena lehengoratzeko proiektu honen helburua da ingurune natural hori biziberritzea, eta haren berreskuratze ekologikoa lortzea. Horrez gain, herritarrei espazio interesgarri hori kontsebatzearen garrantzia ere ezagutaraziko dietela adierazi dute udal ordezkariek.
“Udalak bere izaera naturalaren zati bat mantentzen duten hiri inguruko natura guneak berreskuratzearen aldeko apustua egin du; espazio horiek leheneratu egin dira, hobekuntza ekologikoa eta biodibertsitatea areagotzeko, eta, aldi berean, erabilera publikorako jarduerak eta ekipamendua gehitu dira”, azaldu dute ingurumen arloko ordezkariek.
Ekimenak kanpoko espezieak eta espezie inbaditzaileak diren 14 zuhaitz moztea aurreikusten du, hala nola Robina Pseudoacacia, Acacia Melanoxylon eta Pinus Radiata. Ondoren, tamaina desberdinetako espezie autoktonoak landatuko dira; besteren artean, haritzak Santa Luzia basoan, eta urkiak, hurritzak, haltzak eta lizarrak Mikiene errekaren ondoan. Hala, espazio hori apurka-apurka eraldatu egingo dela diote arduradunek, “paisaian eragin izugarririk izan barik eta herritarrentzako aisialdirako eta gozamenerako espazio gisa kontserbatuta”.
Lekuko faunari, balioa.
Era berean, hariztiari lotutako faunari balioa emateko ekintzak egingo dituztela azaldu dute. Horretarako, habia-kutxak eta intsektuen bi hotel jarriko dituzte. “Horiek mozketetan sortzen diren egur hondarrekin fabrikatuko dira, eta hildako egur hori intsektuentzako bizi iturria izango da, baita hegaztientzat ere”, azpimarratu dute.
Zehaztu dutenez, ekimena aurrera eramaten hasi dira, baina martxoaren amaieran amaituko da. Hilabete horren amaieran, hainbat interpretazio panel jarriko dituzte, ekosistema horien balioen berri emateko.