"Aita Mari ontziaren egoera publiko zabalarengana iristea da asmoa"
Atzotik ikusgai dago EITBren YouTubeko kanalean bermeotarrak sortu eta zuzendu duen 'Review: Aita Mari' egitasmoa; gaurkotasuna kontatzeko modu berritzailea dakarte.
Joan den urteko ekainean Aita Mari itsas salbamenduko ontzian bizitako hemeretzi eguneko esperientziari helduta sortu du Asier Sanchez kazetari bermeotarrak: Review: Aita Mari ikus-entzunezkoen sorta. EITBko informazio zerbitzuek bultzatutako proiektu “berritzailea” da. Sanchezen lana ikusgai dago atzotik EITBren YouTube kanalean, www.eitb.eus/review webgunean eta EITB Nahieran plataforman. Otsailean ikusi ahalko da, berriz, telebistan, ibilbide digitala egin ostean.
Aretoa beteta aurkeztu zenuen eguazten arratsaldean dagoeneko denentzako ikusgai dagoen Review: Aita Mari egitasmo berria. Ze sentipen dituzu?
Hainbeste hilabeteetako lana ezagutzera etorri zen mota askotako publikoa: gazteak, adinekoak, ETBko aurpegi ezagunak… Denen erantzuna berdina izan zen, shock-ean geratu ziren, aho zabalik. Mediterraneo erdialdeko migrazio krisia jorratzen dut, eta argi geratzen da zer nolako tragedia den eta bizi duten errealitatea. Uste dute bide hau jarraitu behar dugula, hau da, gauzak beste era batera kontatu behar ditugula, beste mota bateko publikoarengana heltzeko. Bertan egon ziren gazteek esan zidaten formatua ondo zegoela eurengana iristeko. Mota askotako iritziak egon dira, baina baikorrak.
Informazioa beste modu batera zabaltzeko aukera dagoela erakutsi duzu.
Hala da, bai. Gauza ez da Teleberri-ri edota beste formatu batzuei indarra kentzea; hori bide bat da. Badago, baina, publiko bat ez duela albistegirik edo egunkaririk kontsumitzen, eta haiengana iritsi beharra daukagu. Ohitura hartu dut, eta zerbait kontatzera joaten naizenean, sare sozial pertsonaletatik bideoren bat edo beste igotzen dut, eta jende asko nik igotakoetatik enteratzen dela konturatu naiz.
Ideia, hortaz, hortik al dator?
Argi neukan zer edo zer egin behar genuela, baina, ez zen nire erabakia. Zer nolako materiala neukan ikusita, aukera desberdinak zeuden. Horietako bat zen ohiko dokumental bat egitea, baina ohiko publikoarengana baino ez zen helduko. Nire materiala, baina, nik neuk nire telefono mugikorragaz hartutakoa zen, eta ikusi genuen aukera zegoela buelta bat eman eta formatu berritzaile bat sortzeko. Modu desberdinak dira informazioa zabaltzeko. Denok ari gara ikasten, eta EITBrentzat ere gauza berria da.
Erronka bat izan da zuretzat?
Bai. Badakit badagoela publiko bat mota honetako edukiak heltzen ez zaiona, eta horiengana iritsi gura nuen. Aita Mari ontzian nengoen, ni bakarrik, eta han bizi duten egoera kontatzeko beharra sentitzen nuen, publiko zabalerangana iritsita. Datuak egon badaude, eta orain dela hamar urteko audientzia eta gaur egungoa ez da berdina, eta hamar urtera ere desberdina izango da. Moldatu beharra daukagu formatu berrietara.
Zortzi bideo egin dituzu.
Bai, bost gaztelaniaz eta hiru euskaraz. Hamar minutuko bideoak dira, oso didaktikoak. Ez da erreskatea bakarrik agertzen, baizik eta horren guzti horren atzetik dagoena eta errefuxiatuen motxilak. Bideoetan nik bertan jasotako irudiak baino gehiago ikusi daiteke. Lehenengo aldiz ikusi ahalko da bost hilabete geroago zelan dauden Mediterraneoko uretan erreskatatu genituen errefuxiatuetako batzuk, eta tripulazioagaz eta osasun langileekin ere hitz egiten dut. Dena, gainera, pantailen bitartez ematen da, formatuak hala eskatzen duelako. Emozioa da nagusi alde denetatik.
Sare sozialetan ere bazaudete.
Bai, denetan: Instagram, Facebook, Twitter, Tik Tok. Horietan eduki osagarriak ikusi ahalko dira, gainera; horretan gabiltza. Feedback-a jaso gura dugu sare sozialen bitartez.
Etorkizunera begira, jarraipena izango du?
Proiektu berria da EITBrentzat, eta ikusi beharko da zelan funtzionatzen duen. Hala ere, beste modu batera egin beharko litzateke. Kasu honetan, nik neuk egin dut lan guztia: kamera, gidoia, aurkezle,… errealizadore eta grafista baten laguntzagaz. Ezingo nuke nik bakarrik denagaz jarraitu, jende gehiago beharko litzateke. Hala ere, niri gustatuko litzaidake formatu honek jarraipena edukitzea. Uste dut ahal dugula egin eta egin behar dugula. Talde bat baldin badago, gainera, egin daiteke telebista formaturako zein Rewiew-rako. Gaia eta informazioa interesgarriak baldin badira, denentzako egin dezakegu, ahalik-eta gehien zabaltzeko.
Zer esango zenioke jendeari Review: Aita Mari ikustera animatzeko?
Jendeak jakin egin behar du zer den gertatzen ari dena. Hala bideoak ikusteko deia zabaldu gura dut, eta horiek zabaltzeko eta partekatzeko deia ere egiten dut. Europak beste alde batera begiratzen du, baina nik kontatzen dudana gertatzen ari da, eta ez diogu arretarik jartzen; jendea hiltzen ari da, eta ontziak blokeatuta daude. Egun, Aita Mari ontzia ere portuan dago zain.
Zelan gogoraratzen duzu bidaia?
Oso gogorra izan zen. Ontzian zeudenek gurago zuten hil, euren herrialdeetara bueltatu baino. Euren azalean jartzen ezbagara, ez gara jakitun. Askotan grabatzen nengoen, eta negarrez nenbilen. Aurrez aurre neukan izugarrizko drama bat. Egin behar nuen lana egiteaz gain, beste boluntario bat nintzen, egin behar zen guztian laguntzen saiatzen nintzen. Konexioagaz, gainera, arazoak nituen, eta minutu bateko bideo bat bidaltzeko hiru ordu behar nituen; egunen batean lorik egin barik ere egon nintzen informazioa bidali gura nuelako, iristea gura nuen, hori zen garrantzitsuena, informazioa iristea.