Iñaki Latxagari hil osteko Urrezko Domina ematea erabaki dute
Gaurko osoko bilkuran, aho batez, hartu dute erabakia. Aintzatespen horregaz Bermeori eta arrantza industriari egindako ekarpena eskertu gura diote.
Bermeoko Udalak hil osteko Urrezko Domina emango dio Iñaki Latxagari. Aho batez hartu dute erabakia gaurko udalbatzarrean. Hain zuzen ere, bermeotarrak arrantza industriari eta udalerriari egindako ekarpena eskertu gura diote.
1996an sortu zuten udal ordenantza bat ekarri dute gogora: bizitzaren alderdi desberdinetan nabarmendu diren pertsonak saritzeko eta aintzatesteko Ohoretako eta Handigarrietarako Araudia. Ordenantza horren helburua da Bermeoko Udalak politika, gizarte, ekonomia, kultura edo zientzia arloetan egindako lanagatik nabarmendu den pertsona edo erakunde bati ematen dizkion ohorezko sariak arautzea. Sari horien guztien artean dago, Urrezko Domina dago, hain zuzen ere, laster Iñaki Latxagari, “Europako atunontzi talde handienaren” sortzaileari emango zaiona.
Enpresaburu bermeotarra joan den abenduan hil zen, 84 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Bermeoko alkate Aritz Abaroak haren ibilbidearen gainbegirada egin du. Bermeotarra “atunontzi guztien inspiratzailea” izan dela nabarmendu du: “Ontzigintzako makinista nagusia lanbidez, gogor lan egin zuen Europako armadorerik handiena izateko ametsa lortu arte. Horrela, 1974an Albacora enpresa sortu zuen, lau ontzigaz hasi zuten ibilbidea. Gaur egun Indiar Ozeanoan, Ozeano Barean eta Atlantikoan arrantzan egiten duten 18 ontziko flota duena. Gainera, Opagac (Organización de Productores Asociados de Grandes Atuneros Congeladores) elkartearen sortzailea izan zen, eta hamabost urte izan zen presidentea. Halaber, 1990ean, Salica enpresa erosi zuen. Bermeon lantegia izateaz gain, A Pobra do Caramiñalen (A Coruña) eta Posorjan (Ekuador) ere lantegiak ditu”.
Alkateak aipatu du Latxaga euskal arrantzaren sektoreko “pertsona nabarmena” izango dela beti: “Bere ibilbidean arrantza enpresa txiki bat nazioartean lider bihurtu zuen ekintzaile baten adibide bizia da. Inguruan enplegua eustearen eta arrantza teknikak eta ontziko baldintzak hobetzearen aldeko apustua egin zuen ameslaria izan zen”. Bere ibilbide profesional eta pertsonalean, Iñakik ezin hobeto irudikatu ditu bermeotarren eta Bermeoren existentzia eta izena. Izan ere, Bermeo beti egon da bere buruan eta bihotzean, eta horren erakusle da udalerriko hainbat kultur, aisia eta kirol talderekin erakutsi duen konpromiso handia, beti laguntzeko prest. Era berean, ez dira ahaztu behar enpresaren garapenarekin batera herriko familia askori eskaini dizkien lan aukera guztiak. Eredugarria izan da. Horregatik, Udalak gure omenaldirik zintzoena egin nahi dio bere familiari Urrezko Domina emanez”.
Udalbatzarrean gogora ekarri dutenez, Bermeoko Udalak 1980an Joxe Miel Barandiarani eman zion Urrezko Domina. 2002an, berriz, Nestor Basterretxea izendatu zuten Bermeoko Seme Kutun.
Andrazkoei saririk ematen ez zaiela aipatu du Guzaneko zinegotzi Miren Karmele Gabantxok: “Herriko emakume askok gauza onak egin dituzte, agian ez dituzte enpresak sortu, baina gauza askotan erreferente diren andrak bai badaude. Bermeoko izen ona zabaltzeko gauza asko kontuan eduki behar dira”. Uste du, hortaz, zenbait irizpide arautu behar direla mota horretako aintzatespenak egiteko.
EH Bilduko zinegotzi Jokin Lapazak aipatu duenez, ondo ikusten dute herriko enpresariak herriagatik eta ekintzaile modura herriko ekonomiagatik egin duen lana goraipatzea, baina, era berean, “garrantzitsua” dela uste dute baita ere, enpresari horren atzetik egon diren langile guztiak “ez ahaztea”.