"Ilusio bereziagaz" bueltan dator Bermeoko Herri Lasterketa herrikoia
Lasterketa herrikoia izateaz gain, solidarioa ere badela gogora ekarri dute; aurten bildutako dirua San Frantzisko herri ikastetxeko gela egonkorrak jasoko du.
Pandemiagatik bi urtez ospatu ezinik egon ondoren, bueltan dator Bermeoko Herri Lasterketa. Hala, aurtengo lasterketa “ilusio bereziagaz” antolatzen ari direla adierazi dute aurkezpenean Bermeoko alkate Aritz Abaroak eta Taraska Gazte-Zahar Taldeko kide Ana Uriartek eta Luis Gondrak. Aurtengoa lasterketaren hamazazpigarren aldia izango da, eta urtarrilaren 29rako (domeka) antolatu dute.
Aurrekoetako modura, adin guztietako herritarrek parte hartu dezakete. Gogora ekarri gura izan dute ez dela lasterketa lehiakorra, herrikoia baizik. Modu horretan, lau lasterketetan banatuta egongo da beste behin ere. Lasterketa guztiek irteera puntu bera izango dute: Lamera. Ordutegiak honakoak izango dira:
- Nagusiak (14 urtetik gora). 11:00etan egon beharko dute irteera lerroan, eta 7,2 kilometro inguruko ibilbidea egingo dute 11 eta 14 urte bitartekoek pertsona nagusi baten ardurapean edo gurasoen baimenagaz parte hartu ahalko dute.
- Gazteak (11-14 urte bitartekoak). 12:00etan hasita, 1.500 metroko ibilbidea egingo dute.
- Txikiak (7-10 urte bitartekoak). 12:10ean hasita, 800 metroko ibilbidea egingo dute.
- Umeak (3-6 urte bitartekoak). 12:40an hasita, 100 metroko ibilbidea egingo dute.
Taraska Gazte-Zahar Taldeko kide Ana Uriartek esan duenez, taldearen ametsa zen aurreko urteetako ibilbideak bere horretan mantentzea, herrian egiten ari diren lan desberdinengatik, baina, “posible liteke zertxobait aldatu behar izatea”. Hori, hala ere, oraindik ezin dutela zehaztu argitu du, eta dakiten bezain pronto zabalduko dutela: “Aukera desberdinak aztertu ditugu, baina saiatuko gara ahalik eta antzekoena egiten”. Umeen eta txikien ibilbideak aurrekoetako berdinak izango dira.
Dutxatzeko aukera. Lasterketa nagusian parte hartzen dutenek ura edateko aukera izango dute lasterketan zehar. Amaitzerakoan, berriz, parte hartzaileek opari poltsa bana jasoko dute, eta dutxatzeko aukera ere edukiko dute Araneko kiroldegian edota Artza frontoian.
Bermeoko Herri Lasterketa nagusian parte hartu gura dutenek Bermeoko Arane kiroldegian izena eman dezakete, eta horretan parte hartu gura duten 11 eta 14 urte bitartekoek ere bertan egin beharko dute izen ematea, pertsona nagusi baten ardurapean. Parte hartu gura duten herriko ume eta gazteek, berriz, izena eman beharko dute ikastetxeetan. Lasterketa egunean ere izena emateko aukera egongo dela azaldu dute, baina antolaketa lanak erraztu aldera, aurretiaz izena ematea gomendatu dute.
Herritarrek izena ematerakoan jasoko dituzte dortsalak. Umeei eta gaztetxoei, berriz, euren ikastetxeetan emango dizkiete zentro bakoitzeko arduradunek. Izena ematerakoan, umeek euro 1 ordaindu beharko dute, nagusiek, berriz, 2 euro. Bermeoko Herri Lasterketa solidarioa ere badela gogorarazi dute, eta, hortaz, aurten batutako dirua San Frantzisko herri ikastetxeko gela egonkorrak jasoko du, ikasleen artean kirol praktikak sustatzeko helburuz.
Beste behin ere proba egiteko daukaten herriko taldeen laguntza nabarmendu eta eskertu gura izan dute, bai eta boluntarioena ere. “Eurak barik ezin izango genuke lasterketa antolatu”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Era berean, babesleei ere esker ona adierazi die.
Zirkulazio aldaketak. Herri Lasterketaren egunean zirkulazio aldaketak egongo direla zehaztu dute, lasterketa bitartean. Hala, korrikalariak errespetatzeko autoak ahalik eta gitxien erabiltzea eskatu dute.
Alkateak nabarmendu du Bermeoko kaleek berriro ikusi sentituko dutela kirola: “Bermeotarrek hain gustuko duten ekimen honi berriro ekiteko irrikan gaude. Proiektu honek gobernu talde honen funtsezko helburuetako bat sustatzen ahalbidetzen digu, hau da, adin guztietako biztanleen artean bizimodu osasungarria sustatzea. Kirola herritarrengana hurbildu gura dugu, aktibo mantentzea zein garrantzitsua den azaldu gura diegu”. Horregatik guztiagatik, Abaroak adin guztietako herritarrak deitu ditu urtarrilaren 29an herri lasterketan parte hartzera.