Muruetako bidegorria argiztatzeko hitzarmena sinatu dute udalak eta aldundiak
Kontsumo txikiko LED teknologiadun 32 farola jarriko dituzte; Kamiñokoko oinezkoen pasabidetik Larrondo etxerainoko tartean hamalau Abrasolo bidearen irteeratik Flores etxerainoko tartean hamazortzi.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Muruetako Udalak hitzarmena sinatu dute Muruetako bidegorria argiztatzeko. Bi bi zatitan hobetuko dute argiztapena, hain zuzen ere: Kamiñokotik Larrondora eta Abrasolotik Flores Etxera.
Azaldu dutenez, kontsumo txikiko LED teknologiadun 32 farola jarriko dituzte. Lehenengo fasean, Kamiñokoko oinezkoen pasabidetik Larrondo etxerainoko tartean (560 m), hamalau LED kale-argi jarriko dituzte, eta bigarrenean, Abrasolo bidearen irteeratik Flores etxerainoko tartean (530 m), hamazortzi.
Muruetatik igarotzen den bidegorria 3,5 kilometroko oinezkoentzako ibilbidea da, eta oinezkoek eta txirrindulariek “asko erabiltzen” dute, baina argitazpen faltagatik argi gutxiago dagoen garaietan ezin dela erabili dio Muruetako alkate Julen Karrionek. Proiektua Bizkaiko Foru Aldundiagaz sinatutako hitzarmenari esker gauzatuko da. Hitzarmen horren bidez, proiektua gauzatzeko behar den finantzaketaren zati bat emango dio aldundiak udalari, 118.000 euro, hain zuzen ere. Lan horiek laster hasiko dituztela jakitera eman dute, ziurrenik datorren hilean.
“Ekintza horren bitartez azpiegituraren eta erabiltzaileen segurtasuna areagotuko da, ibilbidea askoz ere erakargarriagoa eginez eta inguruko pertsona guztien eta bisitarien erabilera-esperientzia hobetuz”, esan du Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatu Imanol Pradalesek.
Muruetako alkateak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza eskertu du, bidegorrian “argiztapenagaz daukaten arazoari irtenbidea” ematen laguntzeagatik; “arin eta eraginkor”. Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak eta Gorka Estebez Lurralde Garapeneko zuzendariak Muruetara egindako bisita eskertu du.
Muruetako “lehentasunetako bat” mugikortasun eta irisgarritasun segurua eskaintzea dela adierazi du alkateak. Bidegorria hobeto argiztatzea, gainera, “herritar askoren eskaera” izan dela aipatu du. Bidegorria, Muruetako auzoen arteko komunikaziorako “garrantzitsua” dela zehaztu du, eta herritarrei herritik mugitzeko zein kirola egiteko askatasun handia ematen dien bidea dela azpimarratu du . Gainera, “eskualde mailara begira dagoen azpiegitura bat” dela gogoratu du Karrionek, eskualdeko jende askok erabiltzen baitu.