New Team taldea gailendu da Astrako Warhammer txapelketan
Astran TOE txapelketarako baliogarria izango den Warhammer lehiaketa egin dute asteburu osoan zehar. Euskal Herriko zein Espainiar Estatuko jokalaririk onenak aritu dira bertan, eta New Team taldea suertatu da irabazle.
Gernika-Lumoko Astra kultur faktoria Warhammer jokoen habitat bihurtu da asteburu honetan. Izan ere, Euskal Herri nahiz Espainiar Estatu osotik bertaraturiko jokalaririk puntuakoenak hantxe lehiatzen aritu dira 2022-2023ko TOE txapelketarako baliogarria izango den lehiaketan. TOE, hain zuzen ere, Estatuko Warhammer jokalaririk onenak elkartzen dituen txapelketa da. Era berean, antolatzaileek argitu dute gaurko Astrako lehian, besteak beste, Europa mailan jokatzen aritutako lehiakideak ere egon direla. Osotara 90 pertsonatik gora ibili dira asteburuan zein baino zein gehiago. 378 puntu poltsikoratuta, New Team taldeak irabazi du Astrako txapelketa. Bigarren postuan, 360 puntugaz, Taller de Leonardo taldea sailkatu da. Podiuma Babuinos Estelares taldeak osatu du; 343 puntu eskuratu dituzte.
Zapatuan, 09:00etan hasi zuten jokoa, 18:00ak ingurura arte. Domekan, ostera, txapelketako bigarren eta azken eguna eduki zuten parte-hartzaileek, eta ez zen makala izan: 07:30etik 17:30ak aldera arte ibiliko ziren lehiatzen; amaieran, ostera, sari banaketa egin zuten. Lehiakideek azaldu zuten “etengabe gorantza” doan jokoa dela: “Bizkai Araba eta Gipuzkoan, hainbat klub sortzen ari dira, eta oso iradokitzailea da Gernika-Lumo bezalako udalerri ertain batean ere tankera honetako txapelketa bat antolatzea”.
Warhammer izenez ezagutzen den rol jokoak ñabardura eta xehetasun ugari barnebiltzen ditu, eta haatik bere konplexutasuna. Funtsean, estrategian oinarritzen da. Kutsu futuristadun jokoa da, 40.000. urtean finkatua. Erabiltzen diren figuretako bakoitzak ezaugarri eta puntuazio jakin batzuk ditu, 2.000 puntuko mugagaz; horren arabera, jokalari talde bakoitzak eta multzo bakoitzeko kapitainak, estrategiak ehuntzen ditu, partidan gailentzeko; gainera, dadoak ere erabiltzen direnez, zortea ere faktore esanguratsua izan ohi da.Era berean, Gernika-Lumon denetariko parte-hartzaile profilak egon ziren: batetik, figurak muntatu eta margoztu zituztenak baina lehiatu ez zutenak; bestetik, figuren sorkuntzari uko egin eta zuzen-zuzenean lehiara bertaraturikoak.