Estreinako pedalkadak, estreinako podiuma
Pello Bilbao Lopez de Armentia Bahrain Victorious taldeko txirrindulari gernika-lumotarrak sendo abiatu du denboraldia: etapa garaipena eta azken sailkapeneko hirugarren postua poltsikoratu ditu Australiako Santos Down Under Tourrean.
Pello Bilbao Lopez de Armentiak sasoi puntu bikainean hasi du aurtengo errepide denboraldia. Santos Tour Down Under itzulian eman ditu estreinako pedalkadak, antipodetan, Australian, eta emaitza aldetik aste biribila eduki du Bahrain Victorious taldeko txirrindulari gernika-lumotarrak: etapa garaipena eta sailkapen orokorreko hirugarren postua eskuratu ditu, lasterketa azken podiumean amaituz. Horrez gain, irudi lehiakorra erakutsi du bai Bilbaok, bai bere taldeak aste osoan zehar. Hain zuzen ere, bere taldekide Phil Bauhaus alemaniarrak beste etapa bat irabazi zuen, bigarren egunean.
Urte hasieran joan zen Bilbao Australiara, helburu argiagaz: bere prestakuntzagaz aurrera egitea eta Australiako probarako egokitzapen lanak egitea. Hala denboraldiaurreko, nola urte hasierako beharrek fruitua eman dute, Bilbao maila handian, lehiakor eta taldeburu izaeragaz agertu baita Down Under Itzulian. Hilaren 17an eman zituen konpetizioko lehen pedalkadak Gernika-Lumokoak; bost kilometro eta erdiko aitzin-etapa lehiatu zuen, Adelaiden hasi eta bukatuta. Hiri barruko zirkuituan eta euriak zoruan sortutako arriskuekin, Bilbaok denbora duina egin zuen. Bere benetako borroka, baina, bigarren egunean, Tanundako etapan, ailegatu zen: erorikoak eta tentsioa nagusitu ziren egun hartan, eta Bilbaok egun hartan “asko sufritu zuela” adierazi zuen. Sufrikarioa gorabehera, Bahrain Victorious bere taldearentzat egun bikaina izan zen, Bauhaus esprinterra jaun eta jabe izan baitzen multzoko esprintean.
Azken eguneko etapa erreginan, zazpigarren postuan sailkatu zen Bilbao, moiunt Loftyko helmugan, sei segundutara
Bere neurrira egindako etapa. Norwood eta Campbelltown lortzen zituen lasterketako hirugarren etapa izan zen Bilbaoren egun handia. Ibilbide gorabeheratsua eta teknikoa eduki zuen etapa hark, Bilbaoren ehiztari ezaugarrietara bikain egokitzen zena. Ez zuen kale egin; azken igoeratik, Corkscrewtik, Jay Vine eta Simon Yatesegaz batera lasterketa buruan pasatu zen, eta beren errenta marduldu egin zuten jaitsieran. Hiruko esprintean, Yates australiarra baino azkarragoa izan zen Bilbao, estu izan bazen ere. Garaipenak, gainera, sailkapen orokorrerako borrokan murgildu zuen Bahrain Victoriousekoa, lidertzatik hamabost segundutara.
Hain zuzen, sailkapeneko hirugarren postuan abiatu zuen gernika-lumotarrak azken eguna, Mount Lofty mendatean amaituriko etapa erregina. Azken igoeran, ez zen gai izan garaipenaren lehian ibiltzeko, eta itzulia poltsikoratzeko aukerak galdu zituen. Zazpigarren helmugaratu zen Bilbao, bigarren taldean, lasterketa burutik sei segundutara. Postu hark, baina, azken podiumeko hirugarren postuan amaitzeko balio izan zion, hurrenez hurren, Vine eta Yatesen atzetik. Bilbaogaz batera, Gorka Izagirre izan zen lehen hamarren artean bukatu zuen bigarren euskalduna; Movistar taldeko ormaiztegitarra bederatzigarrena izan zen.
Australian beste lasterketa bat lehiatuko du, domekan: egun bakarreko Cadel Evans Great Ocean Road Race proba
Santos Down Under itzulia amaitu ondoren, oraindik ez da amaitu Bilbaoren Australiako egonaldia. Izan ere, egun bakarreko Cadel Evans Great Ocean Road Race lasterketa lehiatuko du datorren domekan, Geelongen. Proba horren ostean itzuliko da, eta hurrengo lasterketei ekingo die. Gaur-gaurkoz, Valentziako Itzulia, UAE Tourra eta Italiako Strade Bianche klasikoa dauzka denboraldi hasierako bere programazioan. Horren ondoren, lehen blokeko lasterketa garrantzitsuenetako batean ariko da, etxean: Euskal Herriko Itzulian. Jarraian, eskema berria jarraituko du Gernika-Lumokoak, aurten ez baitu Italiako Girorako prestakuntza lasterketarik lehiatuko. Bere urteko helburu nagusia Bilbon hasiko den eta Busturialdetik igaroko den Frantziako Tourra denez, denboraldiaren lehen zatia Ardenetako Klasikoekin amaituko du, eta jarraian ekingo dio Frantziako lasterketarako prestaketari.