"Gehien harritu nauena kide denen gerizpeko lan guztia da"
Iban Martin Delgado gernika-lumotarra auxiliar eta masajista lanetan ari da Euskaltel Euskadi taldean. Cambrilsen egon berri da, taldeko denboraldiaurreko kontzentrazioan.
Zelan iritsi zinen Euskaltel-Euskadi taldean behar egitera?
2021ean sortu zen hartu-emana. Ni Gernika-Lumon masajista lanetan nenbilen, eta irakasle ohi batek deitu zidan; pertsona horrek taldeko masajista bat ezagutzen du, eta hark esan zion taldean auxiliar aritzeko pertsona baten bila zebiltzala. Halaxe ipini nintzen harremanetan Euskaltel-Euskadigaz. Behin hasita, atoan ipini nintzen martxan: denboraldi hartan 50 egun inguru egin nituen lasterketetan.
Espero al zenuen txirrindulari talde batean amaitzerik?
Egia esan, bai. Ikasketak egin nituenean, banekien horrelako talde batean, behintzat, atea jotzeko aukerak edukiko nituela; espero ez nuena da beraiek nigaz kontaktatzea eta, gainera, hain goiz. Baloratu nuen beste aukeretako bat futbol talderen batean amaitzea zen, baina ez zitzaidan hain erakargarria iruditzen: ez nengoen prest asteburu guztiak sakrifikatzeko, eta monotonoa iruditzen zitzaidan. Kirol honetan, sikiera, bidaiatzeko eta etengabe bizipen berriak pilatzeko aukera daukat. Horrez gain, betidanik izan naiz txirrindularitzaren zale amorratua.
Zelako taldea da Euskaltel-Euskadi?
Batez ere, topatu dudan giroa oso hurrekoa da. Egia da egunaren hogeita lau orduak eta gure indar guztiak taldearen beharrizanei eskaini behar dizkiegula, baina gustora egiten dugu, lantaldea oso dinamikoa eta atsegina baita. Bakoitzak bere egitekoak edota ardurak dauzka, baina, egunaren amaieran edota afalorduan, guztiok elkarregaz biltzen gara, eta taldea barik ia-ia lagunarte edo kuadrilla dirudi.
Zerk harritu zintuen gehien, taldera ailegatu zinenean?
Gerizpeko lan guztia. Kanpotik badirudi kide bakoitzak bere eginbehar partikularrak dituela. Masajisten kasuan, esate baterako, edonork pentsatuko luke ziklistei masajea emateaz besterik ez garela arduratzen. Baina hori ez da inondik inora ere horrela: taldeko kide guztiek laguntzen dute egiteko denetan. Masajistok, hain zuzen ere, auxiliarrak ere bagara: taldeko auto, furgoneta edota autobusak gidatzen ditugu; janariaren eta edari potoen ardura dugu; hotel batetik besterako lanak egiten ditugu; anoa postuetan egoten gara; gosariagaz laguntzen dugu; mekanikariei behar duten guztian esku bat botatzen diegu.
Ba al dago arreta bereziki deitu dizun taldeko txirrindularirik?
Ez nuke bat nabarmenduko. Harritu ninduena da zelako zorroztasunez jagoten duten ñabardurarik txikiena ere; euretako asko behin eta berriro ibiltzen dira bizikletaren neurriak txekeatzen. Oro har, jende umila, langilea eta lasaia dira. Gainera, taldeak argi eta garbi du ziklistek, taldeko epizentroa izan arren, staffeko kideekiko errespetu handia eduki behar dutela; arduradunek hori eskatzen diete, gure lan guztia beren mesedetan baita. Beraz, ziklistek bikain tratatzen gaituzte.
“Otsailean, hilabete bakarrean, hiru kontinentetan lehiatuko dugu”
Mundu osoan zehar bidaiatzea ere zure lanpostuaren onuretako bat izango da, ezta?
Noski. Baina, mundu osoan zehar ibili arren, argitu behar da auxiliarrok ez dugula astirik izaten turismoa egiteko. Hori bai, toki ezberdinetatik ibiltzeak egundoko aberastasuna ematen du: denetariko pertsonak, egoerak nahiz errealitateak ezagutzen dira. Aurtengo otsaila, esate baterako, oso berezia izango da: hilabete bakarrean hiru kontinentetan lehiatuko dugu.
Ezagutu dituzun herrialdeetatik, zeinek deitu dizu arreta?
Adibidez, Omanek. Egon naizen herrialderik bestelakoena da, kontrasteari dagokionez: oso deigarria egin zitzaidan botere ekonomiko hain handia duen jendea eta muturreko pobrezian bizi dena hain pilaturik ikustea. Ez da gehien gustatu zitzaidan tokia, baina bai, beharbada, gehien talka egin zidana.
Goi mailako taldeekin aurrez aurre lehiatzen duzue. UCI World Tour edo lehen mailatik, zeinek harritu zaitu gehien?
Denak egitura handiak dira, baina, bat esan beharko banu, Ineos Grenadiers taldea aipatuko nuke. Aurrekontu, azpiegitura eta antolakuntza aldetik, munduko talderik pisutsuena da, eta hori parte hartzen duten edozein lasterketatan ikus daiteke. Adibidez, proba batera guk hiru kotxe daramatzagunean, beraiek sei eroaten dituzte; oro har, harrigarria da izen horren atzean zenbat eta zenbat langile mugitzen diren ezagutzea.
Denboraldi hasieraren ataritan, talde kontzentrazioa egin berri duzue Cambrilsen. Zertarako balio dute horrelakoek?
Hilaren 11tik 18ra bitartean egon gara, urteari hasiera emanez. Urteko lehen kontzentrazio horretan helburuak dira kide berrien integrazioa sustatzea, eguraldi onagaz kalitatezko entrenamenduak denek batera egitea, egutegiak finkatzea eta bestelako behar espefizikoak egitea. Goizean goiztik gauera arte lanean egoten gara, baina lehiaketa sasoian baino lasaiago hartzen dugu egunerokotasuna.
“Gehien gustatzen zaidan lasterketa Euskal Herriko Itzulia da”
Zeintzuk dira zure ogibidearen alderik onenak eta txarrenak?
Onena toki berriak ezagutzea, lantalde bikain bategaz behar egitea eta bizipenak pilatzea da; txarrena, ostera, errepidean ordu pila bat egin beharra da, horrek dakarren arriskuagaz.
Zehaztu al duzu aurten edukiko duzun egutegia?
Udaberria arteko blokekoa, bai. Taldeko aurkezpena eginda, Valentzian, Saudi-Arabian, Portugalen, Ruandan, Belgikan eta Katalunian ariko naiz; lehen blokea, ostera, etxean amaituko dut, Euskal Herriko Itzulian.
Zein lasterketa ezagutu gura zenuke?
Gehien gustatzen zaidana Euskal Herriko Itzulia da, zalantza barik. Dena dela, Espainiako Vueltan errepikatzea, Norvegiako Itzulia ezagutzea eta Flandriako Itzulia edo Paris Roubaix moduko klasiko handiak deskubritzea gustatuko litzaidake.