Jarrera egokia, baina puntu eskasia
Lointek Gernika Bizkaiak 63-75 galdu du Spar Gironaren kontra, Malosten. Anna Montañanaren jokalariek, uneoro lehiakor agertu arren, ezin izan dute Emakumezkoen Endesa Ligako lidertzan dagoen talde kataluniarragaz.
Ligako liderraren aurka jokatzea ez da inoiz erraza. Horixe izan daiteke Lointek Gernika Bizkaiako jokalariek zapatuko norgehiagokatik atera dezaketen ondorio nagusia. Malosteko zaleen aurrean gogor saiatu ziren gernika-lumotarrak, baina beraien ekina ez zen nahikoa izan egun ligako lidertzan dagoen Spar Gironaren kontra, eta kataluniarrek garaipen sendoa poltsikoratu zuten, 63-75eko markagailuagaz. Partidu gaitza besteko esanguratsua izan zen asteburukoa. Izan ere, Girona da Erregina Kopan, martxoan, aurkari izango duten taldea; horrez gain, Superkopako egungo garailea ere bada. Etxeko zaleek lepo bete zituzten Malosteko harmailak, baina ez zuen balio izan garaipena eskuratzeko.
Maria Araujo izan zen lehendabiziko laurdeneko protagonista nagusia: hasi bezain pronto, hiru aldiz harrapatu zuen uztaia. Lointekek binaka erantzun zioten kataluniarren oldarraldiari, baina Sofia Da Silva hirugarren minuturako bi falta egina zen. Horrenbestez, barrualdeko rotazioak asko zaildu zitzaizkion Gernikari. Gainera, Brittney Sykesek talde bisitariaren laugarren hirukoa saskiratu zuen, 6-15eko markagailua ezarriz. Hutsarte baten ostean, Anna Montañana entrenatzaile valentziarrak estrategiaz aldatu zuen, Itziar Ariztimuño bilbotarrak kantxaratuz; defentsa sendotzea eta bertikaltasuna bilatzea hil ala bizikoa zen. Taktika horrek fruituak eman zituen: Gironaren saskiratzeak etetea lortu zuten etxekoek, baina arazoak zituzten puntuak eskuratzeko. Hamalauko aldea erakutsi zuen markagailuak lehen laurdenaren amaieran: 11-25.
Defentsan antolatu arren, Lointekek arazoak eduki zituen puntuak eskuratzerakoan
Bigarrenaren hasieran, Malostekoek defentsa lanari eusten jarraitu zuten, betiere erasoaldietan hobetu guran. Biak ala biak nahiatezkoak ziren markagailuan hurreratu ahal izateko. Brooque Williams estatubatuarrak, 9-2ko partziala eginda, 20-27ra eroan zuen Lointek eta kanpokoen entrenatzailea, Bernat Canut, hutsartea eskatzera behartu zuen. Etenaldi haren ondoren, baina, Girona indarberrituta bueltatu zen kantxara, eta Araujok bereak egiten jarraitu zuen. Bere saskiratzeek hamar tanto baino gehiagoko aldeagaz utzi zuten partidua, liderraren alde. Aldageletara joan orduko atera zitekeen ondoriorik baikorrena Gernika-Lumokoek partiduaren erritmoari eusten ziotela zen: 28-41.
Liderra, presiopean.
Atsedenaldia eta gero, etxeko taldea nagusi agertu zen bai erreboteetan, bai arlo fisikoan. Zentzu horretan, Rosó Buch kataluniarraren lana nabarmendu zen. Buchek 35-43koa lortu zuen, eta Girona estutasunetan sartu zen. Liderrak, baina, jakin zuen egoera gaitz hartatik berreskuratzen eta norgehiagoka interesatzen zitzaion eremura eroaten. Laia Floresek, Marianna Tolok eta Faustine Parrak bereak eta bi egin zituzten, eta 41-57ko alde erosoagaz mantendu zuten partidua. Lointeki, bere aldetik, asko kostatu zitzaion hiru jokalari horien presioari eustea eta etxekoen aurrean partiduari aurpegia erakusten segitzea.
Flores, Tolo eta Parra izan ziren Gironako jokalari nabarmenenak laugarren laurdenean
Laugarren laurdenaren hasieran, Montañanarenek beren aukera denak aprobetxatzeko azkenengo saiakera egin zuten, amaierarako sei minuturen faltan 8-2ko partziala lortuz. Dena dela, ez zen nahikoa izan Girona larrialdietan sartzeko. Araujo-Flores bikoteak bikain ulertu zuen elkar, eta min handia egin zion Lointeken defentsa lerroari. Malostekoek, ostera, adore erakustaldia egin zuten, eta moldatu ziren erritmoa mantentzen eta liderrari mezu argia bidaltzen, Erregina Kopara begira. Mezua bai, baina ez ligako garaipena: 63-75eko markagailu sendoagaz nagusitu zen Spar Girona. Lointek Gernika Bizkaiak, aldiz, presio gogorra eta jarrera egokia dituen talde gisa bukatu zuen zapatuko norgehiagoka. Emakumezkoen Endesa Ligako beste edozein talderen aurka, nahikoa izan zatekeen. Baina, goi-mailako kirolean gertatu ohi den legez, liderraren aurka jokatzea ez da inoiz erraza.