Arropa eta jostailuen bilketa solidarioa martxan dauka Ekoetxea Urdaibaik
Urtarrilaren 24ra bitartean erabilitako arropa eta jostailuak batuko dituzte zentroan, 10:00etatik 19:00etara.
Aurreko urteetan egin modura, Busturiko Madariaga Dorretxean kokatutako Ekoetxea Urdaibaik erabilitako jostailu eta arropa bilketa solidarioa egiteko gunea jarri du. Urtarrilaren 24ra (martitzena) bitartean gongo da aipatutako produktuak eroateko aukera, zentroaren ordutegian, 10:00etatik 19:00etara, hain zuzen ere.
Bilketa solidarioaren gunean utzitako erabilitako arropa eta jostailuak irabazi asmorik gabeko Koopera Ingurumen Zerbitzua elkarteak batuko ditu. Koopera giza ekimena sustatzen duen kooperatiba eta enpresa taldeak osatzen dute. Aipatu elkarteak ingurumen babesa eta giza berrikuntzaren inguruko ekintzak sustatzen ditu, eta era berean, bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsona horien laneratze eta gizarteratzea bilatzen du. Ekonomia Zirkularra bultzatzen duen elkartea da.
Ekoetxea Urdaibaik bultzatutako ekintzak helburu bikoitza duela diote; alde batetik, kolektibo behartsuenekiko laguntza eta solidaritatea adieraztea, eta bestetik, batzuentzat erabilgarriak ez diren materialak birziklatzea eta berrerabiltzea.
Iaz, guztira, 359 kilo batu zituzten; horietatik, 294 kilo jostailuak izan ziren eta 65 kilo arropa.