Bizkaiko udalerrietan hondakinen kudeaketa eraginkorra eta iraunkorra sustatzeko laguntzak emango ditu aldundiak
20.000 biztanletik beherako udalek, gehienez, 80.000 euro jaso ahalko dituzte, eta 20.000 biztanletik gorakoek, berriz, 120.000 euro gehienez. Apirilaren 3ra bitartean eskatu daitezke dirulaguntzak.
Bizkaiko Foru Aldundiak konpostajea sustatzeko, zaborren gaikako bilketa areagotzeko eta berrerabiltzea eta hondakinen prebentzioa bultzatzeko udalentzako eta mankomunitateentzako laguntzen ildoa abiarazi du, beste behin ere.
Bizkaiko Foru Aldundiko egoitza elektronikoaren bidez eskatu beharko dituzte dirulaguntzak, eta apirilaren 3a izango da horretarako azken eguna. Jakitera eman dutenez , besteak beste hurrengo jarduketak finantzatuko dituzte: elikagaien xahuketarekin edo plastikoen erabilerarekin lotutako sentsibilizazio kanpainak; telekontrol eta identifikazio sistemak ezartzea; eraikuntza eta eraispen-hondakinak (EEH) kudeatzeko udal ordenantzak garatzea; edukiontzien erabileraren optimizazioa; berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko hobekuntza teknologikoak dituzten hondakinak biltzeko ibilgailuak erostea; hondakinak kudeatzeko eta/edo prebenitzeko tokiko planak idaztea edo edukiontziak erostea.
“Azken batean tokiko erakundeak motibatu eta lagundu gura ditugu, konpostajea sustatzeko, zaborren gaikako bilketa areagotzeko eta hondakinen berrerabilera eta prebentzioa sustatzeko”, azaldu dute aldunditik.
Aldundiak, denetara, milioi bat euro bideratuko ditu dirulaguntza horietara. 20.000 biztanletik beherako udalek 80.000 euro jaso ahalko dituzte gehienez, eta 20.000 biztanletik gorako udalek, berriz, gehienez 120.000 euro.