Narrazio laburren lehiaketa abiarazi du Erroxape Emakumeen Elkarteak
Euskarazko zein gaztelerazko kontakizunak aurkeztu daitezke, eta 18 urtetik gorako edozeinek parte hartu dezake. Lanak aurkezteko azken eguna otsailaren 17a izango da.
Bueltan dago Bermeoko Erroxape Emakumeen Elkarteak antolatzen duen narrazio laburren lehiaketa. Parte hartu gura dutenek otsailaren 17ko 20:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte lanak.
18 urtetik gorako edozein gizon zein emakumek parte hartu ahalko dute narrazio laburren lehiaketan, eta kontakizunak, euskaraz zein gazteleraz izan daitezke, betiere, inoiz argitaratu bakoak izan beharko dira eta jatorrizkoak. Kontakizunetarako gaia emakumea izango dela zehaztu dute.
Parte hartzaileek zenbait baldintza bete beharko dituzte lehiaketara aurkezteko orduan. Hala, kontuan izan beharko dute kontakizunak orrialde bakarrean idatzita egon beharko direla, eta nahitaez, hutsune bikoitzean. Horrez gain, orrialde bakoitzak ezin izango du 1.200 karaktereko muga gainditu, eta, gutxienez, lau eta gehienez sei orrialdetako luzera duten lanak izan beharko dira. Aipatutako irizpide horiek betetetzen ez dituztenek, zuzenean lehiaketatik kanpo geratuko direla azaldu dute antolatzaileek.
Beste alde batetik, parte hartzaile bakoitzak kontakizunaren hiru kopia aurkeztu beharko ditu; lanak, izenburua eta egilearen ezizena daroan kartazal itxi baten barruan aurkeztu beharko dira. Kartazal horretan, gainera, lana bera ez ezik, egilearen datuak (izen-abizenak, helbidea eta telefonoa) biltzen dituen beste kartazal bat sartu beharko ditu interesatuak. Elkartetik jakinarazi dutenez, lau lekutan utzi daitezke lanak: Erroxape Elkartearen egoitzan (Erreten parkean), udal liburutegian, Gizarte eta Kultura Etxean edota Bermeoko 115 posta kutxan.
Antolatzailek esan dute, epaimahaiak egile bakoitzaren lan bat bakarrik saritu ahalko duela, eta saria hutsik geratzea ere posible liteke. Epaimahaiko kideak, gainera, ezin izango dira lehiaketara aurkeztu.
Euskara zein gaztelerazko lehenengo saridunek 250 euroko saria eta oroigarria jasoko dituzte saritzat, bigarrenek 150 euro eta oroigarria eta finalistek oroigarria. Sari banaketa ekitaldia martxoaren 8ko ekintzen barruan egingo dutela zehaztu dute.