Gernikako bizilagun komunitate batek 8.352 euroko gas faktura baliogabetzea lortu du
Haien baimenik gabe eman zieten alta, eta Facuaren laguntzagaz, erreklamazioa egin eta 4.984 eta 3.368 euroko bi gas faktura ez ordaintzea lortu dute. "Merkaturatzaile aldaketa akats bat" izan zela dio merkaturatzaileak.
Facua kontsumitzaileen elkarteak lagunduta, Gernikako 24 herritarreko bizilagun komunitate batek 8.350 eurotako gasaren faktura baliogabetzea lortu du. Izan ere, gasa merkaturatzen duen enpresak haien baimenik barik eman zien alta. Facuak jakinarazi duenez, eraikineko bizilagunek konpainiaz aldatzea erabaki zuten, TotalEnergies enpresaren tarifen igoeraren ondorioz, baina enpresa horren filial batean eman zieten alta, haiek eskatu zuten enpresa merkaturatzailean eman beharrean.
Gertaerak 2021eko urrian izan ziren. Facuak adierazi duenez, administratzaileak Total Energies-en gutun ziurtatu bat jaso zuen, eta haren kontratuaren “eguneratze automatikoaren” berri eman zion hurrengo urteko urtarriletik aurrera, baina “prezio askoz garestiago” bategaz. Horren aurrean, administratzaileak beste konpainia batzuei aurrekontuak eskatzea erabaki zuen. “Jabeekin kontsultatu ondoren, iazko urtarrilaren 1ean hasiko zen kontratu bat sinatzea erabaki zuten Naturgyrekin”, adierazi dute.
Hala ere, abenduaren amaieran, merkaturatzaile horrek mezu elektroniko bat bidali zien, eta jakinarazi dutenez, “bertan adierazi zien ez zuela kontratua aktibatuko bi hilabete lehenago adostutako baldintzekin”. Eskaintza berri bat egin zien, Facuaren berbetan, “kontsumitutako kilowatt orduko tarifa ia hirukoizten zuena”. Hori dela eta, komunitateko administratzaileak aurrekontuak eskatu zituen berriro, eta Iberdrola aukeratu zuten.
“Arraroa” egin zitzaien Iberdolak kontratuaren hasiera eguna 2022ko urtarrilaren 26a hartzea, kontutan hartuta indarrean zegoena, teorian, 2021eko abenduraren 31n amaitzen zela. “Ezustea hartu zuten 2022ko martxoan komunitateak Baserren bi faktura jaso zituenean –TotalEnergiren tarifa arautuaren merkaturatzailea da Baser– eta 4.984,58 eta 3.368,05 euroko fakturak bidali zizkietenean, 2021eko azaroaren 26tik abenduaren 21era eta abenduaren 222tik 2022ko urtarrilaren 25era bitarteko aldiei zegokienak”, jakinarazi du Facuak.
Administratzaileak bankuko karguak bertan behera utzi zituen, ez baitzekien ezer horri buruz. Facuak zehaztu duenez, ordainagiri horietan eraikinaren jabekideen erkidegoaren KUPa (Hornidura Puntuaren Kode Bateratua) agertzen zen, baina beste IFK bat, Gipuzkoako beste bati zegokiona, egiaztatu zutenez.
“Akats multzo bat”.
“Administratzailea Total Energiesekin harremanetan jarri zen zer gertatu zen jakiteko, baina esan zioten ezin ziotela lagundu. Azkenean, apirilean, Nortegasek ahoz jakinarazi zien arazoaren ustezko jatorra: Naturgyri egindako kontratu aldaketa bertan behera utzi ondoren, enpresak sinatutako prezioa betetzeari uko egin zion konpainiak, eta automatikoki esleitu zion jabeen erkidegoari hornidura kontratu bat Baserrekin, nahiz eta inork ez sinatu”, azaldu dute Facuakoek. Fakturetan agertzen zen IFKari buruz, berriz, ez ziotela azalpenik eman argitu dute, “ezta Nortegasek merkaturatzaile aldaketa hori Total Energiesekin kontratua amaitzea aurreikusita zegoen eguna baino hilabete lehenago baliozkotu izanaren arrazoiarena ere”.