Idatze Etxean gune estalia egokitu du Mendatako Udalak
Mendatako Elexalde auzoan dagoen Idatze Etxean gune estali bat sortu du udalak. Beiratedun aterpea herritarrak eroso egoteko lekua izateko asmoz egokitu dute.
Joseba Mallea Lamikiz Mendatako alkateak azaldutakoaren arabera, pandemia sasoian halako leku bat edukitzearen beharra ikusi zuten; izan ere, murrizketen eta segurtasun neurrien ondorioz, jendeak kanpoan egon behar zuen, eta ez zeukaten halako gune estali egokirik: “Herriko Tabernak dena barruan eduki zuenez, kanpoan leku bat egokitzea pentsatu genuen, eta arrazoi horregaz atondu dugu jatetxearentzat balio duen lokala, jendeak bazkaltzeko zein egoteko baliagarria da, kafe bat hartzeko edo kartetan jokatzeko”.
Iriste erraztasuna bermatzea izan da udalaren helburuetako bat: “Jendeak eskailerarik igo beharrik ez dauka, eta komunen maila berean dago. Eraikinaren goiko solairuan janleku itzela dauka, eta hara igotzeko eskailerak igo behar dira. Jende nagusiarentzat ez da bat ere erosoa. Barruan igogailua jartzeko edo laguntza bat edukitzeko antzeko zerbaitetarako obra egiten hasteak eragozpen handiak sortu zitezkeela uste genuen, eta, horregatik erabaki hau hartu genuen. Kurioso geratu da”. Tenperatura hotzekin eroso egoteko berogailua ere ipini dute, eta lanokin amaitzeko, “kristaletan biniloak” ipiniko dituzte: “Hobetzeko gauza batzuk geratzen dira, baina, proiektua berez amaituta dago”.
64.437,73 euroko aurrekontua eduki dute lanok egiteko, eta Eusko Jaurlaritzaren Leader programaren bitartez diruz lagundu dute; 22.104,88 euroko diru laguntza jaso du Mendatako Udalak.