Putzurik ilunenetik ere argia ateraz
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 8-22 galdu du Ohorezko Mailako hamargarren jardunaldian, VRAC Quesos Entrepinaresen kontra. Txapelketako liderraren kontra itxura ona erakutsi dute basurdeek, baina une batean ere ez dira egon garaipenaren jokoan. Hurrengo partidua hil ala bizikoa izango da: zuzeneko aurkaria den CR La Vilaren kontra jokatuko dute, zapatuan Urbietan.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 8-22 galdu zuen VRAC Quesos Entrepinaresen kontra zapatuan, Urbietan. Basurdeek ogibide gaitza eduki zuten Ohorezko Mailako hamargarren jardunaldian: egun ligako lidertzan dagoen taldearen kontra jokatu behar izan zuten. Valladolideko taldea aurtengo denboraldian partidu bakarra galduta iritsi zen Urbietara, eta, horrenbestez, norgehiagoka gogor eta lehiatua izateko osagai guztiak eduki zituen zapatukoak. Etxeko taldearentzat oso garrantzitsua zen VRAC bezalako talde boteretsu baten aurka itxura ona eta joko lehiakorra erakustea, datorren asteburuan CR La Vilaren kontra jokatuko duten partidu garrantzitsuari begira.
Egunotako euriteak gorabehera, Urbietako zelaigunea egoera bikainean egon zen zapatuan. Ez zuen basatza handiegirik eduki, eta hori abantaila izan zen VRACentzat, jokoari abiadura eta erritmo handia ezartzea ahalbidetu baitzion lehendabiziko unetik. Basurdeek defentsa sendoa eta joko oldarkorra agertu zuten, baina gabezia nabarmenak erakutsi zituzten jokaldiak borobiltzeko orduan. Azken metroetan, hain zuzen ere, ez ziren gai izan jokaldiak zukutzeko; kanpokoek, ostera, abilezia bikaina erakutsi zuten, eta markagailuan aurrea hartu zuten. Gainera, etxeko taldeak zeinbait hutsegite taktiko ere egin zituen, eta hori guztia alde eduki zuten Valladolidekoek.
Gernika RTko entrenatzaileak, Eduardo Maidaganek, lehen zatiko urduritasuna azpimarratu du: “Zelaian ondo kokatuta hasi genuen partidua, partiduaren gogortasunaren jakitun; jokaldiak amaitzeko egundoko zailtasunak eduki genituen, kasu askotan, jokalarien urduritasunagatik. VRACek, ostera, ez zuen barkatu gure hutsegiteetako bakarra ere ez, eta segituan hartu ziguten aurrea”. Liderrak 0-10eko markagailua ezarri zuen lehenengo minutuetan. Joko ona egin arren, etxeko taldeari asko zaildu zitzaion partidua. Dena dela, asmatu zuten aldeak apaltzen: 3-10. VRACek, bere aldetik, jokaldi onak egiten baina, batez ere, jokaldiak puntu bihurtzen jarraitu zuen, eta talde biak 3-15eko markagailuagaz joan ziren atsedenaldira. Aldageletatik itzultzean, Maidaganek taldea berregituratu zuen, zenbait aldaketa taktiko eginez. “Lehen zatian ikusitako hutsuneak zuzentzen saiatu ginen, hala nola, defentsan. Garaipena oso garesti egon arren, partiduari buelta ematen saiatzea eta, behintzat, punturen bat eskuratzea zen helmuga”, azaldu du.
Eduardo Maidagan: “Atsedenaldian lehen zatian ikusitako hutsuneak zuzentzen saiatu ginen, hala nola, defentsan”
VRACek, baina, ez zuen inongo aukerarik utzi, eta jokaldiak emaitzaz amaitzen jarraitu zuen. Maidaganek argitu du bigarren zatian, markagailua alde eduki ez arren, taldea “egoera onean” ikusi zuela: “Puntuazioak erakutsi ez arren, atsedenaldiko zuzenketak egokiak izan ziren, eta, arlo fisikoan ere, taldea sendo igarri nuen. Gainera, esango nuke egin genituen aldaketak zuzenak izan zirela”. Gernika RTren lantaldearen sakontasuna, VRACenaren aldean, “murriztuagoa” izan zen, eta horrek “eragin zuzena” eduki zuen partiduan. Itai Maruri gernika-lumotarra berreskuratu arren, Bertie De Bod hegoafrikarrak, Antton Zearreta busturiarrak eta Jon Gurtubaik ezin izan zuten jokatu. Hori gutxi ez, eta datorren asteburuko norgehiagokan ere ez ditu eskuragarri edukiko Maidaganek.
“Taldearen intentsitateak eta jarrerak behera egin ez zutela ikustea da zapatuko partiduko alderdirik baikorrena”
Minutuek aurrera egin ahala, basurdeen intentsitateak eta jarrerak ez zuen behera egin, eta horixe da zapatuko partiduko “alderdirik baikorrena”, entrenatzailearen arabera: “Aurtengo erronka nagusiak dira partidu osoari kontzentratuta eustea, jokoan oso sartuta mantentzea eta fisikoki maila ona erakustea; hori, behintzat, lortu genuen zapatuan, eta datozen zitei begira albiste oso positiboa dela uste dut”. 8-22ko markagailuagaz galdu ondoren baina liderrari, batez ere bigarren zatian, haginak erakutsita, Gernika RTko lantaldea jadanik hurrengo partiduari begira dago. Zapatuan, 16:00etan, CR La Vila talde valentziarra hartuko dute Urbietan.
Final zaporeko partidua.
Maiganek adierazi du datorren asteburukoak “final kutsua” izango duela. “VRACen kontra erakutsitako maila aintzat hartuta, seguru nago garaipenaren lehian ibiliko garela La Vilaren kontrakoan. Ligako bizirauteari begira, zuzeneko aurkaria da, eta, guk bezalaxe, oraindik ez dute garaipenik lortu aurten. Hil ala biziko partidua izango da, hortaz”. La Vila, hain zuzen, ligako sailkapeneko azken postuan dago, puntu barik; Gernika RT dute taulan aurretik, puntu bakarragaz. Horrenbestez, helburu bakarra edukiko dute basurdeek: Ohorezko Mailan jarraitzeko lehen urrats handia egitea. Horretarako formula argi askoa da: zuzeneko arerioaren kontra eta etxekoen aurrean garaipena eskuratzea.