Elikagaien eta edarien ingurumen inpaktua neurtzeko Enviroscore algoritmoa sortu dute
Nature aldizkari zientifikoak Azti zentro teknologikoko eta Ku Leuveneko adituek garatutako Enviroscore izeneko ingurumen etiketatze sistema baliozkotu du. Elikadura produktuen ingurumen jasangarritasun maila komunikatzeko eta bereizteko oinarri zientifikoa duen lehen soluzioa da.
Salmenta puntuan elikagaien eta edarien ingurumen inpaktu erlatiboa neurtzeko Azti zentro teknologikoko eta Ku Leuveneko adituek sortutako Enviroscore ingurumen etiketatze sistema babestu du Nature zientzia aldizkariak. Hau da, argitalpenak elikagaien eta edarien ingurumen inplatua neurtzeko adituek sortutako algoritmo berritzailea baliozkotu du.
Adituek zehaztu dutenez, metodo honek kontsumitzaileei produktuen jasangarritasunari buruzko informazioa ematen die, “eta zegoen hutsune bati erantzuten dio, zientifikoki eraginkorrak eta bideragarriak diren metodoei dagokienez”. Hain zuzen ere, ingurumen inpaktua neurtzeko 16 kategoria desberdin hartzen ditu kontuan sistema berriak, eta EBren arabera berrienak eta egokienak diren adierazleetan oinarritutako puntuazioa ematen du, 5 mailatan banatuta: A, B, C, D eta E.
“Metodo konbentzionalek ingurumen inpaktuaren kategorietako bat baino ez dute jakinarazten, eta kategoriarik ohikoena klima aldaketa izaten da. Gure soluzioak, aldiz, puntuazio bakarrean 16 kategoria desberdin hartzen ditu kontuan; hala nola, klima aldaketa, azidotzea, lurzoruaren erabilera edo uraren erabilera”, adierazi du Maite Cid Aztiko ikertzaileak. Dioenez, sistema baliozkotzeko, Aztiko ikertzaileek elikagai mota ugaritan ebaluatu zuten indize horren eraginkortasuna, eta emaitzak ikusita, horiek bost mailatan sailkatzea erabaki zuten.
Emaitzek, adibidez, erakutsi zuten balio kate jasangarrienen atalean (A) laraja, zekale irina, soja edaria eta antzeko produktuak daudela, eta jasangarritasun txikieneko produktuen artean (E) behi haragia edo latako atuna daudela. “Oro har, Enviroscoren agerian geratzen da batez beste haragi produktuek inpaktu handiagoa dutela, edo hegazkin bidezko garraioak ere eragin negatiboa duela”, dio zientzialariak, eta, gaineratu du, produktu mota bakoitzean hobekuntzak ikusteko aukera ere eskaintzen duela sistema honek. “Ekoizpen mota, ontzi mota edo garraio mota alderatuta, azken puntuazioa erabat alda daiteke”, nabarmendu du Cidek.
Ondorioz, metodo “fidagarri eta eraginkor” baten sendotasuna eta sentsibilitatea baliozkotzea lortu dutela diote, izan ere, sistema berriak aukera ematen du ontziaren aurreko aldeko etiketa bati esker elikagai horren ingurumen inpaktua ezagutzeko.
Bizi zikloa aztertzea.
Manufakturako beste sektore batzuetan ez bezala, zientzialarien berbetan, elikagaien ekoizpena “oso heterogeneoa” da efizientziari, ekoizpen praktikei, enpresaren tamainari edo urtarokotasunari dagokionez. Izan ere, azken produktu batek ingurumen errendimendu desberdinak izan ditzake, jatorriaren edo ekoizpen prozesuaren arabera, besteak beste. “Adibidez, nekazaritzako praktiketan hobekuntzak dituzten produktuek, energia eta ura aurrezteko estrategiek, elikadurako hondakinak murrizteak edo banaketaren distantziak laburtzeak nabarmen murriztu lezake ingurumen degradazioa”, azaldu dute adituek.
Ondorioz, diotenez, ingurumenaren degradazioa murrizteko eta Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) lortzeko “oso garrantzitsua” da gaur egungo elikagaiak ekoizteko eta kontsumitzeko moduan “aldaketa handi bat egitea“: “Ildo horretan, Enviroscore bezalako sistemek ahalbidetzen duten bizi zikloaren azterketa egitea ingurumen inpaktuaren murrizketa posiblea identifikatzeko metodologia sendo gisa agertzen da”.