Euskal Herriko Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren hirugarren jardunaldia lehiatu dute Busturian
Euskal Herriko 8×8 Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren jardunaldi bat lehiatu zuten zapatuan (urtarrilak 14), Busturian.
Hain zuzen, txapelketaren egutegiaren hirugarren saioa izan zen, gizonezkoen 640 kiloko lehenengo jardunaldia izan zen, eta Beti Gazte talde nafarrak irabazi zuen.
Zortzi talderen artean erabaki zen kanporaketa. 8 puntu lortu zituzten Beti Gaztekoek, 7 puntu Gaztedikoek eta 6 puntu Zuraide Akoek. Jarraian sailkatu ziren Ñapurrak (5 puntu), Abadiño (3,5 puntu), Amaiur (3,5 puntu), Zuraide B (2 puntu) eta Ibarra (puntu 1).
Domeka honetan (urtarrilak 22), berriz, Burgeluko (Araba) kiroldegian lehiatuko dute kategoria horretako bigarren kanporaketa, eta, era berean, emakumezkoen 540 kiloko kanporaketa ere jokatuko dute. Hain zuzen ere, bi kategorietako finalak urtarrilaren 28an jokatuko dituzte Pobesen (Araba).
Otsaileko asteburu guztietan ere jokatuko dituzte Euskal Herriko 8×8 Goma Gaineko Sokatira Txapelketako hainbat kategorietako kanporaketak, eta martxoaren lehenengo asteburuan Abadiñoko eta Ibarrako jardunaldiekin amaituko dute txapelketa. Azkenengo egunean, 580 kiloko mistoko finala hartuko du Ibarrak.
*Argazkiak: Txebi Arriaga