Urdaibai, "mosaiko erraldoia"
Joseba del Villar argazkilariak Urdaibai Biosfera Erreserban egindako 30 argazki inguru ikusgai jarri dituzte Ekoetxea Urdaibain; doan bisitatu daiteke erakusketa.
Joseba del Villar argazkilariak Urdaibai Biosfera Erreserbari buruz duen “ikuspegi berezi”» ezagutu daiteke Busturiko Ekoetxea Urdaibain jarri duten aldi baterako erakusketa berriari esker.
Biosferaren irudiak izeneko erakusketan 30 argazki inguru ikusi daitezke. Erakusketa doan bisitatu daiteke, eta martxoaren 26ra bitartean izango dute ikusgai.
Urdaibai “mosaiko erraldoi bat” da argazkilariarentzat: “Pertsonek, landareek, animaliek, harkaitzek eta paisaiek osotasun zatiezin eta eder bat osatzen dute leu honetan, gutxik bezala”. Gaineratu du Urdaibai Biosfera Erreserban hasi zela naturaren behaketak egiten, eta ordutik harenganako begitosuna sentitzen duela: “Asko gozatu dut Urdaibain, eta hala egiten jarraitzen dut, argazkilaritzarekin edo bere aniztasun harrigarriaren behaketa hutsarekin. Are gehiago, leku hau konpromiso pertsonal sendoa izan da niretzat; batez ere, bere balio natural ahulen defentsa, askotan mehatxatuak”.
Argazki asko. Ekoetxea Urdaibain ikusgai dauden argazkiek del Villarrek bertan bizitako “une zirraragarriak” islatu gura dituztela azaldu dute. Egileak, hain zuzen ere, bisitariekin partekatu gura dituen argazkiak jarri ditu, bere “ikuspegi estetiko bereziaren” bidez.
“Gainera, etorkizunerako espazio natural baliotsu honen kontserbazioaren premia larria transmititzea lortzen badut, helburua beteta egongo da”, nabarmendu du.
Joseba del Villar argazkilaria eta ekologian espezializatutako biologoa da. Argazkilaritzan naturari eskaini dio bere lana, eta lehentasuna eman dio kontserbatzeko grina transmititzeari, eta, bere ikuspegi artistiko bereziaren bidez, “gure ingurune naturalaren edertasuna” erakusteari. Argazki ugari egin ditu, eta bisitarien interpretazio eta harrera zentro askotan daude ikusgai, beste batzuk liburu eta argitalpen ugaritarako, baita ikus-entzunezko materiala ere. Sariak ere baditu, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren Biotxu saria, Natura Ingurunearen Kontserbazioaren alde egindako lanagatik.