Arantza Gaztañaga: "Bizitakoak nola sentitu ikasi dut"
Margolari bermeotarrak epilepsia erasoak ditueneko irudiak margotzen ditu koadroetan. Bermeotarraren erakusketa urtarrilaren 30era arte dago ikusgai, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean.
8 urtegaz diagnostikatu zizuten epilepsia.
Nire burmuinaren ezkerraldean kokatuta dagoen displasia konplexu batek sortzen duen epilepsia diagnostikatu zidaten. Epilepsia hori, gainera, eskuragarri dauden botika gehienekin kontrolezina zen eta da. Nire nerabezaroa emozionalki eta pertsonalki nire kondizioaren erruz momentu guztian aldakorra zen testuinguru batean hazteko gatazka izan zen. Hala ere, oraindik astean bizpahiru mareo izaten ditut. Nik bestelako moduak aurkitu ditut gaixotasuna kontrolatzeko, testuak idazten ditut, eta gero horiek margolan bihurtzen ditut. Benetako erreflexio bat egiten dut uneko pertzepzioaren arabera. Denok ez daukagu pertzepzio bera, gure eguneroko bizitzak modu batera edo bestera bideratzen gaitu.
Zein izan zen zure inflexio puntua?
Zaharberritze graduan sartu nintzen, eta bertan ikasi nuen artean gauza batzuk ezin direla ukitu. Hor ikasi nuen txarto nagoenean nik justu kontrakoa behar dudala, gauzak ukitu behar ditut. Nire lan nagusiena Gaur da egun horietako bat da, horrela deitzen da bilduma. Bertan azaltzen ditut nire sentipenak. Gero, arte graduan sartu nintzen, eta hantxe hasi nintzen nire pertzepzioak lantzen, modu pertsonalagoan.
Zer esan nahi du zuretzako arteak?
Niretzako artea ez da ihesbide edo irtenbide bat, nire gorputza gehiago eta hobeto ezagutzeko bide bat baizik. Bizitakoak nola sentitu ikasi dut, ez ditut bizitakoak modu bakarrean ikusten, horrelako egunak beste modu batera ikusten ditut. Ikusi, entzun edo ukitzen ditut, egun bakoitzean zentzumen batzuk edo besteak ditut garatuago. Horrela ezagutu dut nire gorputzari buruz gehiago, eta horrela jarraitu nahi dut, margolan gehiago eginez. Gaur da egun horietako bat testua izan da nire ibilbideko unerik garrantzitsuenetako bat, ildo horretatik tiraka egin dut nire bidea, horrela aurkitu dut nik nirea, behintzat.
Zelakoa da gauzatzen duzun prozesua?
Mareoak ditudanean irudi bategaz geratzen naiz nire buruan, argazki bat bailitzan. Gero, buruan dudan irudi hori ordenagailura pasatzen dut, argiago ikusteko helburuagaz eta, azkenik, margotu egiten dut. Hala ere, nik ikusten dudana nire buruan ez da irudi bakarra, bat baino gehiago dira txarto nagoenean, eta hori dena islatzen ahalegintzen naiz. Nire ibilbidean beste hainbat diziplina ukitu ditut, eskulturak, zeramika edota teknologia, adibidez, baina erosoena margolanena da. Denetarik egin dut.
Ezgaitasun intelektualak dituztenekin elkarlanean aritu izan zara, ezta?
