Ziraun taldearen lehen doinuak
Aurrera begira dagoen Ziraun musika talde berriak ‘Bizitza Baten Zirriborroa’ izeneko lehen kantua kaleratu du, eta asteburuan egingo du publiko bideoklipa. Gustu "oso desberdinak" dituzten musikariek sortzen dute Ziraun, baina doinu horiek taldekideen artean batzea eta uztartzea "erraza" izan dela onartu dute: "Denetarik entzuten dugu, eta gustu guztien baturaren emaitza da egin duguna".
Ekintzen eskoletan erakusten du bizitzak». Hala dio Ziraun taldeak kaleratu berri duen Bizitza baten Zirri-
borroa izeneko aurkezpen kantuak. Talde berria da Gernika-Lumokoa, gaztea, iraganari begiratu barik aurrera begira jarri eta doinu berriak kaleratzeko gogotsu dagoena. «Proiektu gaztea da, berria, gogotsu dagoena», diote Nerea Rute abeslariak, Ibon Bilbao Asier Morales gitarristek, Mikel Condek baxu jotzaileak eta Pello Arriolak bateriak.
Taldearen aurkezpena den singlea kaleratu berri duten arren, elkar «ondo» ezagutzen duten musikariak dira, lehenago ere elkarregaz hainbat eszenatokitara igotakoak. Belatz taldeko kide ziren Bilbao, Conde eta Arriola, baita Morales ere –azken txanpan–, eta Ziraun «talde berria» osatzea erabaki zuten udan.
Belatz desegin arren, pandemia garaian entseatzen jarraitu zuten laurek, euren kontura, abeslariaren faltan. «Ez genekien abeslaria aldatu eta talde berdinagaz jarraituko genuen edo beste talde bat sortzeko pausoa emango genuen ere. Azkenean, Nereagaz harremanetan jarri eta proiektu berri bati ekin genion», azaldu du Moralesek.
«Argi geneukan elkarregaz jotzen ondo pasatzen dugula, musika sortzea gustatzen zaigula eta gozatzeko gogo horregaz jarraitu gura genuela. Ez dugu norabide zehatzik eduki, baina sortzen jarraitu gura genuen». Eta hala egin dute. Talde berri bat sortzeko «ahalegina» egin eta soinu berriak asmatzea erabaki zuten iaz, talde berriari itxura berria emanez.
Belatzen hainbat kantu egokituz ekin zioten bideari. Rutek ahots doinu altua duelako egokitu behar izan zituzten kantuak, horiek mutil baten tonalitaterako eginak zeudelako. «Kantuak egokitu ditugu nire doinura, eta aldatu egin dira. Hala ere, gustura gaude egokitzapenagaz», dio abeslariak. Moralesek zehaztu duenez, taldea berritzerakoan soinu «indartsuak» bilatu dituzte: «Taldearen doinuen oinarria iluna da oraingoan, indartsua, baina Nerearen ahotsak distira ematen die kantuei».
Gustu «oso desberdinak» dituzten musikariek sortzen dute Ziraun, baina doinu horiek taldekideen artean batzea eta uztartzea «erraza» izan dela onartu dute: «Denok ditugu oso gustu desberdinak. Denetarik entzuten dugu, eta gustu guztien baturaren emaitza da egin duguna».
Arriolak dio «taldean lan egiten dakitela», denek gustuko duten zerbait sortzeko lan egiten dutela, alegia: «Moduren batean, egia esan, Ibon da sortzaile nagusienetakoa, ideia asko idazten dituelako. Gitarrentzako doinuak konposatzen edo idazten ditu, eta doinu horietan oinarrituta osatzen ditugu abestiak guk. Gustu desberdinak ditugu, baina badakigu taldean lan egiten, elkartzen eta denok gustuko dugun zerbait sortzen. Esango nuke inor ez dagoela disgustura egindakoagaz».
Ezagutzera eman
Gaur gaurkoz taldearen kantu bakarra dago entzungai, eta bihar kaleratuko dute horren bideoklipa. Hala ere, beste kantu batzuk sortze prozesuan daudela adierazi dute.
Zehaztu dute Bizitza baten Zirriborroa kantuagaz lehen pausoa eman dutela: taldea sortu dutela jakinaraztea. «Kantua grabatzeko aukera izan genuen abenduan, eta aukera hori aprobetxatu dugu, izan ere, jendeari erakutsi gura izan diogu taldea sortu dugula, eta kantu bat ere badaukagula», diote.
Aurkezpen kantuari jarraituta, aurrera begira daude, urte amaierarako disko bat kaleratzeko asmoz. «Urte amaierarako EPE bat kaleratzeko bezain beste kantu sortzea da gure asmoa. Apurka apurka set-list-a handitu gura dugu, gure kantu propio gehiago edukitzeko eta horiek erakutsi ahal izateko», diote Rutek eta Arriolak.
Aurrera begiratze horri buruz berba egiten dute singlean, eta taldearen egoeragaz bat datorren kantua dela esan daitekeen arren, Mikel Retolaza lagun eta bertsolariak «aspaldi» idatzitakoa da. «Hurrengo kanturen batean ere bere berbak erabiliko ditugu», aurreratu dute.
Grabaketa lanak, berriz, Jon Urriolabeitiagaz egin dituzte. «Bera izan zen Belatzeko lehenengo diskoaren ekoizlea, eta, disko horren soinua asko gustatzen zitzaigunez, oraingoan ere beragaz grabatzea erabaki dugu», azaldu du Arriolak. Zehaztu dute abenduko bizpahiru astetan grabatu zutela lana, eta emaitzagaz «pozik» daudela.
Hain zuzen ere, lehenengo kantu horri lagunek zein hurbilekoek emandako erantzuna «ona» izaten ari dela dio Moralesek: «Jasotako erantzuna ona izaten ari da». Hala eta guztiz ere, euren lana zabaldu gura dute, eta horretarako baliabideak bilatuko dituztela onartu dute; lehiaketaren batean parte hartzea, esaterako. Horretarako, baina, beste pare bat kantu sortu behar dituzte. «Ahalik eta leku gehiagotara zabaldu gura dugu gure lana. Apurka-apurka taldearen izena zabaldu gura dugu, eta maketa prest dugunean ahalik eta leku gehienetara aurkeztea da gure asmoa», diote, hasierak «zailak» izaten direlaren jakitun.
Singlea aurkeztuta, martxan jarri dira, produktu osatu bat eskaintzeko helburuagaz. «Behin lehen kantu bat edukita, errazagoa da taldearen estiloa definitzea eta sortzen jarraitzea. Hala eta guztiz ere, kantuagaz identifikatuta sentitu arren, ez da gure aurpegi bakarra», diote taldekideek.
Lehen zirriborroa idatzita dago, talde modura jarraitzeko konpromisoa daukate, eta egin dutenagaz «asebeteta» daude. «Kantua entzutea sekulakoa da. Denbora luzez egon gara geldituta, eta zerbait sortu eta kaleratu dugula ikustea poztekoa da», diote Zirauneko musikariek.