Finalaurrekoetako aurkariak, erabakita
Iñaki Osa Goikoetxeak eta Nicolas Etxetok 2-0 irabazi diete Jon Tamborindegiri eta David Minvielleri, Jai Alai Winter Seriesko ligaxkako azken jardunaldian. Beraz, Goikoetxea eta Etxeto B multzoko buru gisa igaroko dira finalaurrekoetara.
Jai Alai Winter Series zesta-punta txapelketako azken ligaxka jardunaldia lehiatu zuten atzo Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. B multzoko bikoteak aritu ziren zein baino zein gehiago: Goikoetxea eta Etxeto, Tamborindegi eta Minvielleren aurka. Garaipen erosoa lortu zuten lehenengoek. Beste astelehen buruzuri batez zesta-puntaren katedrala bete zuten 1.600 ikusleen aurrean. Iñaki Osa Goikoetxea beterano zumaiarrak eta Nicolas Etxeto ahetzetarrak multzoburu pasatzeko erronka zuten, Diego Beaskoetxea gernika-lumotarraren eta Imanol Lopez zumaiarraren aurretik. Horretarako, 2-0 edota 2-1 irabazi behar zuten, edo 1-2 galdu; 0-2 galduz gero, ostera, Beaskoetxea eta Lopez lirateke multzo horretako lehendabiziko postuan igaroko liratekeenak.
Goikoetxea izan zen partiduko protagonista nagusia. Izan ere, lehiaketa maila handian hasi zuen Etxetogaz batera, baina atzo arte espero zena baino maila apalagoa erakutsi zuen. Finalerdietako partiduari begira, horrenbestez, prestakuntza saio bikaina izan zen Tamborindegiren eta Minvielleren aurkakoa. Goiko eta Etxeto nagusi agertu ziren bi setetan, eta beraien jokoa inposatu zuten.
Zumaiako aurrelariak jokaldiak azken jardunaldietako partiduetan baino erosoago borobildu ahal izan zituen; Ahetzekoak, berriz, sendotasuna eta fidagarritasuna erakutsi zituen frontoiaren atzealdeko koadroetan. Dinamika bikainean sartuta, 15-8ko markagailuagaz eskuratu zuten lehenengo seta. Tambok eta Minviellek hautagaien erritmoari eusteko saiakera egin zuten, baina ez zen nahikoa izan.
Goikoetxeak eta Etxetok 15-8 eta 15-9 bereganatu zituzten set biak
Ezer gutxi aldatu zen bigarren setean: Goikok eta Etxetok jaun eta jabe izaten segitu zuten, aurkarien ekina gorabehera. Tantoz tanto, 15-9raino eroan zuten markagailua, garaipena eskuratuz. Partiduko garaipena ez ezik, B multzoko buru izatea lortu zuten atzoko irabazleek. Goikoetxea-Etxeto eta Beaskoetxea-Lopez bikoteek zazpi puntu eskuratu dituzte ligaxkan, baina lehenengoek tanto average hobea egin dute, eta horrek ahalbidetu die multzoburu izatea.
Atzoko partiduaren ondoren, argitu dira Jai Alai Winter Seriesko finalaurrekoak zein bikoteren artean jokatuko diren: A multzoko lehenek, Jean Dominique Olharan paubetarrak eta Thibault Basque bidartar gazteak, B multzoan bigarren sailkaturiko Beaskoetxearen eta Lopezen aurka neurtuko dituzte indarrak, datorren astelehenean; otsailaren 6an, ostera, B multzoko lidertza eskuratutako Goikoetxea eta Etxeto A bultzoko bigarren sailkatuen aurka, hau da, Unai Lekerika eta Xabier Barandika gernika-lumotarren aurka, ariko dira.
Honakoak dira finalerdietako aurkariak: Olharan-Basque Beaskoetxea-Lopezen aurka, eta Goikoetxea-Etxeto Lekerika-Barandikaren kontra
Tambour, kantxara bueltan.
Bestalde, atzoko norgehiagokan aipamen berezia merezi izan zuen Tamborindegiren itzulerak. Belaunean min hartuta egon da ligaxkako partiduetan, eta Urko Lekerika gernika-lumotar gazteak ordezkatu du, Minvielleren bikotekide modura. Bere itzulera partiduan, maila txukuna erakutsi zuen Tambourrek, baina ez zen nahikoa izan garaipenaren lehian egoteko. Goikoetxeak, bere aldetik, finalerdietarako “beharrezkoa duen prestaketagaz” jarraituko du asteon.
Izan ere, Unai Lekerika gernika-lumotarragaz bikotea osatuko du, Durangon, Aritz Erkiaga ispastertarraren eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarraren aurkako partiduan. Ezkurdi pilotalekuaren berrinaugurazio egunean jokatuko dute partidu hori, datorren barikuan. Goikoetxeak sobera ezagutzen ditu bai bikotekide izango duena, bai bere aurkari biak. Izan ere, Lekerika arerio izango du Gernika-Lumoko neguko astelehenetako finalaurrekoan, eta Erkiaga eta Zabala, aldiz, iazko garaileak dira, aurten lehiaketatik kanporatuta geratu direnak.