Liderrari ezustekoa emateko prest
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Ohorezko Mailako lidertzan dagoen taldea, VRAC Quesos Entrepinares, Urbietan hartuko du zapatuan, 16:00etatik aurrera, txapelketako hamargarren jardunaldian. Etxean jarraian jokatuko dituzten bi partiduetako lehenengoa izango da Valladolidekoen kontrakoa.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak zita oso garrantzitsua dauka datorren asteburuan. Urbietan, etxeko ikusleen aurrean, Ohorezko Mailako hamargarren jardunaldiko partidua jokatuko dute, eta egun ligako sailkapeneko lidertzan dagoen taldea hartuko dute: VRAC Quesos Entrepinares. Partidua zapatuan izango da, 16:00etan hasita. Gabonetako etenaldiaren ondoren, Pozuelo Unión Rugby talde madrildarraren aurkako porrot mingotsagaz ipini zuen abian 2023a, eta, hortaz, Madrilgo kolpetik berreskuratzea eta aurtengo ligako estreinako garaipena poltsikoratzea bilatuko dute.
VRAC Quesos Entrepinares Real Ciencias Enersideren aurka 21-15 gailendu ostean iritsiko da Urbietako partidura
Aurrez aurre edukiko duten aurkaria, baina, goi-mailakoa izango da. Izan ere, VRAC Quesos Entrepinares egundoko denboraldia egiten ari da aurten, eta azken jardunaldia horren erakusle argi eta garbia da: Valladolidekoek 21-15eko markagailu sendoagaz irabazi zioten ligako garaipenerako hautagai den Real Ciencias Enersideri. Gainera, garaipenen dinamikari urte osoan eutsi diote: bederatzi partidutik, zortzi irabazi dituzte, eta guztietan itxura lehiakorra erakutsi dute. Horren guztiaren aurrean, basurdeek hauspotu egin beharko dute momentura arte erakutsitako maila, liderraren kontra garaipena eskuratzeko aukerak edukiko baldin badituzte.
Gernika RTko entrenatzailea, Eduardo Maidagan gernika-lumotarra, “itxaropentsu” ageri da partiduaren ataritan: “VRAC Quesos Entrepinares, gaur-gaurkoz, sasoirik onenean dagoen taldea dela esango nuke; horrenbestez, azken partiduetan baino hobeto aritu beharko gara, aukerei eusteko”. Denboraldi hasierako helburu nagusiak, hori bai, bizirik dirau: Urbieta gotorleku bihurtzea, etxean jokatzen dituzten norgehiagoketetan. “Gernika RT, taulan gorago edo beherago egonda ere, etxean edonori irabazteko gai den taldea dela frogatu behar dugu, zapatuko partidutik hasita”. Gainera, jardunaldi bi jokatuko dituzte jarraian etxekoen aurrean; hurrengo asteburuan CR La Vila taldea hartuko baitute Urbietan. Talde hori, hain zuzen ere, zuzeneko aurkaria da Ohorezko Mailari eusteari begira; sailkapeneko azken postuan dago, basurdeen ondoren kokatuta, eta ez du punturik lortu aurten. Gernika RTk, bere aldetik, puntu bakarra dauka, gaur-gaurkoz. Liderraren kontrakoa aho zapore gozoagaz bukatzea, beraz, “taldearen eta ikusleen motibazioari begira oso garrantzitsua” izango dela adierazi du entrenatzaileak.
Eduardo Maidagan: “VRAC Quesos Entrepinares, gaur-gaurkoz, sasoirik onenean dagoen taldea dela esango nuke”
Norgehiagoka fisikoa. Madrilgo porrotaren ondoren, basurdeek entrenamendu bi egin dituzte asteon. Lehendabizikoan, gimnasioan indarra landu zuten; bigarrena, ostera, zelaian aritu ziren. Egunotako euriteek Urbietako zelaigunea bustita utzi dute, eta horrek “gogortasun erantsia” emango dio partiduari. Maidaganek azaldu duenez, zapatukoa “talka fisikoa” izango da: “Lokatzak asko murriztuko ditu jokoaren erritmoa eta abiadura; partidua fisikoa eta kontaktu ugarikoa izango da. Beraien zelaia, Urbietakoa bezalaxe, belar naturalezkoa den arren, normalean ez da hemengoa bezainbeste bustitzen; zentzu horretan, gu ohituago gaude egoera horretan jokatzera, eta geure alde baliatu beharko dugu abantailatxo txiki hori”.
Bertie De Bod hegoafrikarra ez da jokatzeko moduan egongo, baina bai, ostera, Itai Maruri gernika-lumotarra
Entrenatzaileak adierazi du rotazioak nagusi izango direla zapatuan. “VRACek jokalaririk adierazgarrienak azken minutuetarako gordeko ditu, eta guk ere zenbait rotazio egingo ditugu”. Zentzu horretan, Pozueloren kontrakoan Bertie De Bod hegoafrikarrak min hartu zuen, eta ez da liderraren aurkako partidura sasoiz iritsiko; bestalde, Itai Maruri gernika-lumotar gaztea, bere lesiotik berreskuratuta, eskuragarri edukiko du Maidaganek. Basurdeen estrategia presioan oinarrituko da, entrenatzailearen arabera: “Baloia dugunean, kontaktura jo beharko dugu: entseguak ez badira, gutxienez uztartzeak lortzea bilatuko dugu, eta horretarako beharrezkoa izango da plakatzeetara segurtasunagaz sartzea. Beraiek jokaldiak egitean, berriz, presioa egin beharko dugu; VRAC moduko talde bati ezin zaizkio metro libreak utzi, emaitzak lortzeko abilezia handia baitu”.