Edukiontzi marroiari buruzko informazio kanpaina egingo du Muruetako Udalak
Udaletik azaldu dutenez, diptiko dibulgatzaile bat banatuko dute aste honetan, informazioagaz eta udalerriko mapa bategaz.
Muruetako Udalak hondakinen gaikako bilketa osatu du hondakin organikoa batzeko edukiontzi marroiak jarrita; zazpi edukiontzi marroi jarri dituzte, herriko auzoetan banatuta. Orain, Muruetako herritar guztiek zaborra bereizten ikasi eta birziklatzeko aukera izan dezaten, kontzientziazio kanpaina abiarazi du udalak.
Hala, azaldu dutenez, diptiko dibulgatzaile bat banatuko dute aste honetan. Aipatu diptiko horretan, konposterako edukiontzi marroiaren funtzionamenduaren berri emango dute, eta, horrez gain, udalerriko mapa bat edukiko du. Mapa horretan, zabor edukiontziak dauden herriko zazpi puntuak adieraziko dituzte, eta kolore kode bat erabilita adieraziko dute zeintzuk dauden eskuragarri herriko puntu bakoitzean.
Birziklatzeak daukan garrantziari buruzko sentsibilizazio kanpaina dela esan du Muruetako alkate Julen Karrionek, baita ere herritarrek hobeto ulertzeko: “Kanpainaren helburua da materia organikoaren edukiontziak zelan erabili behar diren azaltzea, baita ere Muruetan berrerabilera eta birziklapena areagotzea. Izan ere, udalerriaren irudia zikintzen duten kontrol bariko zaborren isurketegaz amaitu gura dugu. Herria garbi mantentzea herritarrekin batera egin behar den lana da; horregaitik, udaletik ahalegina egiten dugu zaborra biltzeari dagokionez ere beharrezkoak diren tresnak jartzeko. Udalerri txikia garen arren, gure bizilagunek hobeto hornitutako tokietako herritarrek dituzten aukera berberak izatea gura dugu, hondakinak birziklatzeko eta ingurumena zaintzen laguntzeko”.