Master Laboral Kutxa txapelketa hasi orduko, Bizkaia Torneoan geldialdia
Arrizabalagak, Osesegaz, Bizkaia Torneoko finalerdia jokatuko du zapatuan, Zallako Mimetiz frontoian. Bestalde, Master Laboral Kutxa txapelketa aurkeztu dute Arrizabalagak Capellanegaz bikote eginda defendatuko du aurten iaz Aldaigaz batera lorturiko garaipena. MLK txapelketa denboraldiko helburu handietako bat da aurrelariarentzat.
Olatz Arrizabalagak eta Uxue Osesek Bizkaia Torneoko finalerdia lehiatuko dute zapatuan, 18:00etatik aurrera, Zallako Mimetiz frontoian. Txapelketan garaipen eta porrot bana eskuratuta, kale edo bale egin beharko dute gernika-lumotarrak eta oñatiarrak; garaipena eskuratuz gero, finalerako txartela poltsikoratuko lukete. Enara Gaminde eta Madalen Etxegarai edukiko dituzte aurrez aurre. “Presio izugarriko partidua” aurreikusten du Arrizabalagak. Izan ere, joan den asten agertoki berberean 22-16 galdu zuten Amaia Aldai eta Nora Mendizabal faborito nagusien aurka, eta “sentsazio nahiko txarrak” eduki zituzten. Datorren asteburuan, egoerari “zelan edo halan buelta ematea” eta garaipena eskuratzea bilatuko dute.
Aurrelariak partidua atzealdeko koadroetan erabakiko dela espero du: “Esango nuke Madalen baino erabakigarriagoa izan naitekeela aurrean; beraz, uste dut pilotak neure gainetik botatzen ahaleginduko direla. Era berean, kontuan eduki behar da Enara eskuetatik makal samar ibili dela azkenaldion, baina, bere benetako maila berreskuratzen baldin badu, arrisku handia sor dezake, egungo atzelaririk puntakoenetakoa baita”. Arrizabalaga eta Oses, beraien aldetik, norgehiagokari abiadura ematen saiatuko dira. Mimetiz, hain zuzen, pilotaleku “oso egokia” da horretarako, Gernika-Lumokoak argitu duenez: “Kantxa bizkorra da; nire estilo oldarkorrera ondo moldatzen delakoan nago”.
Olatz Arrizabalaga: “Amaia Aldai eta nora Mendizabal dira Bizkaia Torneoa irabazteko hautagai nagusiak”
Bizkaia Torneoa irabazteko hautagai nagusiez galdeturik, Arrizabalagak ez dauka inongo zalantzarik: “Jokaturiko partidu biak modu sendoan irabazita, Aldai eta Mendizabal hautagai dira, zalantzarik gabe”. Azken horiek Andrea Capellanen eta Leire Garairen kontra neurtuko dituzte indarrak bihar, leku berean. Finalera pasatzeari begira, beste partidua ikusteko aukera edukitzea “baliogarria” dela adierazi du Arrizabalagak: “Ahuleziak detektatzeko eta egin dezakegun jokoa zehazteko balio izaten du”.
MLK txapelketa, helburu.
Bizkaia Torneoa, azaldu duenez, “prestakuntza prozesu bezala” baliatuko du Arrizabalagak, denboraldiko helburu nagusietako bati begira: Master Laboral Kutxa txapelketa. Hain zuzen ere, herenegun aurkeztu zituzten, Donostiako Aquariumean, lehiaketaren nondik norakoak. Arrizabalagak Capellanegaz egingo du bikote, eta iazko garaipena berresteko jomuga edukiko du; iaz, izan ere, Aldaigaz batera gailendu zen.
MLK txapelketaren berrikuntza nabarmena pilota mistoan elite eta 1. maila bereiztea da. Gernika-lumotarra elite mailan egongo da, gorenekoan. Kategoria hori ondorengo bikoteek osatuko dute: Miren Larrarte-Miriam Arrillaga, Nora Mendizabal-Amaia Aldai eta Leire Garai-Enara Gaminde. Elite eta 1.mailaren banaketagaz, txapelketak “kalitate eta batez besteko maila handiagoa” lortu dituela adierazi du Arrizabalagak: “1. mailan puntako pilotariak egongo dira, baina eliteen artean, ostera, are hobeak. Beraz, lehiakortasuna oso handia izango da”.
Domekan hasiko da MLK txapelketa, Murgian. Finalaurrekoak martxoaren 12an lehiatuko dituzte, Laudion; final handia, ostera, Zarautzen jokatuko dute, martxaren 26an
Domekan hasiko da txapelketa, Murgiako Palatu pilotalekuan. Martxoaren 26an Zarautzen egingo den final handia orduko, Amezketa, Galdakao, Segura, Eskoriatza, Zamudio, Asteasu eta Laudio edukiko ditu geltoki lehiaketak. Finalaurrekoak, hain zuzen, azken udalerri horretan egingo dituzte, martxoaren 12an.
Arrizabalagak azaldu du binakakora bideratutako “prestakuntza espezifikoa” egin duela, MLK txapelketa “urteko helburu azpimarragarrienetako bat” baita. Bere bikote Capellani dagokionez, joko aldetik “bikain” elkar ulertzen dutela adierazi du aurrelariak: “Zorionez, iaz elkarregaz jokatzeko hainbat aukera eduki genituen, eta horrek ahalbidetu zigun argi eta garbi edukitzea bioi zein joko mota interesatzen zaigun». Errioxarra “egundoko atzelaria” dela argitu du gernika-lumotarrak: “Itzelezko pilota kolpea du, eta atzelaririk dominatzaileetako bat da”.