Euskal Karabanarako jakiak batzen hasi da Besalde
Aurten ere Busturialdeko hezkuntza zentroetara edo Bermeoko San Frantzisko elizako arkupeetara eroan daitezke elikagaiak.
Urtarrilagaz batera dator aurten ere Besalde elkarteak (Bermeo Sahararen Alde) Sahararen alde egiten duen janari bilketa. Piztu itxaropena lelopean, Euskal Karabana mugiaraziko duten 19. aldia izango da. Aurten ere azken urteetako formatuari eutsiko diotela jakitera eman dute antolatzaileek eta, beraz, aurten ere ez dituzte elikagaiak batuko eskualdeko denda eta supermerkatuetan.
Hain zuzen ere, elikagaiak Busturialdeko hezkuntza zentroetan batuko dituztela azaldu dute Besaldekoek. Interesa daukatenek urtarrilaren 27a (barikua) izango dute elikagaiak eroateko azken eguna. Beste alde batetik, aurreko urteetan egin modura, San Frantzisko elizako arkupeetan ere batuko dituzte jakiak hilaren 27a bitartean. Jakitera eman dutenez, arratsaldez hurbildu daiteke jakiak eroatera, 18:30etik 20:00etara. Aurreko urteetan modura, Euskal Herriko herrietan honakoak batuko dituztela zehaztu dute Besaldekoek: arroza, egoskariak, pasta, azukrea, hegaluzea oliotan eta sardinak. Garbitasunagaz zerikusia daukaten produktuak ere bidaliko dituztela adierazi dute, konpresak, esate baterako, “kanpamentuetan produktu mota hori lortzeak daukan zailtasuna kontuan izanik”. Halaber, Besaldek duen kontu korrontean ekarpen ekonomikoak egiteko aukera ere badagoela gogorarazi gura izan dute (ES62 2095 0314 3091 0499 5077).
Besaldekoek eskualdeko herritarrek urte hauetan guztietan izan duten “harrera eta eskuzabaltasuna” eskertu gura dituzte. Era berean, aurton ere parte hartzera animatzen dituzte herritar guztiak. Iazko kanpainan 4.110 kilo jaki batu zituzten eskualdean, eta norbanakoen diru laguntzak ere jaso zituzten; 710 euro batu zituzten guztira. Batutako diruagaz jakiak erosi zituzten. Iaz, gainera, osasun materiala ere batu zuten, baita ere gurpil-aulki bi eta hanka ortopediko bat.
Beste behin ere Piztu itxaropena Sahararen aldeko Euskal Karabanaren helburu nagusia zein den gogora ekarri gura izan dute: Herri sahararrari ahalik-eta elikagai kopururik handiena eramatea, hain zuzen ere, errefuxiatuen kanpamentuetan duten elikagai falta asetzeko: “Errefuxiatuen kokalekua eta eremu haren egoera bereziagatik, saharar errefuxiatuek Tindufeko (Aljeria) kanpamentuetan bizirik irauteko ezinbestekoa dute kanpoko laguntza. Saharar herriak 48 urte daramatza Aljeriako basamortu latzean, Marokok okupatutako euren benetako herrialdera noiz itzuliko zain. Basamortu horretan ez da ezer hazten, ez dago urik, ez elektrizitaterik, han erakundeek eta herriek bidalitako laguntzagaz baino ez dira bizi”.
Otsailean abiatuko da Euskal Karabana; Alacanteko portuan ontziratu eta Tindufeko kanpamentuetaraino. Hala ere, oraindik ez dute eguna zehaztu, ezta nondik aterako den ere. Euskadiko Saharar Ordezkaritzak zehaztuko ditu bi gauza horiek aurrerago.