Aritz Abaroa izango da berriro EAJren alkategaia Bermeon
Egungo Bermeoko alkateak dio orain arteko lan ildoari jarraituz, herri eta gizarte gisa dituzten erronkak betetzeko aukerak emango dizkien udalerri bat lortzeko lan egingo dutela.
Bermeoko EAJ-PNV Biltzarrak Aritz Abaroa alkatearengan duen konfiantza aho batez berretsi eta 2023ko maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako alkategai aukeratu du berriro ere. Hautagai guztiz egokia dela eta bermeotarrek zer nahi duten badakiela esan dute udalerriko alderdiaren ordezkariek: “Ziur gaude gogor lan egingo duela euren eskaerak betetzeko eta merezi duten kalitatezko etorkizuna ahalbidetzeko. Ez dugu zalantzarik, beraz, nahi dugun Bermeo sustatzen jarraitzeko pertsona aproposa dela. Alkate aparta izan dela erakutsi du”.
“Orain dela lau urte hasitako proiektuari jarraipena emateko berriro ere nigan erakutsi duten konfiantza harrotasun eta ohore itzela da. Orain arteko lerroari jarraituz, herri eta gizarte gisa ditugun erronkak betetzeko aukerak emango dizkigun udalerri bat lortzeko lan egingo dugu”, adierazi du Abaroak.
Jarraitu beharreko bidea oso argi dauka; bere helburu nagusia Bermeoko Udala gardentasunean, parte-hartzean eta kontu-ematean oinarritutako “kudeaketa eredu ireki” baterantz eramateko lanean jarraitzea da: “Dagoeneko herrian ilusioa sortzen ari diren proiektu ugari ditugu esku artean, etorkizunari ausardiaz begiratzeko aukera ematen diguten proiektu estrategikoak ditugu. Hori dela eta, Bermeoko eta Busturialdeko erantzukizun, zerbitzu publikoen hobekuntza, zorroztasun, auzoekiko babesa eta garapen ekonomiko eta sozialaren alde egiten jarraituko dugu”. Herria bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko “lekurik onenean” bihurtzeko lan egingo dute: “Gero eta herri politagoa nahi dugu, erakargarriagoa, eta ez naiz estetikaz bakarrik ari, herri biziaz ere ari naiz, jardueraz betea, etorkizunerako aukerez lepo eta maila guztietan ondo konektatua. Laburbilduz, bere esentziari leial zaion herri bat nahi dugu. Bermeo Abante nahi dugu”. Eta helburu horren barruan, erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du jeltzaleak.
36 urteko bermeotarra Euskal Filologian lizentziatua eta Teknologia Berrietan eta Hizkuntza Modernoetan graduatua da. Alkate izendatu zuten arte, 11 urtez aritu zen Euskaltzaindian ikertzaile lanetan. Alkatetzara heldu aurretik, jeltzaleen bozeramaile izan zen udalean lau urtez eta zinegotzi beste lau urtez.