"Euskal gatazkan biktimario zabala egin da, eta gutaz ez da sekula hitz egin"
Miren Azkarate Badiolak 'Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak' bere lehen liburua aurkeztu du Astran. Denen ordezkaritza jaso guran, zortzi senideren testigantzak bildu ditu, tartean berea.
Zergatik izan zarete eta zarete ikusezinak?
Jaio nintzen egun beretik naiz iheslari politiko baten alaba, aita iaz Euskal Herrira itzuli zen arte. 38 urte hauetan ikusezin sentitu naizen egoera asko eta asko bizi izan ditut, iheslari politiko baten alaba izateagatik kontuan hartu ez gaituztelako. Liburua egitean konturatu naiz ez naizela bakarra izan horrela sentitu naizena, egoera berdina bizi izan dugunak halaxe sentitu garela. Adibideak asko dira; garbiena edo jendeak hobeen ulertzen duena da, eta, beti ere, inongo konparazioetan sartu gabe, euskal preso politikoen seme-alaben egoerak gizarteratu zituen Motxiladun haurrak plataforma sortu zenean, beste behin ere iheslarien eta deportatuen seme-alabak ez ginen hor errepresentatuak sentitu. Existitu ez garen ikusezin batzuk izan gara euskal gatazka deitzen dugun honetan.
Helbururik izan duzu liburua idazteko edota argitaratzeko?
Batetik, helburu pertsonala zen arantza hori kendu nahia. Liburuaren kaleratzeagaz kendu ahal izan dut, eta gero jaso dudan erantzunagaz, are gehiago. Beste helburu bat politikoa zen; euskal gatazka deitu dugun honetan biktimario zabala egin da, eta gutaz ez da sekula hitz egin. Iruditzen zitzaidan bazetorrela hutsune hori betetzera, behintzat, ale txiki bat jartzera, eta esatera hau ere pairatu dugula eta hemen gaudela.
“Askok esaten didate guztiz biluztu garela;
zatirik zailena nirea idaztea izan zen”
Zenbat testigantza daude?
Azken 50 urtetan kalkulatzen da Euskal Herriko 2.500 iheslari eta deportatu inguru egon direla. Bakoitzak seme-alaba bat edo bi izan baditu, batez beste ehunka edo milaka haur izan gaitezkeela kalkulatzen da. Ahalik eta erradiografia zabalena egin nahi izan dut. Alde batetik, herrialdeekiko, gure gurasoak artatuak edo bizitzera derrigortuak izan direlako munduko hainbat txokotan. Eta, bestetik, kasuistika ez da denona berdina: batzuk Euskal Herrian jaioak gara, eta gurasoengana bisitan joan gara, beste batzuk gurasoak artatu edo bizitzera derrigortu dituzten herrialdeetan jaio eta han bizi dira, beste batzuk han jaio eta gero etorri dira… Abanikoa oso zabala zen, eta guztiak ordezkatuta sentitzen saiatu naiz. Milaka horietatik zortzi, lagin oso txikia da, baina nire nahia beti izan da guztiak aipatuta edo behintzat ordezkatuta sentitzea. Cabo Verde, Kuba, Mexiko, Venezuela, Suitza, Euskal Herriko iparraldea, Frantziako herrialde batzuk azaltzen dira, eta tartean gurutzatzen dira Panama eta Ekuador eta beste herrialde batzuk. Zortzi senideren testigantzak dira, aipatutako kasuistika horietan jaioak edo heziak.
Denak ordezkatuta sentitzearen helburua lortu duzu?
Ikusten ari naizena da lortu dudala azaltzen ez diren beste milaka horiek ordezkatuta sentitzea, behintzat horrela adierazi dit jendeak liburua kaleratu denetik, eta pozten naiz.
“Liburu hau nik sinatzen dut, baina guztiok idatzi dugu”
Sortze prozesua zelakoa izan zen?
Helburua argi izanda, kontaktuak biltzen hasi nintzen, eta jo nituen ate guztietan lehenengo erantzuna baiezkoa izan zen. Proiektua aurkeztean, dudarik gabe parte hartuko zutela esan zidaten. Egiterakoan hartu nuen bigarren ezustekoa izan zen haiekin biltzen nintzenean lehenengo hitza eskerrik asko izaten zela: eskerrik asko gu entzuteagatik, kontatzeagatik eta gugaz gogoratzeagatik. Eskertza nik egin behar diet haiei, parte hartu izanagatik eta liburu hau egiteagatik.
Zaila izan da barruak hustea?
