715 korrikalarik parte hartu dute Bermeoko Herri Lasterketan
106 korrikalarik lehiatu zuten lasterketa nagusia, gainontzeko 609ak ume eta gazteak izan ziren. San Frantzisko herri ikastetxeko gela egonkorrak jasoko du batutako dirua.
Lasterketa herrikoia eta solidarioa da Bermeoko Herri Lasterketa. Horrela izanik, hainbat izaten dira hitzordu horrekin bat egiten duten korrikalariak, eta aurten ere hala izan da. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Nagusiak, umeak zein gazteak batuta, 715 korrikalari batu zituen atzo Bermeoko Herri Lasterketak.
106 korrikalarik lehiatu zuten lasterketa nagusia; horietatik, 37 izan ziren neskak eta 69, berriz, mutilak. Lasterketa 106 korrikalarik hasi bazuten ere, 92 izan ziren helmugara iritsi zirenak.
Ume eta gazteen artean arrakasta izaten du Bermeoko Herri Lasterketak; aurten, 609 ume eta gaztek izena eman dute. Pandemia aurretik egiten zuten modura, adin tarteka banatuta egin zuten atzo korrika.
Taraska Gazte-Zahar Taldeak eta Bermeoko Udalak elkarlanean antolatzen duten lasterketan batutako dirua San Frantzisko herri ikastetxeko gela egonkorrak jasoko du, ikasleen artean kirol praktikak sustatzeko helburuz.