Kankinkabarako txistulariek ez dute eguraldia oztopo izan San Anton egunean
1844.urteko hiru pieza berreskuratu dituzte, eta atzo lehenengoz jo dituzte kalean.
Eguraldi zantarra egin zuen atzo, aterrune askorik barik. Hala eta guztiz ere, San Anton eguna ospatu beharra zeukaten Kankinkabara Txistu Taldeko kideek, eta mahoiak eta txapelak soinean jantzi eta kalera atera ziren atzo iluntzean.
Ohi legez, Lamerako Andeko tabernan hasi eta Portuzarrera abiatu ziren kalejiran. San Anton eguneko kalejira baliatu zuten gainera, berreskuratu dituzten zenbait pieza lehenengoz kalean jotzeko: San Juan, San Pedro eta La Madalena. 1844.urteko piezak dira Bermeoko txistulariek berreskuratu dituztenak, eta atzokoan kaleratu zituztenak.
Garai bateko ohitura berreskuratzeko lana egin dute Bermeoko txistulariek; izan ere, garai batean txistulariek agurtzen zituzten arrantzaleak portutik bertatik, eta haiek itzultzean modu berean ematen zieten ongietorria, bisiguak botatzen zizkieten, gainera. Behin ohitura berreskuratuta, atzo ere ez zuten hutsik egin gura, eta giro “oso ona” nagusitu zen. Bisiguren bat ikusteko aukera ere eduki zuten bertaratutakoek.