Indarberrituta eta aldarrikapenari eutsiz itzuliko da V. Etxera Trail
Domekan egingo dute presoen aldeko mendi jaia. 1.100 lagun inguruk eman dute izena internet bidez. Martxa luzea, martxa laburra eta lasterketa egingo dituzte.
Gernika-Lumoko Pasealekua konpromiso soziala, kirola, natura eta aisialdia uztartzen dituen eremu izateko prest dago, urte biko etenaren ostean. Izan ere, presoen eskubideak aldarrikatzea jomuga duen Etxera Trail kirol jardueraren bosgarren ekitaldia egingo dute, domekan. Koronabirusaren pandemiak galarazi egin du azken bi urteotan presoen aldeko mendi martxa eta lasterketa egitea; beraz, antolakuntza “indarberrituta eta ilusioz” dago, “presoen eskubideen alde lanean” segitzeko.
Aurtengo Etxera Trailek azken aldiaren, 2020koaren, formatu berbera edukiko du: martxa laburra, luzea eta lasterketa egongo dira. Mendizaleak proban parte hartzeko “gogotsu” sumatzen dituztela adierazi dute antolatzaileek. Izan ere, gaur-gaurkoz, 1.100 lagun inguruk izena eman dute internetez. Egunean bertan, gainera, apuntatzeko aukera egongo da. Hortaz, duela hiru urteko zifretara ailegatzea “posible” da. 2020an, hain zuzen, Etxera Trailek markak apurtu zituen, 1.500 martxalari eta korrikalari inguru elkartuz, horietako 1.070 internetez izena emanak. Aurtengo izen emateak, beraz, “bide onetik doaz”.
2020ko mendi korrikalarien bikoitzak eman du izena internetez, 500 lagunetik gora daude apuntatuta
Izena emateko muga barik.
Era berean, izen-emate mugarik ez ipintzeak beregain dakartzan “trabak” azaleratu gura izan dituzte: “Ez dugu ez gutxieneko, ez gehienezko kopururik zehazten; beraz, horrek lan izugarria suposatzen dio mendian lanean dagoenari, edota opariak nahiz anoa postuetako janari zein edari kantitateak zehazterakoan, esaterako. Dena dela, kausa esanguratsu bat dago lan horren denaren atzean, eta, ondorioz, zenbat eta lagun gehiago bildu, orduan eta pozago egongo gara”.
Aurtengo ezustekorik azpimarragarriena, azaldu dutenaren arabera, mendi lasterketako parte-hartzaileek eman diete. Izan ere, momentuz, mendi lasterketa lehiatuko duten korrikalarien kopurua azken ekitaldiakoaren bikoitza izango da. Hain zuzen, 2020. urtean, 280 lagunek eman zuten izena internet bidez, eta ia beste 100 gehitu zitzaizkien eguneko izen-ematean. Aurten, baina, interneteko inskripzioek eztanda egin dute: 500 lagunetik gora daude, dagoeneko, izena emanda. “Bazter denetatik” bertaratuko direla azaldu dute: “Ingurukoez gain, besteren artean, Nafarroa, Ipar Euskal Herria edo Kataluniatik hurreratuko dira”. Gainera, emakumezkoen artean “egundoko maila egotea” aurreikusten dute. Hain zuzen, Oihana Azkorbeitia, Onditz Iturbe zein Maddi Mujika Pasealekuan egongo dira. Gizonezkoei dagokienez, “eskualdeko bizkorrenak” izango dira protagonista, batik bat, Paul Goitisolo gernika-lumotarra zein Ekaitz Lejarzegi ajangiztarra.
Emakumezkoen lasterketako maila bereziki handia izango da: Oihana Aazkorbeitia, Onditz Iturbe edota Maddi Mujika irteera lerroan egongo dira
Antolatzaileak “pozarren” agertu dira, kopuruaz galdetuta: “Ez genuen hainbesterainoko erantzunik aurreikusten, eta asko pozten gaitu. Jauzia igarri dugu ibilbidea oinez egitetik lasterka egitera pasako direnen kopuruan, eta hori polita da; jendeak, korrika askorik egin ez arren, ahalegintxo berezia egiten du, egun jakin horretan kausa berezi baten alde lasterka egiteko”. Azken aldietan bezalaxe, aurten ere, martxa luzeak eta lasterketak ibilbide bera edukiko dute: hamasei kilometro eta 650 metroko desnibela. Martxa laburrak, ostera, sei kilometroko eta 300 metro inguruko desnibeldun ibilbidea edukiko du. Proba gogorrak izan ez arren, “esfortzua eskatzen duen ibilbidea dela” argitu dute. “Gernika-Lumoko ingurua ikustea baino ez dago: ez dugu mendi altu edo teknikoegirik, baina eremu gorabeheratsua da; zalantza barik, gogorra egin daiteke ibilbide hori”.
Martxa luzekoak eta lasterketakoak Ganaga, Maiaga eta Kosnoaga edo Aixerrota muinoetan barrena ariko dira. Tartean, zenbait anoa-postu edukiko dituzte. Seigarren kilometroan, Errigoitiko Madalen auzoan, edaria topatuko dute; hamabigarrenean, Lumoko Bastegieta auzo inguruan, aldiz, jatekoa eta edatekoa. Martxa laburrekoek ere anoa-postu hori izango dute, baina eurek hirugarren kilometroan iritsiko zaie. Horiez gain, helmugan ere anoa-postu solidoa eta likidoa izango dute guztiek. Martxa luzeko parte-hartzaileak izango dira Pasealekuko irteera eta ailegaera gunetik ateratzen lehendabizikoak, 09:00etan. Mendi lasterketakoen txanda 10:30ean izango da; martxa laburrekoak ordu laurdena beranduago abiatuko dira, 10:45ean. Dena dela,antolatzaileek aurreratu dute “eguneko unerik hunkigarriena” lehenengo irteera orduko izango dela: “Aurreskua dantzatuko zaie presoen senideei irteera lerroan bertan”. Eguerdian, 13:00etan, sari emate ekitaldia egingo dute.
Martxa luzekoak hasi orduko, aurreskua dantzatuko zaie presoen senideen, irteera lerroan
Tabernarien elkartasuna.
Antolatzaileek “egun osoko egitaraua” sortu gura izaten dute Etxera Trail egiten den egunean; parte-hartzaileak poteo giro atseginean geratzea bilatzen dute. Beraz, bakoitzak bina tiket jasoko ditu, herriko tabernetan tragoa edota pintxoa doan har dezan. Egitasmo hori babestu duten Gernika-Lumoko tabernak ondorengoak izan dira: Arrano Etxea, Ospa, Tximista, Aterpe, Zeppelin eta Picasso. Internetez izena emandako lehen 900 lagunek, horrez gain, opariak jasoko dituzte: kantinplora eta motxila; hortik aurrerakoek, berriz, kantinplora baino ez. Egunean izena emanez gero, kaltzerdi parea jasoko dute mendizaleek.