Garaile berriak edukiko ditu aurtengo Winter Seriesek
Aritz Erkiagak eta Jon Zabalak Jean Dominique Olharanen eta Thibault Basqueren kontra 1-2 galdu dute Jai Alai Winter Seriesko ligaxkako azkenengo jardunaldian. Porrot horregaz, txapelketatik kanporatuta geratu da Lea-Artibaiko bikotea. Finalaurrekoetan egongo dira, ostera, Xabi Barandika eta Unai Lekerika gernika-lumotarrak.
Aritz Erkiaga ispastertarra eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarra, Jai Alai Winter Seriesen lehen garaileak, ez dira berriro txapelketako garaipenaren lehian egongo aurten. Atzo, Jean Dominique Olharan paubetarraren eta Thibault Basque bidartarraren aurka 1-2 galdu zuten, eta lehiaketatik kanporatuta geratu ziren, Jai Alai frontoia lepo bete zuten 2.000 ikusleen aurrean. Olharanek eta Basquek, finalaurrekoetara sailkatzea guztiz ziurtaturik eduki arren, edozein aurkariren aurrean aurpegia erakusteko gai direla frogatu zuten; era berean, argi eta garbi utzi zuten Gernika-Lumoko neguko astelehenetako txapelketa irabazteko hautagai direla. Gainera, ligaxkan jokaturiko hiru partiduak irabazita eta A multzoko lidertzan igaroko dira finalerdietara. Erkiagak eta Zabalak, borondate erakustaldi batean, ez zuten beren larrua merke saldu, eta uneoro beren aukerei eusten saiatu ziren. Garaipenak baino ez zien balio lehiaketan aurrera egin ahal izateko, eta ez zuten helburua bete.
Norgehiagoka, beste astelehen batzuen aldean, mantso samar ipini zen abian. Olharan orain arte baino geldoago mugitu zen kantxan, eta ez zuen asmatu hainbat jokalditan. Hasierako ahulezia haren jakitun, Erkiaga sakeak probesten saiatu zen. Zabalak, bere aldetik, fisikoki Basque baino gehiago dela erakutsi zuen, eta bere pilotaka bortitzak izan ziren pilotalekuaren atzealdeko koadroetako protagonista nagusiak; Bidarteko gazteak, baina, egundoko partidua egin zuen eta, batez ere, ez zuen akatsik egin. Markina-Xemeingoak, ostera, pilotakada oso gaitzak eroan zituen, baina hainbat eta hainbat hutsegite egin zituen, partiduaren bilakaeran zeresan handia eduki zutenak.
Bizkaitarrek, 7-3koagaz, estreinako arrakala zabaldu zuten markagailuan, baina aurkariek ez zuten denbora luzerik behar izan aldeak apaltzeko, eta 11-10eraino hurreratu ziren. Dena dela, lehen setean Erkiagak egundoko protagonismoa eduki zuen, tanto ugari borobilduz. Hain zuzen ere, atzoko norgehiagokan hemezortzi tanto bukatu zituen Ispasterko aurrelariak. Bikote gorriak ahalegin guztiak egin zituen iazko titulua defendatzeko moduko bikotea direla frogatzeko, eta lehen setean 15-11 nagusitu ziren.
Lea-Artibaiko bikoteari asko korapilotu zitzaion partidua, bigarren seta jokoan ipintzeagaz batera. Izan ere, Olharanek eta Basquek estrategia aldaketa egin zuten, eta horrek fruituak eman zien: oldarkorrago jokatzeari eta jokoa atzealdean kargatzeari ekin zioten. Zabalaren maila, hain zuzen, ez zen nahikoa urdinen erasoaldiei eusteko, Erkiagak aurrealdean erakustaldia ematen jarraitu arren. Bigarren setean, markagailuak dantza egin zuen uneoro: 5-7, 7-9 y 9-13. Olharanek eta Basquek, baina, azken unean martxa bat gehiago eman zioten norgehiagokari, eta 11-15eko markagailuagaz irabazi zuten. Partidua, horrenbestez, berdinketa haustean erabakiko zen.
Hirugarren eta azken setean, presioa iazko garaileen lepotan zegoen. Aukera bakarra zuten: irabaztea. Helburu horren bila, bikain hasi ziren, tanto biko aldeagaz: lehenengoa Basquek huts eginiko horma biko bat izan zen; bigarrena, aldiz, Erkiagaren errebote bat. Nolanahi ere, hanka-sartze ugari egin zituzten jarraian, eta Olharanek eta Basquek ez zuten markagailuan aurrea hartzeko aukera alferrik galdu: 2-4. Jarrera erakustaldia eginez, Erkiagak, horma bikoa eta txik-txaka eginez, laura berdintzea lortu zuen. Azken tantoa izango zen, beraz, bizkaitarren sailkapenaren edota kanporaketaren epailea. Azken txanpa horretan, Erkiagak goitik behera eta zabalera jaurti zuen pilota, baina Olharanek errebeskadaz erantzun zion; erreboteraino bota zuen Paubekoak eta ez zuen inongo erantzunik jaso. Hortaz, 4-5 A multzoko liderren alde.
Gernika-lumotarrak, finalaurrekoetara. Olharanez eta Basquez gain, atzo garaile suertatu zen beste puntista bikote bat ere bada: Xabier Barandikak eta Unai Lekerikak osaturikoa. Erkiagaren eta Zabalaren kanporaketak, hain zuzen ere, finalerdietara sailkatu ditu Gernika-Lumokoak. Lea-Artibaikoek, aldiz, lehiaketari agur esan beharko diote, ligaxkan garaipen bakarra eta porrot bi jasota. Iazko garaileak beren ohiko mailatik behera ibili dira aurtengo ekitaldian, eta zortea ere ez dute lagun izan.