Lurgaiakoek Muruetan landaketa egiteko hitzordua ipini dute
Urtarrileko azkenengo asteburuan Muruetan eta Ziortza-Bolibarren landatuko dituzte, eta parte hartzeko aurretiaz izena eman behar da.
2023a jardunaldi gehiagogaz hasi du Lurgaia Fundazioak. Aurreko astean Mañarian hasi zuten urte berria, eta, aste honetan, berriz, Soraluzen ariko dira landatzen. Urtarrileko azken astebururako bi hitzordu ipini dituzte: hilaren 27an Muruetan eta 28an Ziortza-Bolibarren.
“Muruetara goaz berriro, eta han, Biosfera Erreserbaren bihotzean, zaintzapean kudeatzen dugun lursail bat zaharberritzeko lanak amaituko ditugu”, azaldu dute. 09:30ean Kamiñoko jatetxeko aparkalekuan elkartuko dira.
Biharamunean, Ziortza-Bolibarko Elosuko basoan 3,6 hektareako lursail bat lehengoratzeko proiektuarekin hasiko dira udalarekin elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondarearen laguntzei esker. 09:00 etan frontoiaren ondoko aparkalekuan batuko dira basora joateko.
Bi landaketetarako derrigorrezkoa da aldez aurretik izena ematea, info@lurgfaia.org posta elektronikora mezua bidalita. Bertan, izen-abizenak, adina, udalerria eta telefono mugikorraren zenbaki bat (ezustekoetarako bakarrik) zehaztu behar dira: “Izena eman behar da; ezin da joan plazaren berrespenik gabe”.
Deialdiagaz batera, aurrekoetan modura, oraingoan ere hainbat gomendio luzatu dizkiete parte hartu gura dutenei. eguraldiaren aurreikuspenaren arabera, mendiko edota uretarako oinetako eta arropa aproposak eroateko esan dute, bai eta ura eta gura duenak jateko zerbait ere.