Garaipen beharra dute
Lointek Gernika Bizkaiak Teneriferen aurkako jokatu du zapatuan, 20:00etatik aurrera, Santiago Martin pabiloian, Emakumezkoen Endesa Ligako 19. jardunaldian.
Lointek Gernika Bizkaiak Teneriferen aurkako jokatu du zapatuan 20:00etatik aurrera Santiago Martin pabiloian Emakumezkoen Endesa Ligako 19. jardunaldian. Bi taldeak garaipena eskuratzeko beharrizanagaz heltzen dira partidara. Gernikarrek bolada txarrari amaiera eman nahi diote, azken hiru partidak jarraian galdu dituzte ligan, eta bide batez kanporaketetan sartzeko lehen zortzi postuetan egonkortu. Tenerife, berriz, sailkapeneko azken sailkatua da, bi garaipenekin, eta garaipena behar du, beste urte batez lehen mailan jokatzeko borrokan sartu ahal izateko.
Lointek Gernika Bizkaia denboraldiko fase berri batean murgildu da. Eurokopatik kanporatuta eta Kopa oraindik urrun ikusita, ligan dituzte jarrita indar guztiak. Taula inoiz baino berdinduago dago, gernikarrak zazpigarren postuan daude, baina jaitsiera postuekiko bakarrik hiru garaipenera, bederatzi partida irabazita eta beste horrenbeste galduta. Gainera, orain gernikarrek atseden hartzeko eta partidak hobeto prestatzeko denbora gehiago dute, Europako bidaia luzerik gabe. Tenerifeko lehia kenduta, IDK Euskotrenen aurkako euskal derbia bakarrik geratuko zaio talde granateari FIBA Leihoetako geldialdira joateko. Garrantzitsua litzateke garaipenekin ailegatzea.
Tenerife denboraldi gorabeheratsua izaten ari da aurtengoa: hiru entrenatzaile pasa dira dagoeneko, hurrenez hurren, Claudio Garcia, Cesar Aneas eta gur egun postu horretan dabilen Raquel Alvarez. Beste horrenbeste gertatu da jokalariekin, hasieratik mantentzen den gutxienetako bat da Izaskun Garcia muxikarra. Bosteko ona dute Lointek Gernika Bizkaiako antolatzaile ohiagaz: Aisha Seppard, Terezia Palenikova, Stephanie Madden azken fitxaketa eta Kai James.
Bi taldeek garaipen beharra dute, partida estua espero da. Beraz, gernikarrek haien kalitatea eta abiadura erabili beharko dute erasoan, eta errebotea zaindu defentsan aukerak izan nahi badituzte.