Ez, haiekin biltzen nintzenean, barru-barrutik kontatzen zidaten haien historia. Eta erabaki nuen idazterako prozesuan mugarik ez jartzea alde humano edo sentimental horri, esaten nuen «horrela atera zaie, horrela atera zaigu, hau horrela kontatu behar da». Uste dut asmatu dugula; ikusten dut jendeari gehiago iristen zaiola edo errazago sartzen dela gure istorioetan. Askok esaten didate guztiz biluztu garela. Zatirik zailena nirea idaztea izan zen. Kazetaria naizenez, galderak egin, jaso, transkribatu eta idaztera ohituta nago, baina nire buruari galderak egitera eta nire sentimenduak adieraztera ez. Besteei ez zitzaien zaila egin, eta, nahiz eta ordura arte sekula ez ikusi, betidanik ezagutuko bagina bezala zen, sentsazioa hori zen. Historia bat ari ginen kontatzen gure berdin bati, eta uste dut horrek erraztu zuela horrelako zabaltze bat edo kontaketa hain barrutik izatea. Berdina bizi nuenez, errazagoa da irekitzea.
Ze jaso duzu eurengandik? Zer geratu zaizu?
Konturatu gara anai-arrebak ditugunak ere gure artean ez genuela gaiaz hitz egiten eta, are gutxiago, beste familiekin. Honek bide edo arrakala ireki du, gure artean hitz egitearena, eta harremana oso familiakoa sortu da. Niretzat familia hitzak betitik izan du zentzu zabala, ez bakarrik etxekoena eta odolarena, askoz zabalagoa da nire familia, eta, orain, handitu egin da. Gelditu zaidana da gauza asko komunak bizi izan ditugula, eta badaudela modu batera edo bestera lotzen gaituzten hari ikusezin batzuk; harreman oso berezia da.
“Gatazka honetan beste ikusezin handi batzuk gure amak dira”
Liburuak irakaspenik utzi dizu?
Duela bi hilabete eta erdi kaleratu zen liburua, eta momentu honetan zurrunbilo batean nago. Emozionalki oso potentea izaten ari da, oraindik barneratzen ari naiz. Bestetik, ikaspena izan da politikoki ere jaso ditudan mezuak, barkamena eskatzera ere iritsi zaizkit, kontuan hartu ez gaituztelako, eta eskertu dute behingoagatik horrelako lan bat ateratzea eta pairatu dugun errealitate hau aurpegiaren aurrean jartzea. Adibide sinple bat da lehen aldia izan dela Bilboko manifara senide bezala, maleta haur bezala deitu izana pankartara. Halako detaileak orain arte jaso ez ditugunak dira. Beste jende askok ez zekielako existitzen ginenik ezin izan digula lagundu edo kasu egin esaten digu, eta orain konturatzen direla. Mezu guztiak dira «bazen garaia, eskerrik asko» eta atera beharreko zerbait zela. Irakaspenak dira alde guztietatik eta oraindik asimilatu bariko gauza askogaz.
Zelako harrera eduki du? Aurkezpenetan zein giro sortzen da?
Sarek antolatzen ditu asko, eta herrietan esaten didate azken urte askotan hainbeste jende ez dutela bildu deialdi batean. Eskertza mezu asko egoten dira eta, amaieran, jendeak hitza hartu eta esaten du «zuetako bat naiz», negar malkotan. Euren historia kontatzen dute. Hernanin batek kontatu zuen bost anai-arreba zirela; aita Togon eduki zuten deportatuta. Bizitzan hiru aldiz ikusi zuten, amak ezin zituelako sei hegazkin txartel erosi, aita bisitatzera joateko. Horrelako kasuak herri guztietan entzuten ari naiz. Denok emozionatzen gara, baina emozio bat da zoriontasunetik: «Behingoagatik norbait gutaz gogoratu da, eta hunkituta gaude». Durangoko Azokan ere gerturatzen zitzaidan jendea esanez gutako bat zela edo izan zela, dagoeneko gurasoak Euskal Herrian daudela… Beti ere hunkituta kontatu didate, askok ezin izaten dute hitz egiten jarraitu. Pozik nago lortu dudalako kolektibo oso handi batek ikusezin izateari uztea. Arantza hori jende askok geneukan, eta pixka bat bada ere, kendu dugu.
“Pozik nago lortu dudalako kolektibo oso handi batek ikusezin izateari uztea”
Zure lehen liburua da, gehiago etorriko al dira? Zeri buruz idaztea gustatuko litzaizuke?
Beti esaten dut: liburu hau nik sinatzen dut, baina guztiok idatzi dugu. Idaztean konturatu naiz gatazka honetan beste ikusezin handi batzuk gure amak direla. Haiek ere aukeratu ez duten bizitza bat bizi behar izan dute, eta haietaz ere ez da inor gogoratu. Liburuan gurea kontatu dugu, baina denok aipatu dugu amen egitekoa. Asko dago idazteko, kontatzeko. Errelatoaren batailan zeharo sartuta gaude, memoria historikoa idatzi egin behar da, eta guk idatzi behar dugu.