"Soldaten eta pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzeko eskaeragaz jarraituko dugu"
Bost urte horietan hainbat eskaera lortu dituzten arren, oraindik ere borrokatzeko milaka arrazoi dituztela diote pentsiodunek. "Harro" daude bidezkoa den aberastasunaren banaketaren aldeko borroka egiteaz
5 urte bete ditu pentsiodunen borrokak. Duela bost urteko urtarrilaren 15ean hartu zituzten lehenengoz herriko plazak, eta denbora tarte horretan hainbat eskaera lortu dituzten arren, oraindik ere borrokatzeko milaka arrazoi dituztela diote: “Gazteek eta adinekoek, jardunezko langileek, pentsiodunek edota gizonezkoek eta emakumezkoek eskakizun bera dugu: aberastasunaren bidezko banaketa, soldaten eta pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzea eta zerbitzu publikoak hobetzea”.
Izan ere, diotenez, “onartezina” da herritarrek finantza oligopolioen eta energia kudeatzaileen “mozkin errekorrak ordaintzea”, bizi kalitatearen igoerarekin. “Onartezina da gero eta pentsiodun gehiagok uko egin behar izatea oinarrizko premiak asetzeari; hala nola, etxe erosoak izateari, oassunerako eskubideari, elikadura osasuntsuari eta erretiroaren ondoren diru sarrera duin eta nahikoak bermatuta izateari”, gehitu dute.
Horregatik guztiagatik, azken bost urtean eskatzen ari diren “premiazko eta ezinbesteko” aldarrikapenak eskatzen jarraituko dutela ozen adierazi dute gaurko elkarretaratzeetan.
Borrokatzen jarraituko dute, baina ospatzeko arrazoiak ere badituztela adierazi dute. “Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendukoek lortutakoa ospatu egiten dugu”, diote. Izan ere, 2013ko PPren erreformen KPI (0,25) indargabetzea lortu dute, baita Pentsio Sistema Publikoa guztiz bideragarria dela erakustea eta Iraunkortasun Faktorea indargatzea ere. “Izan ere, aurten izango dugun % 8,5eko igoerak galdutakoa konponduko ez duen arren, gure borrokak lortu du”, gogoratu dute.
Pentsiodunak euria ari zein eguzkia izan, 230 astelehen goeroago ere kalean jarraitzen dute, pentsio “publikoak, duinak, bidezkoak eta eurentzako zein hurrengo belaunaldientzako nahikoak” izan daitezen eskubidearen alde borrokan.
“Harro” daude “bidezkoa” den aberastasunaren banaketaren aldeko borroka egiteaz eta erakunde sozial eta sindikalekin partekatzeaz, “baita zerbitzu publikoak hondatzen dituzten politika publikoak aldatzeko erreferente” izateaz ere. “Osasun publikoari eta mendekotasuna artatzeko zerbitzu soziosanitario publiko komunitarioei laguntzeko mobilizazioetan parte hartu dugu; Euskal Herriko 200 udal baino gehiagotan bankuzerbitzuetan aurrez aurreko arreta bermateko mozioak onartzea lortu dugu; eta langileen soldatak eta lan baldintzak hobetzeko borrokei elkartasuna adierazi diegu”, gogoratu dute, eta Euskal Herrian gizarte mobilizaziorako “erreferente” izatea lortu izana eta Espainiar estatuko beste herri eta lurralde batzuetako pentsiodunen elkarteekin mobilizazioak partekatzea ospatzen dutela diote.
Busturialdeko pentsiodunek datorren astelehenean Gernika-Lumoko Foruen plazan batzeko deia egiteaz gain, Muruetan inauguratuko duten osasun zentroaren aurrean batzeko hitzordua jarri dute.