Hutsegiteak ez dira barkatzen
Grupo Intxausti - Gernika Rugby Taldeak 36-14 galdu du Pozuelo Rugby Union taldearen kontra, kanpoan. Ohorezko Mailako egungo liderra, VRAC Quesos Entrepinares, hartuko dute datorren zapatuan, Urbietan.
Grupo Intxausti – Gernika Rugby Taldearentzat asteburu gaitza izan da. Pozuelo Rugby Union talde maldrildarraren kontrako Ohorezko Maila bederatzigarren jardunaldiko partidua jokatu zuten atzo, kanpoan. Basurdeek aurtengo ligako biziraupenari begira oso garrantzitsuak izango diren norgehiagoken segida ipini du abian Gabonetako geldialdiaren ostean, eta estreinako zitan kale egin zuten: 36-14ko markagailuagaz galdu zuten.
Eduardo Maidagan: “Pozuelokoek egin zuten hanka-sartze bakoitzeko, guk hiruzpalau egin genituen”
Lehendabiziko unetik, argi eta garbi geratu zen Pozueloko aurkariek beren larrua garesti salduko zutela, eta, bigarren minutuan, lehenengo entsegua jaso zuen Gernika RTk; Telmo Jauregi izan zen markagailua estreinatzeko arduraduna. Eduardo Maidagan entrenatzaile gernika-lumotarrak lehen zatiko jokoa “zoramena” izan zela adierazi du: “Talde batek ere ezin izan zuen partiduaren kontrola hartu, eta elkar jipoitu besterik ez zuten egin”. Dena dela, Maidaganek azaldu du madrildarrek akats gutxiago egin zituztela eta hori garaipena etxean geratzeko “gako” izan zela: “Beraiek egin zuten hanka-sartze bakoitzeko, guk hiruzpalau egin genituen; dinamika hori, jakina, ez da egokiena goi-mailako kirolean”.
Minutuek aurrera egin ahala, basurdeak, urte hasieran egindako behar gogorra azaleratu asmoz, gogor aritu ziren, baina ez zuten lortu hoberen zegokien intentsitatea ezartzerik; gainera, Pozuelok gehien interesatzen zitzaion erritmoa ipini zuen, eta madrildarrek markatu zuten jokaldi gehientsuenen nondik norakoa. Nagusitasun horrek isla nabarmena eduki zuen markagailuan; izan ere, Bautista Arranzek eta Jeronimo Pandelok beste entsegu bana egin zuten, eta bisitariei asko zaildu zitzaien kolpe hartatik berreskuratzea . Lehen zatiaren amaieran, 19 -0ekoa erakutsi zuen Valle de las Cañas zelaiko markagailuak. Dinamikak aldatu beharra zegoen, partiduari ihes egiten ez uzteko.
Jokaldiak zukutzea. Atsedenaldian, Maidaganek jokalariekin “terapia txiki bat” egin zuela argitu du: “Guztiok elkartu, eta geure jokoa errotik aldatu behar genuela ulertu genuen; estrategia berriak baliatu genituen, ez baitzen nahikoa joko ona egitea. Jokaldiak zukutzea eta maila hori markagailuan bistaratzea falta zitzaigun; hori lortzeko bidea zabaltzen saiatu ginen atsedenaldian”. Bigarren zatiaren hasieran, planteamendu aldaketak fruituak eman zituen: Johannes Gousek lortu zuen Gernika RTren lehen entsegua. Taldea markagailuan zertxobait hurreratu zen 22-7koagaz, baina ezin izan zituzten aldeak gura bezainbeste apaldu, Pozuelok ere ez baitzion entseguak egiteari utzi.
Seguru asko, egungo aurkaririk lehiakorrena da VRAC Quesos Entrepinares”
Basurdeen bigarren entsegua Tyran Edger Faganek egin zuen, baina etxekoek segituan beste bat lortu zuten. Lehen zatian ez bezala, aurkariari eusteko gai ziren Urbietakoak, baina ez, ostera, gailentzeko beste. Partidua 36-14ko markagailuagaz bukatu zen, eta basurdeak, beraz, esku hutsik bueltatu behar izan ziren. Hori bai, gogoa hurrengo partiduan ipinita dute dagoeneko. Izan ere, zapatuan, 17:00etatik aurrera, Ohorezko Mailako lidertzan dagoen VRAC Quesos Entrepinares taldea hartuko dute Urbietako zelaigunean. Ligako talderik sendoena eta sasoikoen dagoena dela adierazi du Maidaganek: “Seguru asko, egungo aurkaririk lehiakorrena da VRAC; beraz, geure mailarik onena erakutsi beharko dugu behingoz, eta ez Madrilen bezala”.
Valladolideko taldeak jokatu dituen bederatzi partiduetako zortzi irabazi ditu. Estatistika eta hautagai nagusi izateak beregain dakarren abantailatxoa, hortaz, alde ditu. Basurdeek, beren aldetik, partidutik “zerbait positiboa ateratzea” bilatuko dute. “Ondo dakigu aurkari horren kontra garaipena eskuratzea, gaur-gaurkoz, oso gaitza dela; hori bai, Gernika RTk Urbietan beti bere bertsiorik onena erakusten du, eta hori bilatu beharko dugu”, azaldu du entrenatzaileak. Partidu fisikoa espero du, oso borrokatua, eta Madrilekoaren “inongo antzik” edukiko ez duena: “Pozueloren belar artifizialdun zelai sintetiko hura oso aproposa zen jokoari abiadura eta erritmoa hauspotzeko; datorren asteburuan, baina, zelaia lokatzez beteta topatzea aurreikusten dugu, eta horrek fisikotasuna eta intentsitatea emango dizkio jokoari, hori baliatzen saiatu beharko gara”.
Hurrengo asteburuan, hilaren 28n, La Vila zuzeneko aurkaria hartuko dute, hori ere Urbietan. Zuzeneko aurkaria denez, partidu horretarako prestakuntza ere egin beharko dute datorren domekan, Maidaganen arabera: “Ez dugu ukatuko den-dena ematera zelairatuko garenik, baina, era berean, La Vilaren aurkakora motibazioz gainezka eta egoera fisiko nahiz mental hobean ailegatzeko baliatuko dugu domekako norgehiagoka. Taldeak bultzada behar du aurtengo ligan, oraindik edozer da posible, baina ezin gara azken jardunaldien pentsuan ibili. Gernika RT edozein egoeratan nortasun sendoko eta maila handiko taldea dela frogatu behar dugu”.