44.650 bisitarigaz, iazko "balantze positiboa" egin du Bakearen Museoak
Bisitari guztietatik 7.486 izan ziren Bizkai, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroakoak, guztien %16. Aurtengo urtea berezia izango da, apirilaren 8an 25 urte beteko direlako museoa zabaldu zutenetik.
44.650 bisitari jasota, Gernika-Lumoko Bakearen Museoarentzako urte “ona” izan zen 2022a. Museoko arduradunek balantze “oso positiboagaz” amaitu zuten urtea, bai bisitariei dagokienez, bai jarduerei erreparauta. Izan ere, 2019ko zifraren %84ra ailegatzea lortu zuten –museoko arduradunek data hori dute pandemia aurreko erreferentziatzat–.
Zehaztu dutenez, bisitari horietatik guztietatik 7.486 izan ziren Bizkai, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroakoak, guztien %16. Espainiakoak, berriz, 14.188 izan ziren (denen %31), eta 19.602 bisitari hurreratu ziren Europatik (%44). Museoko arduradunen arabera, 2.724 izan ziren kontinente amerikarrekoak –bisitari guztien %6–, eta 650 munduko beste leku batzuetatik Gernika-Lumora bertaratutakoak.
Museoko bisitariez gain, 255 ibilbide gidatu baino gehiago egin dituzte, eta 3.695 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute horietan. Hain zuzen ere, Memoritour Gernikan lau ibilbide desberdin eskaini zituzten iaz: Babeslekuei buruzkoa, Picasso eta Gernika lantzen dituena, Berreraikuntza garaikoa eta Biktimen omenezko monumentuak jorratzen dituena.
Memoritour horiek Bakearen Museoak antolatzen ditu, eta zehaztu dutenez, azken lau urteetan, 1.000 ibilbide baino gehiago egin dituzte eta 10.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute.
Denetariko jarduerak.
2022a publiko guztientzako jardueraz betetako urtea izan da museoarentzat, hezkuntza jarduerak, tailerrak, egun bereziak edota udalekuak berreskuratu dituztelako eta aldi baterako hiru erakusketa garrantzitsu erakutsi dituztelako: Desegindako oroitzapenaren aurrean: Memoria eta gerra Zibila (EHUgaz lankidetzan), Joaneko Txartela, eta Emakumeak eta haurra gerran dagoen Europan (Europako hainbat museo eta zentrorekin lankidetzan). “Jende ugari erakarri dute horiek guztiek”, azaldu dute museoko arduradunek.
Era berean, gogoratu dute museoak nazioarteko lau mintegi garrantzitsu antolatu zituela bonbardaketaren 85. urteurrena ospatzeko: Picassoren Guernicari buruzko mintegia, EHUgaz elkarlanean, MemoriArtean proiektu bateratuaren barruan; Memoria leku eta guneetako bitartekarien Eskola Iberoamerikarraren 2. edizioa, Txile, Argentina, Peru eta Mexikoko museoekin lankidetzan; Memoria eta turismo lekuei buruzko onlineko nazioarteko mintegia, Europako Memorien Behatokiarekin lankidetzan; eta, Italiak 36ko gerran izan zuen parte hartzeari buruzko nazioarteko mintegia, nazioarteko hainbat elkarte eta erakundeekin lankidetzan.
Halaber, sare sozial eta hedabideetan dibulgazio lanean aritu direla eta Espainiako eta Frantziako artxiboetan egiten duen ikerketa lanagaz ere segitu dutela diote.
“Urte oparoa izan zen jardueretan, eta, urteko azken egunetan, datozen ureetarako Europako hainbat proiektu onar daitezkeela jakinarazi digute, Europako eta munduko hainbat lekutako museo, unibertsitate eta entitateekin lankidetzan”, azaldu dute arduradunek. Hala, museoak zein Gernikak Europako memoria gaietako “erreferente” izaten jarraitzen dutela esan dute.
Aurtengo urtea, gainera, berezia izango da; izan ere, apirilaren 8an 25 urte beteko dira Gernikako Foruen plazan lehen aldiz museoa zabaldu zutenetik. “Bilakaera handia izan da museoak 25 urte hauetan bizi izan duena, zeinetan Gernikak memoria eta bakeari buruz egindako lan zabala ezagutarazi dien 700.000 pertsona baino gehiagori”, diote.