Egia da, unibertsitatean arte eta teknologiako ikasleei arte sonoro eskolak ematen nizkien, soinuak arte bihurtzen genituen. Ezgaitasun intelektuala daukaten umeentzako pintura eskolak ematen ere aritu izan naiz. Azken batean, nire ustez, artetik kanpo sentitzen diren kolektiboei museoetan tokia egin behar zaie. Hain zuzen ere, orain nire tesi doktorala prestatzen ari naiz horren inguruan. Unibertsitateko beste irakasle batzuekin Zentzuak eta zentzuak proiektua ere jarri nuen martxan. Parte hartzaileei begiak estaltzen dizkiegu, eta beste zentzu batzuen bitartez aztertzen dute artea. Eskuragarritasun puntu batera heldu nahi dugu, eta ikusarazi zelan entzumen edo ikusmen arazoak dituzten pertsonek zelan gozatzen duten arteaz gozatzeko zentzumen bat gutxiago. Zabalik nago nire esperientziak beste artistaren bategaz konpartitzeko, ez ditut ateak ixten alde horretatik. Ikuspuntu berezia da nirea, baina beste arte batzuekin elkartu ahal dena. Adibidez, beste lankidetza mota batzuk dira, baina eskaintzak izan ditut margo irakasleen aldetik nire ikuspuntua azaltzeko, bestelako arte motak daudela erakusteko. Azkenean, bakoitzak bere bidea aurkitu behar du, nik nirea daukat, eta nire esperientzia gainontzekoentzako lagungarria izan daitekeela uste dut.
Orain kultur etxeetara eman duzu jauzia. Noiz erabaki zenuen zure artea zabaltzea?
Urtebetean hamar obra egin ditut. Bakoitzak bere sorkuntza prozesua dauka, eta normala den moduan, tamainaren arabera denbora gehiago edo gutxiago behar dut azken emaitzara heldu arte. Txarto egon naizenean, oroitzapenak geratzen zaizkit, telebistaren aurrean banengo bezala irudi bategaz geratzen da nire burua, pantailako momentu bategaz. Hori da margotzen dudana. Irudia, berriz, mugikorra izan daiteke, ez da irudi finko soil bat bakarrik. Orain dela urtebete hasi nintzen erakusketa prestatzen, eta dagoeneko Bizkaiko hainbat tokitan erakutsi ditut nire lanak, azken lekua Bakio izan da. Markina-Xemeinen egon ondoren, nire herrira bidaiatuko dute nire lanek; martxoan Bermeon erakutsi nahi ditut. Gipuzkoa aldera ere joan nahi dut, eta Eskoriatzan egongo naiz.
Ze helburu lortu nahi dituzu?
Niretzako oso zaila den zerbait lortzen saiatu naiz: margolan eta eskultura toke batzuekin nire zentzumenak aztoratuta daudenean erakusten didatena azaldu. Gogoraezina dena gogoratzen saiatzen naiz. Gainera, niretzako bereziki, nire barnean bizi diren deabruekin adiskidetzen laguntzen dit. Nire kondizioak guztiz aldatzen du nire pertzepzioa. Sarritan, minutu batetik bestera nire ikusmena, entzumena, ukimena, dastamena eta usaimena aldatu egiten dira, eta hori gertatzen den oro nik erreala ez den mundu sakon batean murgiltzen naiz. Hala ere, hain sinesgarria da sentitzen dudana, mundu fisiko eta errealetik ateratzen nauela. Horregatik hasi zitzaidan gaur egun pertzepzioaren inguruan dudan interesa. Izan ere, pertzepzioa egunero dugun zerbait arrunta bezala hartzen dugu, baina hau, zailtasun handirik barik, aztoratu egiten da. Sukarrak, kolpe batek, hainbat sustantzien kontsumoak edo, nire kasuan den bezala, alterazio neurologiko bat nahikoa izaten da gure pertzepzioa aldatu eta aurka jartzeko.Nire lana nire hobby-a izatearen zortea dut, eta horrela jarraitu nahi dut Euskal Herri osora arte nire irudikapenak eta artea zabalduz.
Zelako harrera izan dute zure margolanek?
Nire obrak ikusi dituztenek diote zerbait desberdina ikusi dutela, ezin dezaketela guztiz azaldu zer den ezberdina den hori, baina ez dela gainontzekoa modukoa. Arte figuratiboa edo abstraktukoa izan daiteke, baina nireak biak uztartzen ditu. Alde figuratiboa dute nire lanek, baina aldi berean abstraktuak dira. Harrera positiboa izan da