Morgako hilerrian hainbat hobekuntza lan egin dituzte
Morgako hilerriko lanak amaitu dituzte. Udalak hainbat lan egin ditu bertako kaperan; itoginak konpondu dituzte, hezetasunak kendu eta margotu dute.
8.441 euroko ibertsioa egin dute; Espainiako Lurralde Politikako ministerioak 4.300 euroko diru laguntza eman dio udalari. “Itoginak zeudela ikusi genuen, eta, ondorioz, hezetasun arazoak sortzen zirela. Diru laguntza eskatu genuen, eta, orain amaitu ditugu lanak. Apur bat aurpegia garbitzea izan da, kapera berritu dugu: garbitu, margotu eta teila batzuk aldatu ditugu itoginak ez edukitzeko”, azaldu du Mari Tere Artetxe Barrena Morgako alkateak.
Lanokin batera, orain dauden zipres sikuak kenduko dituztela esan du: “Egun hauetan kentzeko asmoa daukagu. Sikatu egin dira, eta inguruan panteoiak daudenez, arriskutsua izan daiteke”.
Bestalde, udaletxean obra garrantzitsua egingo dute aurten, eta dagoeneko esleitu dutela jakinarazi du alkateak. “Irisgarritasuna hobetzeko” helburua daukate bertako lanek, eta “500.000 euroko inbertsioa” egin dute. Lehenengo solairuko zerbitzu batzuk beheko solairura lekualdatuko dituzte, eta, lehenengo solairuan, besteak beste, liburutegi txiki bat eta bilera gela bat egitea aurreikusi dituzte.