Galerna abstraktua taularatuta
Loraldiak jaialdirako sortu du Leioa Kantika Koralak 'Galerna, azken bidaia' opera, Bermeon 1912an gertatuko galernan hildako arrantzaleak oroitu eta omentzeko.
Euskal doinu herrikoietatik abiatuta, irudimena piztu eta ikusleari ur sakonetan sartzeko gonbidapena egiten dio Leioa Kantika Koralak sortu duen Galerna, azken bidaia operak. Loraldiak jaialdirako sortutako ikuskizunak 1912an Bermeon gertatutako galernan hildako ehunka arrantzaleak ditu oinarri.
Familia osorako ikuskizuna sortu dute. Ume eta gazteek interpretatuta egonda ere, publiko osoari zuzenduta dago. Oinarria Kantika Korala bera da eta, hortaz, musika koralak pisu handia dauka lanean. Koraleko abeslariez gain, sei musikari (tronpa, flauta, klarinetea, perkusioa, pianoa eta akordeoia), lau bakarlari (Aitor Garitano, Haizea Lorenzo, Ninbe Solana eta Enola Arruebarrena) eta Jon Ander Urresti aktore bermeotarra daude agertoki gainean. Guztien artean, 60 minutuko ikuskizuna osatzen dute. Leioa Kantika Koraleko zuzendari Basilio Astulezen esanetan, erronka «itzela» izan da. Proiektua ez da batere kostunbrista, abstraktua eta modernoa baizik: “Ez dago txaluparik, ez dira sareak edo arrainak ikusten, dena da abstraktuagoa edo garaikideagoa”.
1912ko Galerna oroitu eta omentzeko aukera dela dio Astulezek, “gaur egunera ekarrita, eta gaurko itsasoa eta gizakiaren arteko harremana azalduz”. Horren guztiaren atzean, baina, ikerketa lan “handia2 dagoela aipatu du: “Tradizio zein kondaira batzuen istorio txikiak sartu ditugu istoriaren baitan”.
Pandemia aurretik. Jakinarazi duenez, pandemia aurretik hasi ziren Leioa Kantika Koralekoak Loraldiko produktoreekin berba egiten: “Festibalean parte hartzeko aukera kontuan hartzea eskatu ziguten. Kontzertu arrunt baten ordez, zer edo zer berezia sortzeko proposamena egin ziguten, eta erronka modura hartu genuen. Euskal Herriko kultura eta ohiturekin lotura zeukan gai bat izan zitekeela esan ziguten”. Hala, hori kontuan hartuta, itsasoa etorri zitzaien burura: “Elkanoren mundubiraren urteurrena zen une hartan, eta aukera bat izan zitekeen, baina, era berean, 1912ko galerna ere etorri zitzaigun burura. Azken gai hori, poetikoa eta dramatikoa iruditu zitzaigun, eta gaia abiapuntu hartuta ekitaldi musikala eta eszenikoa sortzeko aukera polita ikusi genuen”.
Gaia aukeratuta, David Azurza musikagileagaz harremanetan jarri ziren, eta opera edo kantata antzeztu bat egiteko proposamena egin zioten. Hala, Azurzak musikatu ditu Juan Kruz Igerabideren hitzak. Lucia Astigarraga arduratu da gidaritza eszenikoaz eta Astulez bera arduratu da zuzendaritza musikalaz.
Astulezen hitzetan, Azurzak koruari eman gura izan dio protagonismo nagusia: “Koruko kideak batzuetan arrantzaleak dira, beste batzuetan alargunak edo itsasoa bera. Kontakizunaren arabera transformatzen da korua, musikalki zein eszenikoki”. Hala, aktore lanak ere egiten dituzte koruko kideek: “Kolaborazio batzuetarako batzuek antzerako zer edo zer egin izan dute, baina beste batzuentzat esperientzia berria izan da”.
Astigarragak lan “zoragarria” egin duela dio Astulezek, “esperimentazioari eta sentimenduen adierazpen indibidualari” ateak zabalduta. Hala, korukideak horien gaitasun guztiak kaleratzeko aukera daukatela nabarmendu du: “Aske sentitu dira, teknika garaikide oso politak erabiltzeko aukera ere eduki dute”.
Muntaia “zoragarria” daukate, eta batzuek dagoeneko gozatu ahal izan dute. Izan ere, joan den asteburuan, hilaren 15ean, Leioan, abesbatzaren sorterrian egin zuten aurrestreinaldia. Egun bat lehenago, familia eta lagunentzako saio bat egin zuten. Bi saioetan aretoa bete zuten. Jendea kanpoan geratu behar izan zela nabarmendu du Kantika Koraleko zuzendariak. Dionez, bermeotarren bat edo beste ere bertaratu zen, eta euren erantzuna “ona” izan zen: “Uste dut Bermeon errespetuz azaldu beharreko gauza bat dela, eta lehenengo froga gainditu dugu”. Sentsazio “onekin” geratu zen.
Hurrengo hitzordua martxoaren 19a da; Arriaga Antzokian taularatuko dute, Loraldiak jaialdiaren baitan. Saio bakarra egongo da, eta ikusmina badagoela badakite. “Esfortzu handia egin dugu, zortzi hilabetez buru-belarri ibili gara lanean. Hortaz, ondo legoke antzoki gehiagotara iritsi ahal izatea. Hori, baina, produktorearen esku egongo da”, esan du Astulez.
“Gustura” deiagaz. Lucia Astigarragaren deia jaso zuen Jon Ander Urresti aktore bermeotarrak. Dioenez, beragaz lan egiteko “gogo handia” zeukan, eta “aukera ederra” zela iruditu zitzaion Galerna, azken bidaia operan parte hartzea; “pozik” hartu zuen deia eta “gustura” sentitzen dela dio: “Astigarragaren planteamendua nahikoa garaikidea izan da. Ez du egin gura izan kostunbrismotik abiatuta, hortik jotzea erraza bazen ere. Kontrara jo du, eta arriskatu egin du. Ez da sartu familia ikuskizun baten klixeetan. Estetika oso bitxia erabiltzen du”.
Euskara batuan eskaini zioten testua, baina berera ekarri du: “Ziurrenik Galernan hil zirenak hurbilago daude nire hizkeratik, gaur egungo batueratik baino. Bermeotarrez egiten dudala uste badute ere, aditzak, bizkaiera jasoan erabiltzen ditut”.
Aurrestreinaldian sentipen “onak” izan zituela dio, oraindik, hala ere, martxora begira lana badagoela gaineratuta, “azken ikutuen faltan”.
Korukideak “artista hutsak” direla nabarmendu du Urrestik. Astulezek horiekin egiten duen lana goraipatu du: “Modu zorrotzean lan egiten du eurekin, baina, era berean, maitasun handiz”. Gazteek daukaten erantzuteko gaitasuna ere aipatu du: “Astigarragak ideiaren bat bota eta laster baten hartzen zuten, gaitasun handia daukate. Oso profesionalak dira eta izango dira. Badago harrobia taldean”.