Bermeoko udal taldeak "kezkatuta" daude osasun zentroko egoeragatik
Alderdi guztiek adostuta, idazki bat bidali diote osasun sailburu Gotzone Sagarduiri.
Bermeoko osasun zentroan ematen ari den egoeragatik “kezka” agertu zuten Bermeoko Udala osatzen duten alderdiek, barikuko osoko bilkuran. Modu horretan, jakitera eman dutenez, guztien artean adostutako idazki bat bidali diote osasun sailburu Gotzone Sagarduiri. Horretan, “kezka” adierazi eta aurrera begira “egoera normaltasunera itzultzeko hartu beharreko neurriak hartzea” eskatu diote.
Diotenez, dakitenaren arabera, “pediatria zerbitzua ez dago martxan osotasunean”. Horren harira, joan den astean Bermeoko EH Bilduk sare sozialetan zabaldu zuen Bermeoko osasun bulegoan egon behar diren hiru pediatretatik bakarra dagoela, eta hori ere jardunaldi murriztuan.
Idazkian alderdiek diote Gabonetako jai egunetan ezin izan zela Etengabeko Arreta Gunean medikurik bermatu, eta erizain zerbitzua indartu beharra egon zela. “Gainera, medikuen bajak eta oporrak ordezkatzeko arazoak egoten dira zerbitzuan horrek daukan eragina izanik”, gaineratu dute.
Herriko farmazien ordutegia “luzatu egin bada ere”, gaueko farmazia zerbitzuak “murriztuta” jarraitzen duela gogorarazi dute, aipatu egoerak herritarrengan sortzen duen “kezka eta ezinegona” nabarmenduta.
Gogora ekarri dute, gainera, 2022ko urtarrilean Bermeoko Udalak osoko bilkuran aho batez onartu zuela osasun sistemaren aldeko mozioa, eta aipatu mozioa ere osasun sailburuari bidali zioten. “Ordutik urte bat joan da, eta egoerak kezkatzen jarraitzen gaitu”, diote. Horregatik guztiagatik, “herritarrei eskaintzen zaien oinarrizko kalitatezko zerbitzu bat eduki behar dela argi izanik”, herriko lehen arreta zerbitzua “indartu eta murrizketarik ez jasateko beharrezkoak diren baliabideak bermatzeko ahalegin berezia” egitea eskatu diote Sagardui sailburuari.