Gernika Sariek Foro Sozialaren lana aitortu beharko luketela dio Gernika Memoriaren Lekukok
Proposamena epez kanpo egin dute, baina epaimahaiari kontutan hartzeko eskatu diote. Plataformakoek diotenez, azken hamarkadan Foro Sozialak egin dituen ekarpenak "bakegintzaren eta bizikidetzaren alde emaitza bikainak" eman ditu.
Gernika bonbardatu zutela 86 urte beteko dira aurtengo apirilean. Gernika Sariak esleituko dira laster, eta Gernika Memoriaren Lekukok dio Foro Sozialaren lana aitortu beharko luketela horiek. Epez kanpo plazaratu dute euren aukeraketa, baina epaimahaiari kontuan hartzeko eskatu diote, “instituzioez gain, ez direlako oso ugariak izango proposamenak”.
Hala, Gernika Meoriaren Lekuko plataformak 2023ko Gernika Sariak Foro Sozialari ematearen alde egin du, azken hamarkadan Foro Sozialak egin dituen ekarpenak “bakegintzaren eta bizikidetzaren alde emaitza bikainak” eman dituelako. “Horren adibide esanguratsuak dira ETAren desarmea eta biolentzia ezberdinek eragindako biktimen arteko harremanak“, azaldu dute.
Gainera, gogoratu dutenez, Foro Sozialak bi ekimen garrantzitsu burutzeko aukeratu zuten Gernika-Lumo: III. Foro Soziala (2016) egiteko eta Foro Sozial Iraunkorrerako (2017). Lehenengoan ETAren desarmea ardatz nagusia izan zen, eta nazioarteko adituek parte hartu zuten, euren esperientziak partekatuz. Bigarrenean, Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurrena baliatuz, “biktima guztiekiko errespetuan oinarritutako bizikidetzaren oinarriak sortzea zen helburu” zuen ekitaldia egin zuten.
“Hori horrela, uste dugu Foro Sozialak merezimendu osoa duela Gernika Sariak jasotzeko”, diote. Gaineratu dute, hain zuzen ere, hamar urteko ibilbideari amaiera ematea erabaki duen Foro Sozialaren parte izan direla Gernika Batzordea eta Gernika Gogoratuz. Eztabaida prozesu horretan parte hartu dute, eta ondorioztatu dute “aurrerapauso esanguratsuak” eman dituztela zehaztu zituzten lan ildoetan, eta horiek egonkortzeak modua ematen duela “fase berri bat zabaltzeko konponbide prozesuan”. Garai berri horrek “erronka eta tresna berriak” eduki beharko ditu.
Hausnarketa.
Euren ekarpena plazaratzeaz gain, hausnarketarako tartea hartu du Gernika Memoriaren Lekukok. Izan ere, izatez, denbora tarte bat eskaintzen da Gernika Sarietarako hautagaiak aurkezteko, baina dagokion zabalpena egiten den galdegin dute plataformakoek: “Dagokion zabalpena egin da gernikarrak parte hartzeko? Jendartearen ekarpenak jasotzeko bide nahikoak eskaintzen dira? Elkarteak, norbanakoak, instituzioak… animatzen dira iradokizunak luzatzera? Sentsazioa dugu gure herriaren izena daraman sariak gaur egun garenaren isla gehiago izan beharko lukeela. Eta denok dugula zer egin langintza horretan”.